Sexty Sexers (4)
Bilbo Zaharreko jaietan Sexty Sexers-i ikusitako enegarren ekitaldia aitzaki, parentesitxoa egingo dut opor sasoiaren meridianoan. Juzzlen-ek iradokita eta orain arteko guzti-guztien kronikak eginda, etenak zorte txarra ekarriko didalakoan…
Aspaldian zapaldu barik nituen La Vieja-ko zurkuluok eta Bilbo top-model aurpegipolitaren ifrentzuak zer biziaraziko zidan irrika, jakinmin eta armintasunez bertaratu nintzen, beti izan da abentura errekaren bestalderatzea.
Edozein jai herrikoitan gertatzen den bezala, pelaje ezberdineko jendea, fauna ugaria, txosna ingurutik eszenatokira hurreratzen dena. Ez behar beste baina. Nuuk At-i galdetu bestela. Gogotsu saiatu ziren baina ez zuten jendearen eszenatokipeko beldurra uxatzerik lortu, aitzur psikodelikodun emakumea tarte hutsa betetzen saiatu zen arren. Joseba Electric child kitarrakide zutela ekin zioten gogorren eta inoiz musiko izandako melokotoi susmagarridunak Son muy buenos, se lo han kurrau porke se han tirau por los suelos zioen, me emociono porke yo tambien he tocado rock & roll ziotson alboan artzain zuen emazte harrituari. Arazo teknikoak tarteko, argia ere joan zitzaien zornotzarrei, Usoak diagnostiko zuzena egin zuen, Gaur ez da gure gaua.
Sexty Sexers-ek jo behar zuen hurrengo eta bitarte horretan substantzia psikotropikoen eraginpean zegoen poz psikodelikodunak bere egin zuen mikroa eta, han goian, zabal eta punk erakutsi zituen bere dohain artistikoak sasoi bateko Ilegales-en letra batzuk zelan edo halan gogoratuaz. No sabeis donde habeis metido el kulo, ¡kinkis! mehatxatu zituen Berakoak.
Biharamunean Castro Rock-en zeukaten hitzorduari begira ibili barik, dena emanda aritu ziren beratarrak, aurretik azaldutako kontzertuen ildotik: Mikelen gidaritzape kementsuan jendea zoratu beharrean jarri arte , beti bezain trinko jardun zuen kitarra-baterien makinariak. Josebaren eta Julenen eskutik, jende artera salto eginda, entzulerik apalankatuenak ere martxan jartzen dituen oldarraldi elektrikoak ikusgarri gertatzen dira; lehenengoa behearen gainean rock around the clock modukoan garra-garraka ala bigarrena, Juzz, inoiz baino suizidago, ikusleen musturren aurrean, aidean, hanka urkulua zabal-zabalik artazikada itzela marraztuaz.
Amaitu orduko, goizaldeko ordu biak aldera, etxerantz jo nuen hirurogeita sextarrak agurtzeko astirik ere hartu barik. Eurak ez zuten ikusi, nik bai, kontzertua iturri ondoan gorputz-adarrak atera beharrean dantza sutsuan emandako hegoamerikarra, San Antongo zubia pasatzen, ¡DEPUTAMADRE! liberatzailea behin eta berriro amorruz beteta oihukatuz eta, ahoa ezin zabalago, errekan gora eztarria urratzerainoko orroak boteaz: ¡AAAAAAAAAAAAAHHHHHHHHHHH!
Zuen erruz, Sexty, zuen erruz!