Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,July 28

Sexty Sexers (4)

Filed under: Rock Erotik

Bilbo Zaharreko jaietan Sexty Sexers-i ikusitako enegarren ekitaldia aitzaki, parentesitxoa egingo dut opor sasoiaren meridianoan. Juzzlen-ek iradokita eta orain arteko guzti-guztien kronikak eginda, etenak zorte txarra ekarriko didalakoan…

Aspaldian zapaldu barik nituen La Vieja-ko zurkuluok eta Bilbo top-model aurpegipolitaren ifrentzuak zer biziaraziko zidan irrika, jakinmin eta armintasunez bertaratu nintzen, beti izan da abentura errekaren bestalderatzea.

Edozein jai herrikoitan gertatzen den bezala, pelaje ezberdineko jendea, fauna ugaria, txosna ingurutik eszenatokira hurreratzen dena. Ez behar beste baina. Nuuk At-i galdetu bestela. Gogotsu saiatu ziren baina ez zuten jendearen eszenatokipeko beldurra uxatzerik lortu, aitzur psikodelikodun emakumea tarte hutsa betetzen saiatu zen arren. Joseba Electric child kitarrakide zutela ekin zioten gogorren eta inoiz musiko izandako melokotoi susmagarridunak Son muy buenos, se lo han kurrau porke se han tirau por los suelos zioen, me emociono porke yo tambien he tocado rock & roll ziotson alboan artzain zuen emazte harrituari. Arazo teknikoak tarteko, argia ere joan zitzaien zornotzarrei, Usoak diagnostiko zuzena egin zuen, Gaur ez da gure gaua.

Sexty Sexers-ek jo behar zuen hurrengo eta bitarte horretan substantzia psikotropikoen eraginpean zegoen poz psikodelikodunak bere egin zuen mikroa eta, han goian, zabal eta punk erakutsi zituen bere dohain artistikoak sasoi bateko Ilegales-en letra batzuk zelan edo halan gogoratuaz. No sabeis donde habeis metido el kulo, ¡kinkis! mehatxatu zituen Berakoak.

Biharamunean Castro Rock-en zeukaten hitzorduari begira ibili barik, dena emanda aritu ziren beratarrak, aurretik azaldutako kontzertuen ildotik: Mikelen gidaritzape kementsuan jendea zoratu beharrean jarri arte , beti bezain trinko jardun zuen kitarra-baterien makinariak. Josebaren eta Julenen eskutik, jende artera salto eginda, entzulerik apalankatuenak ere martxan jartzen dituen oldarraldi elektrikoak ikusgarri gertatzen dira; lehenengoa behearen gainean rock around the clock modukoan garra-garraka ala bigarrena, Juzz, inoiz baino suizidago, ikusleen musturren aurrean, aidean, hanka urkulua zabal-zabalik artazikada itzela marraztuaz.

Amaitu orduko, goizaldeko ordu biak aldera, etxerantz jo nuen hirurogeita sextarrak agurtzeko astirik ere hartu barik. Eurak ez zuten ikusi, nik bai, kontzertua iturri ondoan gorputz-adarrak atera beharrean dantza sutsuan emandako hegoamerikarra, San Antongo zubia pasatzen, ¡DEPUTAMADRE! liberatzailea behin eta berriro amorruz beteta oihukatuz eta, ahoa ezin zabalago, errekan gora eztarria urratzerainoko orroak boteaz: ¡AAAAAAAAAAAAAHHHHHHHHHHH!

Zuen erruz, Sexty, zuen erruz!

2007,July 5

OPORRENGATIK ITXITA

Filed under: Zaharrak barri

Blogetik haragoko bizitza ere badelako… ala ez?

Tokyo Ska Paradise Orchestra

Filed under: Rock Erotik

Japoniar begiurratu koadrila bat umore txarreko jarri eta karatean hasten denean… Ezagun dugu zein bihurri eta zital izan daitezkeen ekialdeko gizasemeok.

Eszenatoki baten gainean, mota ezberdineko instrumentuak aho-eskuetan, ska, jazza eta erritmo latinoak nahasiz, zer eman dezakete hamar bat japoniar lotsabakok? Dantza zoroa, anabasa totala, ostikaden pareko oihu erritmikoak eta etengabeko apoteosia klarinete, saxofoi, hammond, kitarra, bateria eta besteren soinupean.

Ez diot kalitaterik ukatuko praka ilun eta amerikana bexez jantzita antzinako orkesten antzera agertzen den TSPO taldeari. Pogo zoroan jauzi eta sakakada batzuk egin nahi izan dituenarentzat zoragarri; futbol giroan loroloroloroloroloroka edo papapara parapapaka disfrutatzen duena ere ez da aspertu eta Madness-en hankajokoa, Mano Negra-ren mixtura edo Ramones-en erritmo setatia maite dutenak asebetetzeko bestekoa ere izan da.

Gauza handia izango zen errezeloak eroan nau gaurkoan Kafe Antzokira eta halaxe izan da, bertan ikusitako kontzerturik ospatuena izan da-eta: jende mordoa, dantzarako gogo itzela eta artisten gurpen erabatekoa. Jakinminaren harrak mugitu arren, ni neu zerk betetzen nauen ezagutzen hasita, ez dut japoniarrok eskainitakoarekin konektatu. Blogurtearen amaieran Rock Erotik atalean azaldutako ekitaldi guztien nekea izango da beharbada. Ondo pasatu uda, banoa.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica