Oilobusti zuri-gorria
Ezkerretara zein eskumatara jotzen dut zapatu-domeketan eguna pasatzera. Ez da egun egokia izan, eskumatara, A8a Donostia alderantz hartzeko: han gu baino ere urduriago ibiliko bide ziren eta, gainera, gure zoritxarra izango lukete zorion, rollo eskaxa. Baleee, benetako lehoizaleak Santimamiñen beharko zuen gaur orroaka (zelaian ala kobazuloan?), baina egonezari aurre egin beharrean, oilo bustiaren modura ihes egin dut ezkerretarantz. Honaxe:

Argazkiak ondo erakutsi ez arren, zoragarria da La Ballena deritzon lurmutur hau, badakizue non dagoen? Olatu hotsak mantsotuta bertan eutsi diot luzaroan, trankil, eta futbolaren ingurukorik entzun barik biharamunera arte egon beharko nukeela pentsatu arren, erloju salatariak, 18:50, izan behar zuena ordurako bazela eta kotxerantz bultzatu nau modu irrazionalean:
Athletic-ek eutsi, eup!, arnas egin dut; Erreala jaitsi, futbola baino ez dok, laguntzarra! Ez batarekin hartu dut hainbesteko pozik, ez bestearengatik tristetu naiz lar, amama Agustinaren hitzak buruan: Bihar ogirik ez da guretzat debalde izango-eta… Gorago edo beherago, goizago ala beranduago, laster gara elkarrekin giputzok, sinestu.