Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,September 9

Norena da gerizpea?

Filed under: Plazertxoak

Uda Euskal Herrian ematen dugunok ez gara eguzki printzak alferrik galtzeko moduan ibiltzen. Hori bai, ez zuen arrazoirik falta eguzkiak duen gauzarik onena gerizpea dela esan zuenak ere. Euritzarako guardasolik ere erabiltzen ez genuen sasoian sonbrila baten jabe inoiz izango ginenik amestu ere ez genuen egiten. Eta, bai, gertatu da. Umea ere oihalpe biribilean bero sapatik babestuko zen aitzakiarekin, geriza gozoari gustua hartu diogu, bizkor hartu ere.

Baina eguzkitakook ez dakarten prospektuaren FAQ atalean azaltzeko moduko tenorea bizi izan dut aspaldi ez dela. Zer egin bizkarraldean nonor dabilela sumatu, atzera begiratu eta emakume ezezagun zuriskara luze-luze etzanda itzalkide duzunean? Jabetza pribatua ete da gerizpea honelakoetan? Sonbrilakide plazerkide, dena dela.

2007,June 5

Jakinminaren harra

Filed under: Plazertxoak

Kuxkuxerotzat jotzen zutenean bera komentarista zela esaten zuen aspaldiko lagun batek. Ezin da kuriositatea gauza txartzat ere hartu inori kalte egiteko barik, informazio gosea baino ez denean.

Nire kasuan, aitortu behar dut, jakinminak oinaze maila ere hartu dezake jakin, ezagutu edo konprobatu beharreko horren txandari joaten utziz gero. Horixe bera ebitatu dut gaur ere.

Eguneko menutxoak berak baino askozaz gehiago ase ninduen zerbiketa lanean atzera-aurreraka zebilen neskatila gazte xarmantak, diskrekzioagatik izendatuko ez dudan jatetxe batean. Ordu erdi ere ez da ohiko supermerkatuan ikusi uste izan dudala, ni esparragotan eta bera latako arto garautan. Jo batera, jo bestera dudatan ibili naiz, Bera da, ez da bera?, mutiko segail bat bizkarzain izan arren eta lotsak lotsa ez dut bakerik izan eskolamutil baten modura Zu zara harako jatetxeko zerbitzaria? jaurti arte. Haren irribarre polita berriro ere goxatu eta, bide batez, zirika zebilkidan harra hil dut, plazer handiz hil ere.

2007,March 23

Botere adkisitiboa

Filed under: Plazertxoak

Pariseko Charles de Gaulle aireportuan gertatu ei da. Txinatar begiurratua sartu da bertako ardo eta likoreen dendan zapatu-domekarako otzaratxoa bete asmoz. 1945eko Mouton-Rothschild botilatxoa, batetik, 1900eko Armagnac-a, bestetik, eta, hara, 1978ko La Chapelle eta 1806ko Cognac paretxoa ere bai, zakura.
Zenbat da dena? eta 23.000€ (!!!). Lehengo 4 milioi ia-ia! Kartera atera eta ahoan hortzik duenik ere erakutsi barik altxorra ordaindu ostean, serio-serio galdu da jende artean laster Sanghairako bidean jarriko den txinotxoa.

2007,February 16

Kale borroka Sri Lankan

Teleberriaren amaieran ematen dituzten bitxikeria horietako batean ezagutu dut gaur Abey tronpaluze lotsabakoa, 18 urte eta lau tona gorputz. Sri Lankan, ingelesengandik ikasi zituzten kirol horietako batean zaldiarena egiten ari zen gure elefantea, zamalkaria kokotaren gainean zuela; gizontxoa aidean jaurti eta parean zuen mikrobus zuritxoari oldarka ikusi dut, sakaka eta tiraka, barrikada jarri nahirik bezala ibilgailuari eragin eta eragin eta uxatzera zihoazkionei ere tronpakada bortitzak zuzenduaz…

Ezpainetako irriñoa barre algara bihurtu zait, ordea, Abbeyren jostailutxoa selekzio espainolaren ibilgailua zela jakindakoan, piperpoto usainak odola berotu dio nonbait pakidermo gixajoari, kar, kar,kar… kar, kar, kar… Gora Esala Perahera!!!

2007,January 28

Nabilen nabilen…

Filed under: Plazertxoak

2007,January 10

Coca Colaren dohainak

Filed under: Plazertxoak

Batari entzun, besteari entzun, gero mundu guztiari gertatutakoa bada ere, esperientzia berria izan dut gaur iluntzean. Kontua oso xinplea da: etxeko ateko zerrailan giltza barruan sartuta utzi eta, konturatu barik, ateari danbatekoa eman diot. Daunb! entzun orduko konturatu gara zer egin dugun eta izan den orduagatik, segapotoa inori eskatuta, berehala jarri behar izan dugu martxan aseguru etxerako SOS deia. Jaso dizkidate datuok eta hiru bat orduko tartean izango nuela zerrailaria ateari ekiteko prest. Tarte luzeegia eskailera gorenean, inoren zain deskonektatuta eta lau urteko semetxoa alboan dudala. Eta hementxe dator esperientzia izan ahala herri jakituria bihurtzen den erremedioa:

. Jo supermerkatu batera eta erosi litro biko plastikozko Coca Cola botiltzar bat (Kalimotxoa egiteko moduko bat, ahalik eta zapalena).

. Dendariari edaria harrian husteko eta laban bat uzteko eskatu.

. Botilari lepoa eta popa moztu eta, goitik behera, erdi bi egin.

. Plastikozko xafla zapal finak atearen hegala besarkatu arte zirrikitutik sartu eta, atearen mihia non dagoen deskubritutakoan, biren artean, xaflari gora eta behara eragin ateari tiraka eta sakaka.

Atea atoan zabaldu ere, ikusi eta ikasi. Hasieran Coca Cola entzun orduko haren dohain sinesgaitz horietako bat dela pentsatu dut baina, honakoan, edabea barik ontzia gertatu zaigu mesedegarri. Hori bai, etxeko atea zein erraz zabaltzen den ikusita, ogitara goazenean ere ez ahaztu giltzari ematea. Eskarmentuaren osteko plazertxoa.

2007,January 3

Mendigoizaleen kodea

Filed under: Plazertxoak

Horiek ez dira euskaldun ere zioen nire aitaginarreba zenak, menditik etxerakoan, basoan kontrako norabidean zetorrenak aurpegira begiratu ere ez eta, mamarro-mamarro, agurra ukatzen zionean. Izan ere, errepidean zuzen jokatzen duen txoferrari eskua jasota eskertzen zaion bezala, mendigoizaleek ere badute euren kodea eta, agur edo konbertsazio luzeagorik ezean, eup! edo (i)ep(a)! famatuagoa eskaini barik ezin utzi toki bakartian topatzen den gizasemea.

Ez dut aitaginarrebak beste esango baina arrazoi berberarengatik amorratuta etxeratu naiz neu ere, urbanizatze zoroak jan gabeko bideska polit batean zehar egindako pasiaratik nentorrela. Diosala ukatzeraino bestekoa al da bizilagunon arteko mesfidantza eta inkomunikazioa? Plazertxoa baino desplazerra.

2006,December 19

Zelan esan…

Filed under: Plazertxoak

Aurreko batean laurogeitaka urte dituen Fernando Fernán Gomez aktoreari irakurri nion elkarrizketa batean damu zuela gehien maite zuen jendeari bere sentimendu eta emozioak adierazten jakin ez izana. Hitz egokia, beharbada, ez litzateke damua izango, nahita egindakoagatik damutzen gara eta, kasu honetan, zeozertan ez jakitearen tamala da sentitzen duguna.

Ez dakit zuei gertatzen zaizuen baina, onean zein txarrean, askoz ere hurreragokoa da amarekiko tratua: ohitura kontua, batetik, amarekin dexente ordu gehiago eman ditugulako eta heziketa kontua, bestetik, gizonon artean sentimenduak adieraztea ahulezia seinaletzat jo izan dugulako.

Sarritan erabili dut buruan neuk ere F. F. Gomezen kezka eta, neu gizondu eta aita aguretu ahala, gaur da eguna, arrantza zein soloko kontuak direla, etxeko zein beharreko kontuak direla, gauzak elkarri errazago adierazi eta bion arteko harremana zabalago daroaguna. Ez beti nahi bestean, hala ere, baina bai une atseginak sentitzeko neurritxoan…

2006,December 2

Eskusauan

Filed under: Plazertxoak

Nabarmen luzatzen ari da jendez betetako ofizio santua eta hankartetik datorkizu egoneza. Premia antzina nabaritu duzu baina eustea pentsatu duzu eskusaura joateko denon aurrean eskusatu beharrean. Ume txikien antzera, hankak elkarren kontra estutu, jo alde batera, jo bestera zabiltza aulki gainean, bla, bla, bla ari denari aspaldian jaramonik ere egin gabe. Zoaze jaunaren bakean! Amaitu da, halako batean!

pis

Komunerainoko osteran aringa-aringa zoazela askatu dituzu bargetako botoiak eta txistua ere aterako zenuke. Ailegatzearekin batera hasi duzu txiza erreka amaigabea. Husten ari zarelarik gustu itzela sentitu duzu, amaiera aldera bizkar hezurrean gora doakizun hotzikarak errematatu eta gorputzari hiru-lau dardara eragin dizkiozun arte… Plazertxoa berau ere.

2006,November 29

Barre txikia ordain

Filed under: Plazertxoak

Irribarrea ei da lotsatiok harremanerako dugun armetako bat baina, jakina, baieztapena ezin da orokortu. Behin baino gehiagotan gertatuko zitzaigun honakoak edo halakoak pasantean ez agurrik ez barretxorik egin ezagatik txarrean hartu izana eta, horrelakoetan ere, delako hori motza, despistatua edo lotsatia dela esanez desenkusatu nahi izaten dugu.

Erdi ernegatuta bizi garen sasoiotan, inoiz edo behin gerta dakiguke, autobusetik ezpaloira, kristalaren babesean elkarri begira ibili garela deskubritu eta norberaren irriñoari barre txiki batez erantzuten dakienik aurkitzea: orduan, lipar batez bada ere, nik neuk adiskideago izaten dut mundua.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica