Jakinminaren harra
Kuxkuxerotzat jotzen zutenean bera komentarista zela esaten zuen aspaldiko lagun batek. Ezin da kuriositatea gauza txartzat ere hartu inori kalte egiteko barik, informazio gosea baino ez denean.
Nire kasuan, aitortu behar dut, jakinminak oinaze maila ere hartu dezake jakin, ezagutu edo konprobatu beharreko horren txandari joaten utziz gero. Horixe bera ebitatu dut gaur ere.

Eguneko menutxoak berak baino askozaz gehiago ase ninduen zerbiketa lanean atzera-aurreraka zebilen neskatila gazte xarmantak, diskrekzioagatik izendatuko ez dudan jatetxe batean. Ordu erdi ere ez da ohiko supermerkatuan ikusi uste izan dudala, ni esparragotan eta bera latako arto garautan. Jo batera, jo bestera dudatan ibili naiz, Bera da, ez da bera?, mutiko segail bat bizkarzain izan arren eta lotsak lotsa ez dut bakerik izan eskolamutil baten modura Zu zara harako jatetxeko zerbitzaria? jaurti arte. Haren irribarre polita berriro ere goxatu eta, bide batez, zirika zebilkidan harra hil dut, plazer handiz hil ere.