The Waterboys
Neure gaztarorik gorrienarekin lotzen nau Mike Scott handiaren The Waterboys taldeak. 80ko hamarkadan komunikabideek RRV etiketapean jarri zuten musika-eztanda bizitzea tokatu zitzaigun eta, benetan ere, zorionekotzat daukat nire burua Euskal Herrian sasoi hartan musika munduak izan zuen leherketa estatu mailan zein historikoki parerik bakoa izan zela-eta bainago (…Euskadin rock-ak ez du sekula dirurik emanen, baina inon baino alaiagoa izanen da…).

Bertoko taldeekiko zaletasun hark bazituen, ordea, kanpora begira jartzen gintuzten izen batzuk, bertoko musikagintza latzaren aringarri suertatzen zitzaizkigunak. Eta, puntu horretantxe, The Waterboys izan zen bere indar eta melodia itzelez pop-aren bideetatik eroan gintuen taldeetako bat. Dylan-en kantakera patroiari rock aktitude bortitza eransten zion Scott-ek, kantetan intziri, negar-muxin zein alarauak tartekatuz. The Pogues maiteak bitarte, folk-ean egindako kukutxo parea ere barkatu (Fisherman´s blues eta Roam to roam) eta ahaire zeltiarretan zaleagotu ginen eurei esker.
Neure talde kuttunenetakoa da The Waterboys eta Arriaga antzokian ikusteko aukera izango dut asteartean, jesarrita eta eskuetan zerbezarik ez dudala, baina aspaldiko ilusioa beteko dudalako pozak zoratzen. (07-10-22)
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Ikaragarria kontzertua, zoragarria! Garri guztiak zerrendan botatzen hasita ere –hunkigarri, zirraragarri, liluragarri, harrigarri…– motz geratuko nintzateke Mike Scott eta bere bandak bart emandako ikuskizuna azaltzerakoan. Kolorez betatako ekitaldia izan zen Arriagan The Waterboys-ek eskainitakoa: antzokiko argi joko apal baina ederragatik batetik eta talde britaniarraren errepertorio zabal eta ugariagatik bestetik. Unerik lasaienetako irlandar ahaireek iradokitako zelaien berdetasunetik hasi eta tarterik latzenetako mortu ilunetara arte. Folk-ean zein rock-ean maisu ageri zitzaizkigun eskoziarrak, aldean ia 50 urtedun Mike gaztea patroi zutela, sasoi eta eztarri oneko, kitarretan, pianoan zein instrumentu batere barik kantetako istorioak berak bakarrik dakien eran interpretatuz. Ezkerretara Hamelingo txirulariaren piuraduna bibolin eta bibolin-itxurako guztiak jotzen. Harrigarria gertatu zitzaidan tresna honek bere elektrikotasunean sortzen duen soinu distorsionatua, diskoan sarritan tronpeta edo saxotzat ere hartzen nuena. Eskuinetan teklatuekin borroka etengabean musiko zoro itxurako tximaluzea, hammondari erasoka ero. Atzean, nabarmen gertatu barik baxua eta bateriajole gaztea, egoki.
Edozein kanta du handi The Waterboys-ek, baina apropos eginda bezala, B serieko kantak jo zituztela gehiago iruditu zitzaidan, hit izatetik urrunago dauden kantak (Hori bai, The whole of the moon jo zuen zalerik gordinenen zoramenerako).
Gogoangarriak izan ziren, –horra beste -garri bat–, Medicine bow eta Red army blues. Lehenengoan, bideoklip batean moduko giroa lortu zuten kantaren erdian ralenti moduko batean hegaletako bi musikariak –bibolina eta hammonda– , operako mamuarenaren antzeko maskarak jantzita eta korrikarako zinta batean balego bezala trostan bibolin jolea, duelo musikal bizian aritu ziren.
Bestean, bigarreno diskoko Armada gorriaren bluesa gozokitxo bat izan zen zentzuetarako eta zertzeladaz betetako hamar minututan gaueko unerik epikoenetako bat bizi izan genuen.
Igartzen da waterboyszale amorratua naizela, ezta? Merezi izan zuen, bai, merezi zuenez lehenengo lerroko jarlekua lortzeko ahalegintxoak!