Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,October 6

Freebatasuna

Filed under: Eman ta zabal zazu

Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude

2007,June 11

Ezkortasunaren sendabelarra

Filed under: Eman ta zabal zazu

Bezperako egunkaria baino gauza zaharragorik ez badago, zer esango dugu, hemen, herrigintzan erabakior gertatzen diren egoerak hain tarte laburrean norabide ezberdina hartzen dutenean. Egunotan hainbestetan aitatzen den ezkortasunerako arrazoiak, tamalez, lehenagotik ere baziren eta iruditzen zait gaurko egunez ideia hori azpimarratzeak herri honetako politiko ezinduen oskol babesgarri izateko baino ez duela balio.

Nekatuta gaude, bai, aspertuta euskal gatazka pauso bat aurrera eta bi atzera egiten ikusteaz; politikagintza lanbide duen bizizale aldra bertangoxoa betiko bake, plan, negoziazio, kondena eta ilegalizazioak ahotan dituztenez aspertuta.

Urteetan behin eta berriro entzundako uste, iritzi eta adierazpen errepikakorrek eragiten didaten zurrunbilo lausoan, domekako BERRIAn Pako Aristiri irakurritako Trenbide mortuaren poemako txatal bat baliatuko dut neure aldartearen adierazle:

Tabernan ez dut inor ilusionatuta ikusi ETAk berriro borroka armatuari ekin diolako. Izaten da, bada, euforia hori, itxaropenak hegaldatzen dituen espektatiba horiek, arnasa ere pittin bat azkarrago hartzera bultzatzen zaituztenak; bada ez, ez dut holakorik sumatu, ezta geroago ikusi edo telefonoz pribatuki mintzatzeko harrapatu ditudan lagunengan ere.

Telebistako agerpenetan bai, ordea, ikusi uste izan dut ilusioa, irribarre ezin gordeak, espektatiben hegal-zabalketa, batez ere eskuindarren aurpegietan. Eta neure artean pentsatu dut: zer borroka armatu da hau Espainia osoko eskuin frankista-faxista pozten duena?

…Tele5-ek orain urte batzuk erakutsitako zabor-erreportaje batean Herriko Taberna batean jasotako harribitxiak jarraitzen du sendabide izaten:

Espainolek egin gaituzte nazionalista. Guk, euskaldun izatearekin nahikoa genuen. Espainolek behartu gaituzte abertzale izatera.

Zaila da hitz gutxiagotan gehiago esan eta Euskal Herriko arazo politikoaren muina hobeto adieraztea. Horra ezkortasunaren sendabelarra.

2007,April 19

Estutu garuna, laguna!

Filed under: Eman ta zabal zazu

Laguntzako batek bialdu dit imeilez neu neurtu nahirik-edo, baina ahalegindu ere ez naiz askorik egin… Ea zuek, bizkor itxura daukazue-eta:

2007,February 21

Nire andrea

Filed under: Eman ta zabal zazu

Andreak erosten dio arropa,
andreak erosten janaria.
Andreak apailatzen dizkio otorduak,
andreak arropa garbitu eta lisatzen.
Andreak txukuntzen dio etxea,
andreak hezi dizkio seme-alabak, eta apeta guztiak asetzen.
Bere buruarena izan ez eta
andrearen jabe delakoan bizi da, hala ere.

Egonean doazen geziak Joxerra Gartzia (moldatua)

2007,February 9

Kelmeri ez

Filed under: Eman ta zabal zazu

Adierazpen askatasunaren alde Kelmeren arropa zein kirol produkturik ez duzula erosiko sinatu nahi baduzu, hona Vilaweb orria (katalanez dago, baina erraz egiteko modukoa da).

2007,February 6

Oleguer Presas BERRIAn

Oleguer Presas du izena Bartzelonako jokalari gazteak eta, benetan ere, rara avisa dugu bere kastakoen artean. Beti pentsatu izan dut futbolaria dagoenik eta gizaseme berekoienetakoa dela, beti esango dituen hiru-lau epelkerietatik harago erakutsiko ez duena.

The Times egunkari britaniar eskuindarrak (¿?) Iñaki De Juanari egindako elkarrizketak eta irudiek Europa mailan izan dezaketen oihartzunaren beldurrez, estu eta larri dabiltza agintari espainiarrak; hilzorian dagoen gizona, beharko balitz, txakurrek lagunduta (!!!) elikatzeko agindua eman du Epaitegi Nazionalak…

Eskergarria izango da bihar Oleguerrek BERRIAn idatziko duen artikulua; esango duenagatik baino gehiago, hemen ez dakigunik ez, justiziatik baino mendekutik gehiago duen jokaldi politiko honen kiratsa hedatzen lagunduko duelako.

(Bitartean COPEko txistosotxoek: Bobby Sands-en aldean, bizirik hilabete bat gehiago irauteak kartzela espainoletan zein ondo jaten den erakusten du, jakina baita, zelan jaten den Inglaterran eta zelan Espainian…)

Nor gara gu, zer gara gu?

Filed under: Eman ta zabal zazu

Orain dela 25 bat urte despistaturen baten paparreko txapan edo iduneko zintzilikarioan País Vasco mutilatua ikusi ahal izaten zen arren, gazterik gehienok bat gentozen geure herria paper gainean marrazterakoan.

Egin berri den estatistika batek, berau zein eremutan egin den ez badakit ere, gure artekoen %30ek horrela irudikatzen du gure / euren lurraldea:

Mingarri gertatzen dira maparen ebaketa zein %30 horietako askok egokitzat joko lituzketen izendapenon grafia. Are kezkagarriagoa, berriz, iritzi publikoaren zati hau gizentzen jarrai dezakeen agintari geuretar askoren aspaldiko konformismo eta laxokeria.

2007,January 24

Hemengoxeak eta geureak

Filed under: Eman ta zabal zazu

Geure, bertoko, hemengoxe… Euskaltelek egunotan bere propagandarako darabilen berriketa eta erretolika merkearen adibide dira luzaroan ere euren alde erabilitako berbok baina, ondo merezita itxura batean, egurra ari da jasotzen blogosferako alde guztietatik.

Behar zuen sasoian zuzen jokatzen jakin ez nuelako, arantzatxoa daukat aspaldian sartuta eta bihoa mendeku modura beste geure hemengoxe bati buruzkoa kontutxo hau.

Orain lau bat urte, uda partean atzerrira egin behar nuen bidaia bat zela-eta, diru trukea eskatu nuen beti bezero izan naizen Euskadiko Kutxa-Caja Laboralen; dolar amerikarrak nahi nituen, 600 bat euroren trukea. Diru amerikarra bost txarteletan jaso eta han abiatu ginen lagun bi, tarteko aireportu egotaldiak-eta kontuan izanda, hogei bat ordu geroago zapaldu genuen jomugarantz. Patrikan bertako diru pixka bat erabiltzea komeniko litzatekeela eta aireportuko money changerrean aldatu nahi izan nuen 100 $eko txarteletako bat: diruegiaztatzailean eragin behin, eragin birritan, eragin txartel bati, eragin beste bati… eta Diru hau faltsua da! ez diosta, ba, Sri Lankako puntan, poliziaz inguratutako money changerreko beharginak! Zurbil norbera, Ezin da izan… Han nituen herriko sukurtsalean truke eragiketan jasotako papera, baina han, ulertuko duzuenez, hutsaren hurrengoa da hemen hain ezagun dugun Caja Laboral izen-bermea. Okerragoa ere izan zitekeen eta bertan atxilotu ez nindutenean pozik irten nintzen hango bero sapapera.

Sinestu ezinda, Colombo hiriburura heldu ginenean, beste saiakera bat egitea pentsatu nuen. Agure zahartxo batek zeraman harakoan diru trukearen ardura eta nire 100 $eko bost txartelak eskuratu ahala, ikutu hutsarekin banan bana baliogabetu zizkidan bostetik lau!!! Atzamar ikutuaren bitartez ezagutzen zen diru faltsua sartu zidan Caja Laboralak!!!

Diruarena ez zitzaidan arazo gertatu, bidaidearen eta bion txartelekin konpondu ginen-eta. Nekez uler nezakeen, ordea, oraindik ere fede onez jokatu ete zuten zalantza egiten dut, hirugarren munduan hain erraz detektatzen zutena, hemengo hiruzpalau langilek somatu ere ezin izana. Hortik aurrerakoan, goikoek eskuak garbitu eta herrian lagun ere badudan bulegoburuari pasatzen zioten pilota. Esan dut, okerragoa ere izan zitekeena izan ez zelako, ez nuen behar bezala jokatu eta damutxoa daukat. Kontuz bertokoekin ere.

2007,January 23

Terrorista kronikoak

Filed under: Eman ta zabal zazu

(…) Kuriosoa da herri hau. Terrorista kronikoak izatera kondenatuta daude inoiz arma bat eskuetan hartu ez duten milaka eta milaka lagun. Eta bakezaleak dira gazteak bahitzeko agindua betetetzera goitik behera armaturik etortzen diren poliziak.

* Gari Berasaluze gaurko BERRIAn.

2007,January 4

M-22tik A-30era

Filed under: Eman ta zabal zazu

Gogorra izan da mundu mailan ere 2006 urtearen amaiera, baina geografikoki hurreren tokatu zaigunak zartarazi du gure itxaropena eta, hemen gaude, bost bat egun geroago, ETAk bere jarrera aldaketari buruz zer esango.

Joan den zapatuan ETAk Madrilen eragindako atentatuak jauzi kualitatiboa ekarri du talde armatuaren ohiko jokabidean eta ez du lan erraza izango euskal gizarteari aurrean zehar gizaki bi eroan dituen ekintza krudela zuritzen. Oraindik orain ETAk euskal herritarron aurrean izan duen aktiboetako bat haren sinesgarritasuna izan da, egindakoa bere gain hartu eta egin gabea ukatzeko erakutsi izan duen prestutasuna, eta galdu du, dagoeneko, edonork onartzen zion dohaina.

Meniak iraun duen bederatzi hilekoaren irudia egiteko, zezena adarretan hasi eta buztan puntan amaitzen dela esaten da, eta kasu honetan ez litzateke jarrera egokia izango denok buztan punta horri begirik kendu gabe geratzea. Krimena ETArena da, ez beste inorena, baina ez dezala baieztapen honek zezen adar zorrotzari aurre egiten jakin ez dutenen lan eskaxa izkutatzeko balio.

Aurrerantzean? Hemen jarraituko dugu bakearen ostean politika etorri behar ete den ala politikaren bitartez bakeak etorri behar duen, betiko morokilari ekiten.

Barearen osteko ekaitzak aztoratuta, sentsazio ezkorrez beteta eta zeresan ezean geratu gara, zergatiak betiko berbetan bilatu nahirik. ETAk ere ez du arrazoi biribilik erraz topatuko eta, euskal herritarron artean ernatutako ilusiorik zapuztu nahi ez badu, menian jarraitzea luke onena. Espainiako gobernuari dagokionez, delako prozesua apurtzeko prest badago, alferrik galtzekorik egon ez edo M-22tik A-30era ezer egin ez den seinale izan daiteke.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica