Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,September 8

Hot Dogs eta The Hangmen

Filed under: Rock Erotik

Denboraren joana bertikalean irudika badaiteke, jausi librean noa azken opor-egunetan behera itzulerako osin beltza jo arte eta, kontzertuen kronikagintzan gehienetan berdin esaten dudan arren, Hot Dogs zein The Hangmen taldeen ezagupide barik jo nuen Plateruena aretora burua astelehenaren pentsamendutik babestu nahian. Esango dut, irakaslea naiz eta bajoi ikaragarria daukat.

Hot Dogs taldea glam rockak Euskal Herrian eman duen ale bakarretakoa da Jon Iturbe malgukiaren gidaritzapean. Stooges, New York Dolls, eta Rolling Stones-en eraginen irabiakina da talde urretxuarrak eskaintzen duen musika eta emanaldi bizi-bizia lortzen dute Iturbe glamurtsu bezain nabarmenaren eta Iñigo Agirreazaldegi kitarra oldarkorraren bitartez. Idatziz azaldu ezindakoak dira kantari sosegubakoak jende artean egiten dituen agerraldi probokatzaile, soin ariketa lizun eta sugelandare mutilatuaren dardarak.
Bigarren kitarra batek, bateriak eta baxuak osatzen dute txakur beroen multzoa eta euretako azkenak ikusleria pasibo xamarra mugiarazi nahi izan zuen umeak baikinen gure artera paloteak jaurtiaz.

The Hangmen talde angeldarra zen gaueko izarra, rockzaleak zein punkzaleak asebetetzeko moduko laukotea. Ibilera luzeko jendea, joan eta etorri 20 bat urteko bizitza du The Hangmen-ek inguruotan gutxi ezagutu arren. Ni neu Eddie Spaghetti Supersuckers-ekoaren besoetakoak eta Cowpunk-aren sortzaile ziren amuak harrapatuta joan nintzen Durangora. Brian Small kantari-kitarrajolea beste barik zuzen aritu zen eta The Bellrays-eko kitarrajole bikaina (Tony Fate) izan zuen lagun handi. Neska zozotxo bat baxuan eta arazoak izan zituen bateriak osatzen zuten urkatuen koadrila eta hasieran lar bete ez baninduten ere, bigarren zatian kanta kateaketa estuan erakutsi zuten indar eta konpaktotasunak ahoa bete hortz utzi ninduen.

Horixe, ba. Familia giroko uda sikate musikalean igaro ondoren, urtesasoi hotzetako rock denboraldi beroa hasia dela, ikasturtea den guruzbidearen aringarri. Rockanrolla!!!

2 Comments »

The URI to TrackBack this entry is: http://jonas.blogsome.com/2007/09/08/hot-dogs-eta-the-hangmen/trackback/

  1. Bizi direnak azaltzen direla…
    Horixe, politikoek baino opor luzeagoak izanda martxa hartzea kostatu egiten dela, ezta? Lasai, osinik beltzenean ere izaten dira-eta argibideak. Hori bai, xuabe-xuabe hasi, ikasturteak luze jotzen du eta

    Comment by Jaio — 2007,September 9 @ 8:58 pm

  2. Aupa, Jaio! Eskerrik asko animoengatik. Egunerokoa orain artekoxea dela sinistuta, bake espiritualik sakonenean eta naturarekin bat eginda nengoela… BRAUST! ailegatu da ailegatu beharrekoa.

    Comment by Administrator — 2007,September 9 @ 9:05 pm

RSS feed for comments on this post.

Leave a comment

Line and paragraph breaks automatic, e-mail address never displayed, HTML allowed: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>























Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica