Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,June 1

Centro-Matic eta The Sadies

Filed under: Rock Erotik

Teknologia berrien akademia eta ikuzgailu automatikoen bitarteko izendun taldea, Centro-Matic, ikustera joatea erabaki nuen azkenean. Sabin neu nindoan aitzakian eta neu ere Sabin zihoan aitzakian. Drive by Truckers taldeko gidarietako batek ere, Patterson Hood, izan zuen errutxoa ñabardura eta zimurrez betetako maisulantzat jo zuelako talde texastarraren Fort Recovery, entzunaldi bakoitzean ikutu bitxiren bat erakusten duten horietakoa.

Ez jende larregirik ere Kafe Antzokian, Shellac-en betekadatik urrun. Ohi baino jende nagusiagoa inguruan, hasieran The Who efektupeko rockero berpiztuak pentsatu genuen.

Bibolin-kitarra xuabe-xuabeak jokoan hasi zuen ekitaldia lehen taldeak eta The Sadies zirelakoan egon ginen aurkezpenak egin zituzten arte. Texas iparraldekoak, laukotea, eskuin aldean kokatutako kitarra jolea kantari, Will Johnson, ahots ezti eta goxoa batzuetan, sarkorra eta urratua besteetan. Beste hainbeste esan daiteke kitarrez, lasaitasunetik zakarrerako jite progresiboa ia-ia kanta guztietan baina amaiera aldeko tarte kitarrero zoroa goizegi eteteko joera. Baxu joten ibili ondoren, pianoaz osatu zuen Scott Danbom-ek oinarri erritmikoa eta bikain aritu zen teklen gainean eman ahalean. Dotorea eta xumea izan zen Centro-Matic-en emanaldia, rock amerikar sustraidunaren eta 90eko indie musikaren arteko koktela, hori bai, harrigarria gertatu zitzaigun hamar bat disko kaleratutako taldea hain apal eta askotan lepoa emanda lotsati aritzea. Aktitude falta my friend.

Hasieran bestera behar zuen arren, promotoreek biziagotzat jo zituen The Sadies kanadiarrak eta, Centro-Matic-en kalteko, eurei eskaini zitzaien izarren txanda. Trajez jantzita, porrua baino gizon luzeago bi hegal banatan, kitarrak eskuetan. Traza bereko gorpuzkerak geroago jakin dudanaren errezeloa eragin zidan: Dallas eta Travis anaiak dira, Good anaiak. Amerikarrek baino planta eta piura handiagoak erakutsi behar zituztelakoan, traba zitzaion Dallasi bere erraldoitasuna eta Travisek, tente-tente, ahoa eta eskuturretik gorako atzamarrak baino ez zituen mugitzen. Teknika ukaezinez, hala ere, kitarrak zorrotz eta garbi jo zituzten distortsio orori muzin eginez eta, anaien besoak gurutzatuta, batak bestearen kitarra mastari ekin zioneko duoa ederra izan zen. Kontrabaxu itzelak eta bateriak osatzen zuten laukotea eta kuriositate handiz jarraitu genuen euren jardun sailkaezina: Alt-country-tik abiatuta makinatxo bat generotan zehar ibili ziren, popa, rocka, folka, surfa eta psikodelia hiru minututik beherako kantetan kateatuaz eta, momentu batzuetan, aretora hautsez betetako western giro beroa ekarriaz eta edadekoenak jauzi eta orroaka jarriaz. Generoaren tipismoagatik-edo, tarterik aspergarrienak far westeko hauek izan ziren niretzat eta hanka zein buru bako azken kantu sikotikoa bikainena. Ez daukat beste hitzik, harrigarria.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica