07, azken Azkena?
Zurrumurru hau dabil azkenaldian rockzaleen artean inguru honetako jaialdi handi honen gainean. Aurtengoan ez dela behar besteko talderik lortu eta, ondorioz, jendeak lepoa eman diola Azkenari, Gasteizko udala ez dela behar bezain eskuzabala izaten edota Bilbon amaituko duela, azkenean, Azkenak.
Ni neu bigarrenez izan naiz bertan eta ikaragarri ondo pasatu arren, ez dut uste berriro horrelako musika enpatxurik jasango dudanik. Entzundakoaren liseriketa patxada handiagoaz egin eta lerrotxo hauek idazterakoan ere burua argiago izan nahi dudalako. Bigarrena eta azkena, beharbada, sekula ziur esan ezin.

Barikukoan izan zen jaialdiko izenik handiena, Tool baina arrazoi sendoagoek behartuta zapatukoan izan naiz aurten. Ez zitzaidan aurrez bezperakoa baino askoz zerrenda eskaxagoa begitandu eta arratsalde-gauean zehar ikusitako hiru-lau taldek ondo ere ondo pasarazi zidaten. Izan ere, bertute erakusketa soila baino gehiago da jaialdi batean lortu behar dena eta, talde parea azpimarratuko dut, Sexty Sexers naparrek ez dute honetan hutsik egiten. Gero eta hobeto ezagutzen ari naizen Oscar Cubillo jaunari, El Correo Españoleko kritikaria berau, beratarrek mostradore gainera igotzea baino gehiago egin zuten (zer dela eta hain osti txarra euskal izenondoa aurretik daroanaren kontra?). Disfrutatuz jotzen dakienak jakin dakielako bozkarioa inori transmititzen. Hirurogeita sextarren gainerako dohainez sobera idatzi dut aurreko kontzertuen kroniketan.
Hoodo Gurus talde australiarra izan zen gehien harritu ninduena. Kasualitatea ala ez australiarrek ez dute musika kontuan kale egiten. 80. hamarkadan disko bakarra gailurreratzeko gauza izan zen talde popero xamarrak distortsio eta kitarra soinu latzagoak erakutsi zituen 25 bat urte geroago, haren ezagupiderik ez zuten zaletuak ere ahozabalik utziz. Soinu zentrifugatu sinestezinak osatzeko gauza izan zen Hoodo Gurus, ez zaie horratio jotzen ahaztu eta euren musika gaurko moldeetara egokitzen jakin dute power popera hurreratuz.
Ez diogu Super 400i begirik kendu beharko eta The Answer, lehen ere itzel, hazi egin zen gure begien aurrean, handi irlandarrak.