Ezkortasunaren sendabelarra
Bezperako egunkaria baino gauza zaharragorik ez badago, zer esango dugu, hemen, herrigintzan erabakior gertatzen diren egoerak hain tarte laburrean norabide ezberdina hartzen dutenean. Egunotan hainbestetan aitatzen den ezkortasunerako arrazoiak, tamalez, lehenagotik ere baziren eta iruditzen zait gaurko egunez ideia hori azpimarratzeak herri honetako politiko ezinduen oskol babesgarri izateko baino ez duela balio.
Nekatuta gaude, bai, aspertuta euskal gatazka pauso bat aurrera eta bi atzera egiten ikusteaz; politikagintza lanbide duen bizizale aldra bertangoxoa betiko bake, plan, negoziazio, kondena eta ilegalizazioak ahotan dituztenez aspertuta.
Urteetan behin eta berriro entzundako uste, iritzi eta adierazpen errepikakorrek eragiten didaten zurrunbilo lausoan, domekako BERRIAn Pako Aristiri irakurritako Trenbide mortuaren poemako txatal bat baliatuko dut neure aldartearen adierazle:
Tabernan ez dut inor ilusionatuta ikusi ETAk berriro borroka armatuari ekin diolako. Izaten da, bada, euforia hori, itxaropenak hegaldatzen dituen espektatiba horiek, arnasa ere pittin bat azkarrago hartzera bultzatzen zaituztenak; bada ez, ez dut holakorik sumatu, ezta geroago ikusi edo telefonoz pribatuki mintzatzeko harrapatu ditudan lagunengan ere.
Telebistako agerpenetan bai, ordea, ikusi uste izan dut ilusioa, irribarre ezin gordeak, espektatiben hegal-zabalketa, batez ere eskuindarren aurpegietan. Eta neure artean pentsatu dut: zer borroka armatu da hau Espainia osoko eskuin frankista-faxista pozten duena?
…Tele5-ek orain urte batzuk erakutsitako zabor-erreportaje batean Herriko Taberna batean jasotako harribitxiak jarraitzen du sendabide izaten:
Espainolek egin gaituzte nazionalista. Guk, euskaldun izatearekin nahikoa genuen. Espainolek behartu gaituzte abertzale izatera.
Zaila da hitz gutxiagotan gehiago esan eta Euskal Herriko arazo politikoaren muina hobeto adieraztea. Horra ezkortasunaren sendabelarra.