Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,October 5

Willis Drummond eta Sexty Sexers

Filed under: Rock Erotik

Futboleko konparazioak rockerako balio badu, izerdia eta espektakulua uztartzen dakien taldea rockanrollgintza huts eta oso-osoan dabil. Atzokoan bat barik bi izan ziren, talde euskaldun bi, Kafe Antzokian maila goren honetan aritu zirenak: Willis Drummond baionarrak eta dagoeneko euren aitabitxi ere izenda nazaketen (ñik!) Sexty Sexers beratarrak, handi bata zein bestea.

Iparraldekoei tokatu zitzaien rock gaua urratzea eta bat baino gehiago utzi gintuen ahozabalik euren emanaldi sendo eta kementsuak. Gartsu ekin zion Willis Drummond laukoteak erritmoak maisuki astintzen, abarrots bizietatik ralenti bareetara zein alderantziz, eta euren eskualdeko Lisabö taldearen ikutu psikotiko hori gogora ekarriaz.

Itxuraz Angus Young-en oldarraldiak gogorarazten dituen kitarrakeren atzean, Seattle kutsua darie kantetako askori (Nirvana, Soundgarden eta, kasuren batean, Pearl Jam ere bai) , bikain ahotsetan, eta Motorhead handien bertsiogintzan ere (Rock´n´roll) ez daukate jatorrizkoaren lotsarik.

Beratarren gainean ezin esan orain arte esandakoa baino gehiago. Maiatzetik hona dozena erdi bat bider ikusi ditut eta haziz doa euren taula gaineko eskola eta haziz mugiarazten duten entzuleria ere. Ostegunetik larunbatera arteko azken txanpa rockeroak izaten dituzte astero eta astebeteko kontzertu bateko batez bestearekin itxiko ei dute urtea, zenbakiak (50 bat) ikaragarriak dira.

Gazte(egi)ak izanda alderik alde menderatzen dute eszenatokia eta, anabasa kasualetik harago, mugimenduak ondo neurtzen dituzten susmopean dauzkat. Ez dirudite Euskal Herriko ere, eskenaren kontrol oso hau berezkoagoa dute suediar edo amerikarrek zioen musika kontuan autoritatetzat (ñik!) daukadan Sabin harrituak. Izan ere, soinu birringailua martxan, aretoa aldi bereko atentziogune anitzez bete eta nori begira jarri aukeratu beharrean uzten dute naparrek ikuslea behin baino gehiagotan.

Kontzertua primerakoa izan da ziostan Ibonek, azkenengo metroa galduko ez bazuen, bisik barik alde egin behar izan zuenean. Eta ni? Neure bataila hirurogeitasextarrez kuadrakide dudan lagun parea limurtu eta rock´n´rollez ederto asebeteta etxeratu zirenean, neu ere pozarren.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica