La Cabra Mecánica
Ez ei dira berdinak nopagantez jositako kontzertuak eta neu ere ados nago baieztapenarekin, La Cabra Mecánica ikusten Jose Mari eta familia eta Marrekin konpainia ederrean egon banintzen ere. Horixe, ba, Debalde Mutrikutik harantz izan arren, Sestaoko jaietan debalde jo zuen La Cabra-k eta ezinbestekoa nuen orain urte eta erdi Plateruena areto itxian ikusitakoarekin alderatzea.

Piztia probokatzailea da Lichis agertokian: baxu-kitarra beste morroi baten esku utzi eta etengabean saltoka, mihia kanpoan, eskua potroetan zein taldekideei zirika aske eta lotsabako ikusi nuen Terrassako madrildarra. Crescendo neurtu batean aletzen du bere errepertorio kopuru zein ezaugarritan ugaria, Que te follen eskatuena, eta ez du asperdurarako zirrikiturik uzten, kanta bitarte guztietan entzulea bere umore garratz eta korrosiboaz zipriztinduz. Kontzertuaren azken hondarretan gaur egun Dylan-ek berak egingo ez lukeen bezala ekin zion akustikoa eskuetan Knocking on a heaven´s door klasikoari.
Badira hamar bat urte La Cabra Mecánica musikaren zirkuan sartu zela eta, berriro esango dut, markatuta dagoen taldea da, madarikazioan bizitzera kondenatutako taldea, baina harro dago Lichis hartutako paperean, orain baino hamar urte gazteago paradoxikoki, farlopin konplex botikaren eraginpean puztutako gazte zaharra zirudien-eta orduan.