Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,September 29

Hiriko istorioak

Filed under: Rock Erotik

Hiriko istorioak norberaren hirian , eta hanken gainean hamabost bat ordu eginda ere, Antzokirantz ninderaman indar ezkutu batek. Hirugarrenez ikusi behar nuen disko beraren antzezpena eta neukan errezeloa bete zen: Ortuellako euskal astean iaz zein aurreragoko urtean Arriagan ikusitakoaren kalko igoal-igoala.

Diskoa behin eta berriro entzunda kantak buruz ere jarraitu ahal izateak eta nobedade ezak arretari eskaintzen dion atseden giro horretan, arin joan zitzaidan ekitaldia nekeak neke.

Gustura J.C. Perezen aurrera (…una suerte de Van The Man euskaldun. O. C. Zergatik hartu ete diot nik honelako enpagua morroi honi?) egindako urteroko osteratxoarekin, Big Band-en estilora lehen zatia, kitarra eta armonika dylanianoa ahoan, bigarrena. Betiko moduan.

Merezi izan du, Eremuko dunen atzetik dabil, zulo urdin guztiak miatu ezinik… zirraragarria berriro entzuteagatik bada ere.

2007,September 25

Ezetz?

Filed under: Zaharrak barri


2007,September 20

Polita ez baina ederrrraaaa!!!!

Filed under: Zaharrak barri

Gustura irakurri diot Irati Jimenez idazle gazteari, BERRIAko Larrepetit zutabean, Ederra izeneko artikulotxoa eta bat ere banator berarekin, urteekin, kanon estetikoak aldatzearekin batera, adjektibo honek sasoi bateko balioa galdu duela. Gaur egun, eder, gizen edo fuerte erdikiekin ibili beharrean, lodi esango zaio zuzenean arropa bete xamartzen duenari. Toto edo toto-toto Ondarruko hizkera xelebrean.

Gogoan dut, hala ere, pointer txakurrak nola, mugitzen zen eme hankabiko orori begira, Politxe ez, bañe ederrrrrrraaaaa!!! botatzen genuela gaztetan gauzak argitze aldera eta delako adjektiboa 90-60-90etik hurrerago egoten zela, zenbat eta r gehiagoz ahoskatu.

Geure pisu ideala formula matematikoen bitartez kalkulatu eta edertasunaren praka estuetan sartu behar dugun sasoi hauetan, ordea, irratian kilo kontuez ziharduen Fernando Sartorius delako batek aipatutakoa geratu zitzaidan gogoan, bere sinpletasunean edozeinek probatzeko modukoa da-eta. Formulak formula, aldagarri asko hartu behar baita aintzat, Kilo batzuk sobran ete ditut? galderak ispilu aurrean biluzik jarrita izan dezake erantzuna: salto, salto eta salto hasi eta dar-dar batean jartzen zaizkigun haragiak, horiexek ditugu sobran.

2007,September 9

Norena da gerizpea?

Filed under: Plazertxoak

Uda Euskal Herrian ematen dugunok ez gara eguzki printzak alferrik galtzeko moduan ibiltzen. Hori bai, ez zuen arrazoirik falta eguzkiak duen gauzarik onena gerizpea dela esan zuenak ere. Euritzarako guardasolik ere erabiltzen ez genuen sasoian sonbrila baten jabe inoiz izango ginenik amestu ere ez genuen egiten. Eta, bai, gertatu da. Umea ere oihalpe biribilean bero sapatik babestuko zen aitzakiarekin, geriza gozoari gustua hartu diogu, bizkor hartu ere.

Baina eguzkitakook ez dakarten prospektuaren FAQ atalean azaltzeko moduko tenorea bizi izan dut aspaldi ez dela. Zer egin bizkarraldean nonor dabilela sumatu, atzera begiratu eta emakume ezezagun zuriskara luze-luze etzanda itzalkide duzunean? Jabetza pribatua ete da gerizpea honelakoetan? Sonbrilakide plazerkide, dena dela.

2007,September 8

Hot Dogs eta The Hangmen

Filed under: Rock Erotik

Denboraren joana bertikalean irudika badaiteke, jausi librean noa azken opor-egunetan behera itzulerako osin beltza jo arte eta, kontzertuen kronikagintzan gehienetan berdin esaten dudan arren, Hot Dogs zein The Hangmen taldeen ezagupide barik jo nuen Plateruena aretora burua astelehenaren pentsamendutik babestu nahian. Esango dut, irakaslea naiz eta bajoi ikaragarria daukat.

Hot Dogs taldea glam rockak Euskal Herrian eman duen ale bakarretakoa da Jon Iturbe malgukiaren gidaritzapean. Stooges, New York Dolls, eta Rolling Stones-en eraginen irabiakina da talde urretxuarrak eskaintzen duen musika eta emanaldi bizi-bizia lortzen dute Iturbe glamurtsu bezain nabarmenaren eta Iñigo Agirreazaldegi kitarra oldarkorraren bitartez. Idatziz azaldu ezindakoak dira kantari sosegubakoak jende artean egiten dituen agerraldi probokatzaile, soin ariketa lizun eta sugelandare mutilatuaren dardarak.
Bigarren kitarra batek, bateriak eta baxuak osatzen dute txakur beroen multzoa eta euretako azkenak ikusleria pasibo xamarra mugiarazi nahi izan zuen umeak baikinen gure artera paloteak jaurtiaz.

The Hangmen talde angeldarra zen gaueko izarra, rockzaleak zein punkzaleak asebetetzeko moduko laukotea. Ibilera luzeko jendea, joan eta etorri 20 bat urteko bizitza du The Hangmen-ek inguruotan gutxi ezagutu arren. Ni neu Eddie Spaghetti Supersuckers-ekoaren besoetakoak eta Cowpunk-aren sortzaile ziren amuak harrapatuta joan nintzen Durangora. Brian Small kantari-kitarrajolea beste barik zuzen aritu zen eta The Bellrays-eko kitarrajole bikaina (Tony Fate) izan zuen lagun handi. Neska zozotxo bat baxuan eta arazoak izan zituen bateriak osatzen zuten urkatuen koadrila eta hasieran lar bete ez baninduten ere, bigarren zatian kanta kateaketa estuan erakutsi zuten indar eta konpaktotasunak ahoa bete hortz utzi ninduen.

Horixe, ba. Familia giroko uda sikate musikalean igaro ondoren, urtesasoi hotzetako rock denboraldi beroa hasia dela, ikasturtea den guruzbidearen aringarri. Rockanrolla!!!

2007,September 3

07, azken Azkena?

Filed under: Rock Erotik

Zurrumurru hau dabil azkenaldian rockzaleen artean inguru honetako jaialdi handi honen gainean. Aurtengoan ez dela behar besteko talderik lortu eta, ondorioz, jendeak lepoa eman diola Azkenari, Gasteizko udala ez dela behar bezain eskuzabala izaten edota Bilbon amaituko duela, azkenean, Azkenak.

Ni neu bigarrenez izan naiz bertan eta ikaragarri ondo pasatu arren, ez dut uste berriro horrelako musika enpatxurik jasango dudanik. Entzundakoaren liseriketa patxada handiagoaz egin eta lerrotxo hauek idazterakoan ere burua argiago izan nahi dudalako. Bigarrena eta azkena, beharbada, sekula ziur esan ezin.

Barikukoan izan zen jaialdiko izenik handiena, Tool baina arrazoi sendoagoek behartuta zapatukoan izan naiz aurten. Ez zitzaidan aurrez bezperakoa baino askoz zerrenda eskaxagoa begitandu eta arratsalde-gauean zehar ikusitako hiru-lau taldek ondo ere ondo pasarazi zidaten. Izan ere, bertute erakusketa soila baino gehiago da jaialdi batean lortu behar dena eta, talde parea azpimarratuko dut, Sexty Sexers naparrek ez dute honetan hutsik egiten. Gero eta hobeto ezagutzen ari naizen Oscar Cubillo jaunari, El Correo Españoleko kritikaria berau, beratarrek mostradore gainera igotzea baino gehiago egin zuten (zer dela eta hain osti txarra euskal izenondoa aurretik daroanaren kontra?). Disfrutatuz jotzen dakienak jakin dakielako bozkarioa inori transmititzen. Hirurogeita sextarren gainerako dohainez sobera idatzi dut aurreko kontzertuen kroniketan.

Hoodo Gurus talde australiarra izan zen gehien harritu ninduena. Kasualitatea ala ez australiarrek ez dute musika kontuan kale egiten. 80. hamarkadan disko bakarra gailurreratzeko gauza izan zen talde popero xamarrak distortsio eta kitarra soinu latzagoak erakutsi zituen 25 bat urte geroago, haren ezagupiderik ez zuten zaletuak ere ahozabalik utziz. Soinu zentrifugatu sinestezinak osatzeko gauza izan zen Hoodo Gurus, ez zaie horratio jotzen ahaztu eta euren musika gaurko moldeetara egokitzen jakin dute power popera hurreratuz.

Ez diogu Super 400i begirik kendu beharko eta The Answer, lehen ere itzel, hazi egin zen gure begien aurrean, handi irlandarrak.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica