Bata, bestea ta txakurraren hestea

2008,June 21

Banator, banator…

Filed under: Zaharrak barri

Etorri lez joan egiten dela dena eta oposiziñoputea ere atzean geratzen hasi dela arratsaldeko seietatik aurrera. Hil luzeotako murgilaldiaren osteko deskonpresioa egin eta laster naiz flotean berriro ere kaparradea emateko prest. Joan nintzen lez banatorrela neu ere.

2007,October 28

B A N O A

Filed under: Zaharrak barri


Agur (baina ez adiorik)! Sekula guztiz ulertu ez badut ere, esaldi ponpoxo hau erabili ohi da zirkulu jakitunetan, betirako barik, nonoiz, beharbada, berriro ikustekotan joaten garenean. Segurtasun ezak eraginda jarri dut, igoal, parentesi artean ere: ez ondo erabilita dagoen dakit ziur, ezta bueltatuko naizen ere. Zeregin latzagoetan jarri baino lehen, denbora alferrik galtzeko aitzakiarik falta ez dudala nabil eta dagoeneko hasita daukadan atzerakontu pute horietako bat dut buruko min. Denbora horretarakoxe behar dut.

Eskerrik asko txoko honek bizirik iraun duen denboran lagun izan zaituztedan guztioi, sniff, sniff…, bihotzez. Jagoizue etxea, mesedez!

2007,September 25

Ezetz?

Filed under: Zaharrak barri


2007,September 20

Polita ez baina ederrrraaaa!!!!

Filed under: Zaharrak barri

Gustura irakurri diot Irati Jimenez idazle gazteari, BERRIAko Larrepetit zutabean, Ederra izeneko artikulotxoa eta bat ere banator berarekin, urteekin, kanon estetikoak aldatzearekin batera, adjektibo honek sasoi bateko balioa galdu duela. Gaur egun, eder, gizen edo fuerte erdikiekin ibili beharrean, lodi esango zaio zuzenean arropa bete xamartzen duenari. Toto edo toto-toto Ondarruko hizkera xelebrean.

Gogoan dut, hala ere, pointer txakurrak nola, mugitzen zen eme hankabiko orori begira, Politxe ez, bañe ederrrrrrraaaaa!!! botatzen genuela gaztetan gauzak argitze aldera eta delako adjektiboa 90-60-90etik hurrerago egoten zela, zenbat eta r gehiagoz ahoskatu.

Geure pisu ideala formula matematikoen bitartez kalkulatu eta edertasunaren praka estuetan sartu behar dugun sasoi hauetan, ordea, irratian kilo kontuez ziharduen Fernando Sartorius delako batek aipatutakoa geratu zitzaidan gogoan, bere sinpletasunean edozeinek probatzeko modukoa da-eta. Formulak formula, aldagarri asko hartu behar baita aintzat, Kilo batzuk sobran ete ditut? galderak ispilu aurrean biluzik jarrita izan dezake erantzuna: salto, salto eta salto hasi eta dar-dar batean jartzen zaizkigun haragiak, horiexek ditugu sobran.

2007,July 5

OPORRENGATIK ITXITA

Filed under: Zaharrak barri

Blogetik haragoko bizitza ere badelako… ala ez?

2007,May 22

Kontra Natura

Filed under: Zaharrak barri

Egunero zeozertxo ikasten dugula esaten da eta, gaur bertan, irratian ZARAk Israelen egindakoa juduek bekatu larritzat zergatik jotzen duten jakin dut. Erropa enpresa honek kotoia eta lihoa nahastu ditu gizonezkoen traje batzuetarako, hau da, judaismo ultraortodoxoak hertsiki galarazotako hibridoa, naturaren kontrako elkarketa.

Halajá legedi juduak fruitu berriak sortzea zein arraza ezberdineko animalien akoplea debekatzen dituen arrazoi berberagatik harrotu ei dira hautsok enpresa famatuaren kontra.

Nire ezjakintasunean eta inor mintzeko asmo barik, burura lehenengo-lehenengo etorri zaidana esango dut: Juduon bazkarietan, kolore bakarrekoak ete dira entsaladak? Edo, Jerusalemgo kale estuetan, ez ete dabil alderrai kolore nabarreko artatxakur jatorrik?

2007,April 17

Atzetik nor aurretik?

Filed under: Zaharrak barri

Gogoratzen dituzue kotxeen atzeko leihoak txaplata reibindikatibo zuzen eta nabarmenez josten ziren sasoiak? Seat 850etako txakur konformista burukulunkaria modan egon ostekoak… Nuklearrik? Ez, eskerrik asko, eguzkitxo irribarretsua sinbolo internazional xamarra zen eta hura ere euskaraz jarri eta geuretartu egin zen, ikurtxoak ideolojia eta izakera bat isladatzen zuen punturaino. ¿Tu no serás de los del solecito? itaundu zidan behin gaur egun 30 urte bueltan ibiliko den ikasle gazte polizia bokaziodun batek.

Geroago etorriko ziren Euskaraz eta kitto! edota Euskal Herrian euskaraz bezalako mezu onirikoak, polizia euskaldunaren aurrean ere aplikatu ezin eta, badaezpada ere, behin baino gehiagotan jan behar izan ditugunak.

EH etiketa hemen edo CAT Katalunian ere nahikoa mezu argiak izan dira eta bati baino gehiagori bihurtu zaio arazo zezen larru idorreko errepideetan zehar lerratu direnean.

Lightagoak gara gaur egun, Osborneren zezentzar potrobikoaren aurrean astotxo katalana jaio zen; guk ere gutxiago ezin izan eta artxo polemikoa zabaldu genuen eta gero etorri dira pottoka, basurdea eta abarrak. Matrikulek jatorria izkutatu ondoren, zelan edo halan, nongotar garen erakusteko premia sotila sentitu genuen antza denez eta horrela dela sinestuta egon naiz oraintsu arte. Ibilgailuren bati zezena eta artxoa elkarbizitza baketsuan ikusi dizkiodan arte edo munduko hiritar zabal horietako bati kotxerako arditxorik inon ez duela aurkitzen entzun diodan arte…

Beharbada, horregatik ekingo zioten kataluniarrek berriro ere fase esplizitoago bati hasiera ematen dion kanpainari. Popatik ematen betikoak hasi direlakoan banago ere.

2007,April 10

Amama Plazida

Filed under: Zaharrak barri

Semeagaz batera etxerako bidean nentorrela, Amama Plazida ikusi dot etxe aurreko solotxoan atxurrean, bere iru-lau ortuaritxoak ereiteko lurra preparetan. Kotxearen abiadak eroanda atzean geratu jat momentua baina ez dot aukera galdu gura izan.

Buelta egin eta aregaz amama zarragaz berba egitearen damurik ez dodala izango pentsatu dot. Kanpotar guztiei lez, umeak erderaz egin deutso amama atxurlariari: ¿Que estas hasiendo? Ez da erraza umeari ikusazotea baina egunen batean ikasiko dau izpidea erdaraz egitea ez dala betiko kontua izan eta euskaraz izateak aukerak zabaldu egiten dituela. Xelebrea dekot nik izena: Plazida esan deusku, gaurko izenen aldean-edo berak olan eritzita. Naikoa egin dot, gaur. Badakizue zenbat urte dekodan nik? 98.

Batzuk gazteagorik, beste apurren batzuk beluago eroan ei ditu Eriok, baina bera ementxe dagoala esan deusku. Eguraldia lagun, atxurrean segitako prest.

2007,April 2

Dabilena ondo dabil

Filed under: Zaharrak barri

Amama Agustinari ikasi nion Dabilen boli ondo´rabil deee… esakera (harako Like a rolling stone-n interpretazioa) nonorako bidean edo parrandarako prest ikusten gintuenean. Egun hauetan familiako bat erietxean daukagula, ikusi dut berriro ere, gelditzen diren bolak, bizitzan stop eginda bezala, zer bizi duten. Eta ingurukoek zelako nerbio eta saminak pasatu behar izaten dituzten eguneroko atzera-aurrera horietan.

Ospitaletako ateek banatzen dituzte bi munduok, ondo gabiltzan bitartean huskeria eta txikikerien peskizan bizi garenona eta, biharamunak baino lehenago, agian, hurrengo orduek ekar lezaketenaren beldurrez bizi direnena.

Igande goizean lagun batek ziostan Bilboko gaua zeharo aldatuta dagoela eta ez zuela lagunekin izandako afariaren ostean batere disfrutatu. Areago, txarto pasatu zuela. Ospitalean gaua pasatzetik nentorren ni, lepoa oker-oker eginda. Tira, ba, bart biok ibili gara txarto orduan… erantzun nion.

2007,March 26

Harro ala arraro?

Filed under: Zaharrak barri

Indar handia du musikak denboran aurrera egiten duten mezuak zabaltzeko eta, esate baterako, sortu eta 15 bat urtetara bizirik dirau harako Euskalduna naiz eta harro nago leloak. Malcolm X-ek esanaren aldaki bat eginez, beltzaren tokian euskalduna, Negu Gorriak taldeak irakatsitako esaldia ikastetxeko horman ikusi ahal izan dut gaur ere. Eta ez da txarra, gazteak euren euskalduntasuna azpimarratzeko kamiseta, sinbolo eta klitxeez baino baliatu ez arren. Horixe da nerabezaro euskalduna.

Adinean aurrerago etorri garenok, ordea, gure hizkuntzaren anormalizazioa zein puntutaraino heldu den ikusita, Euskalduna naiz eta arraro nago sarriagotan darabilgulakoan nago. Nik bai, behintzat.

Bat: Ordu parea ere ez dela, Bilbo inguruko paraje menditsu bateko bide ertzean, KORRIKA noiz etorriko zain norbera. Polizia euskaldunaren furgoneta eta motor despliege itzelaren argi urdin dizdizariak miresgai gau ilun euritsuan. Atzerapenarekin dator KORRIKA baina BADATOR halako batean: ¡Ya viene, ya viene! kotxe batetik bestera bozgorailuetatik ozen ertzainek…

Bi: Tipi-tapa, tipi-tapa… hor goaz euritzan aurrera. Egun beltza izan ei du Bilbo aldean KORRIKAk, furgoneta bati ere bide bazterren batean gasolina agortu ei zaio eta megafoniak huts egiten du itxura batean. Lasterketaren animatzaileak mikroari oldarka brrrrrr, brrraaa, prrrrruuu entzuten dira eta euri zarratuak ixil xamar garamatza hanka joko bizian. Mikrofono barik!!! bota eta broma ulertu ez dutelako edo eremu jeltzale erdalzalean garelako behiak trenari nola, halaxe zuzendu didate begirakunea lasterkideek… eta bigarrenez ere arraro sentitu naiz.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica