Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,October 28

B A N O A

Filed under: Zaharrak barri


Agur (baina ez adiorik)! Sekula guztiz ulertu ez badut ere, esaldi ponpoxo hau erabili ohi da zirkulu jakitunetan, betirako barik, nonoiz, beharbada, berriro ikustekotan joaten garenean. Segurtasun ezak eraginda jarri dut, igoal, parentesi artean ere: ez ondo erabilita dagoen dakit ziur, ezta bueltatuko naizen ere. Zeregin latzagoetan jarri baino lehen, denbora alferrik galtzeko aitzakiarik falta ez dudala nabil eta dagoeneko hasita daukadan atzerakontu pute horietako bat dut buruko min. Denbora horretarakoxe behar dut.

Eskerrik asko txoko honek bizirik iraun duen denboran lagun izan zaituztedan guztioi, sniff, sniff…, bihotzez. Jagoizue etxea, mesedez!

2007,October 24

The Waterboys

Filed under: Rock Erotik

Neure gaztarorik gorrienarekin lotzen nau Mike Scott handiaren The Waterboys taldeak. 80ko hamarkadan komunikabideek RRV etiketapean jarri zuten musika-eztanda bizitzea tokatu zitzaigun eta, benetan ere, zorionekotzat daukat nire burua Euskal Herrian sasoi hartan musika munduak izan zuen leherketa estatu mailan zein historikoki parerik bakoa izan zela-eta bainago (…Euskadin rock-ak ez du sekula dirurik emanen, baina inon baino alaiagoa izanen da…).

Bertoko taldeekiko zaletasun hark bazituen, ordea, kanpora begira jartzen gintuzten izen batzuk, bertoko musikagintza latzaren aringarri suertatzen zitzaizkigunak. Eta, puntu horretantxe, The Waterboys izan zen bere indar eta melodia itzelez pop-aren bideetatik eroan gintuen taldeetako bat. Dylan-en kantakera patroiari rock aktitude bortitza eransten zion Scott-ek, kantetan intziri, negar-muxin zein alarauak tartekatuz. The Pogues maiteak bitarte, folk-ean egindako kukutxo parea ere barkatu (Fisherman´s blues eta Roam to roam) eta ahaire zeltiarretan zaleagotu ginen eurei esker.

Neure talde kuttunenetakoa da The Waterboys eta Arriaga antzokian ikusteko aukera izango dut asteartean, jesarrita eta eskuetan zerbezarik ez dudala, baina aspaldiko ilusioa beteko dudalako pozak zoratzen. (07-10-22)
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Ikaragarria kontzertua, zoragarria! Garri guztiak zerrendan botatzen hasita ere –hunkigarri, zirraragarri, liluragarri, harrigarri…– motz geratuko nintzateke Mike Scott eta bere bandak bart emandako ikuskizuna azaltzerakoan. Kolorez betatako ekitaldia izan zen Arriagan The Waterboys-ek eskainitakoa: antzokiko argi joko apal baina ederragatik batetik eta talde britaniarraren errepertorio zabal eta ugariagatik bestetik. Unerik lasaienetako irlandar ahaireek iradokitako zelaien berdetasunetik hasi eta tarterik latzenetako mortu ilunetara arte. Folk-ean zein rock-ean maisu ageri zitzaizkigun eskoziarrak, aldean ia 50 urtedun Mike gaztea patroi zutela, sasoi eta eztarri oneko, kitarretan, pianoan zein instrumentu batere barik kantetako istorioak berak bakarrik dakien eran interpretatuz. Ezkerretara Hamelingo txirulariaren piuraduna bibolin eta bibolin-itxurako guztiak jotzen. Harrigarria gertatu zitzaidan tresna honek bere elektrikotasunean sortzen duen soinu distorsionatua, diskoan sarritan tronpeta edo saxotzat ere hartzen nuena. Eskuinetan teklatuekin borroka etengabean musiko zoro itxurako tximaluzea, hammondari erasoka ero. Atzean, nabarmen gertatu barik baxua eta bateriajole gaztea, egoki.

Edozein kanta du handi The Waterboys-ek, baina apropos eginda bezala, B serieko kantak jo zituztela gehiago iruditu zitzaidan, hit izatetik urrunago dauden kantak (Hori bai, The whole of the moon jo zuen zalerik gordinenen zoramenerako).

Gogoangarriak izan ziren, –horra beste -garri bat–, Medicine bow eta Red army blues. Lehenengoan, bideoklip batean moduko giroa lortu zuten kantaren erdian ralenti moduko batean hegaletako bi musikariak –bibolina eta hammonda– , operako mamuarenaren antzeko maskarak jantzita eta korrikarako zinta batean balego bezala trostan bibolin jolea, duelo musikal bizian aritu ziren.

Bestean, bigarreno diskoko Armada gorriaren bluesa gozokitxo bat izan zen zentzuetarako eta zertzeladaz betetako hamar minututan gaueko unerik epikoenetako bat bizi izan genuen.

Igartzen da waterboyszale amorratua naizela, ezta? Merezi izan zuen, bai, merezi zuenez lehenengo lerroko jarlekua lortzeko ahalegintxoak!

2007,October 6

Freebatasuna

Filed under: Eman ta zabal zazu

Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude

2007,October 5

Willis Drummond eta Sexty Sexers

Filed under: Rock Erotik

Futboleko konparazioak rockerako balio badu, izerdia eta espektakulua uztartzen dakien taldea rockanrollgintza huts eta oso-osoan dabil. Atzokoan bat barik bi izan ziren, talde euskaldun bi, Kafe Antzokian maila goren honetan aritu zirenak: Willis Drummond baionarrak eta dagoeneko euren aitabitxi ere izenda nazaketen (ñik!) Sexty Sexers beratarrak, handi bata zein bestea.

Iparraldekoei tokatu zitzaien rock gaua urratzea eta bat baino gehiago utzi gintuen ahozabalik euren emanaldi sendo eta kementsuak. Gartsu ekin zion Willis Drummond laukoteak erritmoak maisuki astintzen, abarrots bizietatik ralenti bareetara zein alderantziz, eta euren eskualdeko Lisabö taldearen ikutu psikotiko hori gogora ekarriaz.

Itxuraz Angus Young-en oldarraldiak gogorarazten dituen kitarrakeren atzean, Seattle kutsua darie kantetako askori (Nirvana, Soundgarden eta, kasuren batean, Pearl Jam ere bai) , bikain ahotsetan, eta Motorhead handien bertsiogintzan ere (Rock´n´roll) ez daukate jatorrizkoaren lotsarik.

Beratarren gainean ezin esan orain arte esandakoa baino gehiago. Maiatzetik hona dozena erdi bat bider ikusi ditut eta haziz doa euren taula gaineko eskola eta haziz mugiarazten duten entzuleria ere. Ostegunetik larunbatera arteko azken txanpa rockeroak izaten dituzte astero eta astebeteko kontzertu bateko batez bestearekin itxiko ei dute urtea, zenbakiak (50 bat) ikaragarriak dira.

Gazte(egi)ak izanda alderik alde menderatzen dute eszenatokia eta, anabasa kasualetik harago, mugimenduak ondo neurtzen dituzten susmopean dauzkat. Ez dirudite Euskal Herriko ere, eskenaren kontrol oso hau berezkoagoa dute suediar edo amerikarrek zioen musika kontuan autoritatetzat (ñik!) daukadan Sabin harrituak. Izan ere, soinu birringailua martxan, aretoa aldi bereko atentziogune anitzez bete eta nori begira jarri aukeratu beharrean uzten dute naparrek ikuslea behin baino gehiagotan.

Kontzertua primerakoa izan da ziostan Ibonek, azkenengo metroa galduko ez bazuen, bisik barik alde egin behar izan zuenean. Eta ni? Neure bataila hirurogeitasextarrez kuadrakide dudan lagun parea limurtu eta rock´n´rollez ederto asebeteta etxeratu zirenean, neu ere pozarren.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica