Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,June 30

La Cabra Mecánica

Filed under: Rock Erotik

Ez ei dira berdinak nopagantez jositako kontzertuak eta neu ere ados nago baieztapenarekin, La Cabra Mecánica ikusten Jose Mari eta familia eta Marrekin konpainia ederrean egon banintzen ere. Horixe, ba, Debalde Mutrikutik harantz izan arren, Sestaoko jaietan debalde jo zuen La Cabra-k eta ezinbestekoa nuen orain urte eta erdi Plateruena areto itxian ikusitakoarekin alderatzea.

Piztia probokatzailea da Lichis agertokian: baxu-kitarra beste morroi baten esku utzi eta etengabean saltoka, mihia kanpoan, eskua potroetan zein taldekideei zirika aske eta lotsabako ikusi nuen Terrassako madrildarra. Crescendo neurtu batean aletzen du bere errepertorio kopuru zein ezaugarritan ugaria, Que te follen eskatuena, eta ez du asperdurarako zirrikiturik uzten, kanta bitarte guztietan entzulea bere umore garratz eta korrosiboaz zipriztinduz. Kontzertuaren azken hondarretan gaur egun Dylan-ek berak egingo ez lukeen bezala ekin zion akustikoa eskuetan Knocking on a heaven´s door klasikoari.


Badira hamar bat urte La Cabra Mecánica musikaren zirkuan sartu zela eta, berriro esango dut, markatuta dagoen taldea da, madarikazioan bizitzera kondenatutako taldea, baina harro dago Lichis hartutako paperean, orain baino hamar urte gazteago paradoxikoki, farlopin konplex botikaren eraginpean puztutako gazte zaharra zirudien-eta orduan.

2007,June 27

Gaizkiaren ardatza

Filed under: Kirol ez kirol

Ortografia akatsez josita egoteagatik ez ei dute behar bezala ulertu, baina oraingoan ere jakin dute euren ezinikusien jopuntua aurkitzen: Chavez-Chaos gaizkiaren konexioa.

Honelako harribitxiak eskaintzen dizkigun egunkariaren harpidetza egiteko aitzakiatan jarraituko duzue?

2007,June 23

Hirurogeita sextarrak

Filed under: Rock Erotik

Hara, atzo entzuten egon nintzen taldearen diskoa erosi dut, aditu, aditu!!! niotson andreari urte kopuruak gris koloreko seriotasunaren berme beharko lukeen sasoian, eta berak lehor: Hau entzutera joan zara bart? Zuk, Asier, burua ez daukazu ondo!

Barre algarak aurpegia argitzen zion Joseba Ume elektrikoari, euren musikaren erruz sortutako arazo domestikotxoaren berri entzunda.

Plazerra izan zen Borja Fotoborja bitarteko, hirurogeita sextarrekin zerbeza zurrutadatxo batzuk konpartitzea; eskuz eskuko katxi herrikoiari uko egin barik solasaldi atseginari eustea bakarrik.

Julen Juzzsuicide afroburuak itxuraz Getzoko neskatoren batekin izandako xelebrekeria zekarren ahotan. Marah-ren kamiseta soinean eroateagatik markatuko ninduela. Zer??? nik. Barkatu aditza nor-nork eran erabilita sortu zidan nahastearen erruz ustezko mehatxuak aztoratuta: Kamiseta hori eroanda dena barkatuko dizut!!! Arnas nik, trankil. Ez bide zion graziarik egin harako kronikan bere ile zapatza Phill Lynott-enaren erreplika merketzat jotzeak. Barkatu bazilea, Juzz.

A, kontzertuaren gainean ez dut ezer esan? Hirugarrena ez da onena izan. Sexty Sexers-ek Leioako jaietan eman behar zuen kontzertu dantzaria, programa ofizialean atzoko programatuta, alternatiboan gaurko, zalantza-dantza, ez da ailegatu Sestaon bizi izandakoaren (iz)erdira. Eta ez da artisten errua izan, hauek beti bezala dena emanda ibili dira eta. Txosnaz inguratutako hondar arloa , San Juanak, fauna ugaria nor bere rolloak darabilela… Bitxia down sindromedun mutikoak zein intentsitate handiz bizi izan zuen atzokoa. Ikusitakoetatik eszenario handienean gaur aritu dira eta, tamalez, baita altuenean ere; goregi Joseba Electric Child jende artera etorri eta behearen gainean garra-garraka ibiltzeko. .. Eta, oraingoan, zer dio, ba, kontzertuak???

2007,June 17

Oilobusti zuri-gorria

Filed under: Kirol ez kirol

Ezkerretara zein eskumatara jotzen dut zapatu-domeketan eguna pasatzera. Ez da egun egokia izan, eskumatara, A8a Donostia alderantz hartzeko: han gu baino ere urduriago ibiliko bide ziren eta, gainera, gure zoritxarra izango lukete zorion, rollo eskaxa. Baleee, benetako lehoizaleak Santimamiñen beharko zuen gaur orroaka (zelaian ala kobazuloan?), baina egonezari aurre egin beharrean, oilo bustiaren modura ihes egin dut ezkerretarantz. Honaxe:

Argazkiak ondo erakutsi ez arren, zoragarria da La Ballena deritzon lurmutur hau, badakizue non dagoen? Olatu hotsak mantsotuta bertan eutsi diot luzaroan, trankil, eta futbolaren ingurukorik entzun barik biharamunera arte egon beharko nukeela pentsatu arren, erloju salatariak, 18:50, izan behar zuena ordurako bazela eta kotxerantz bultzatu nau modu irrazionalean:
Athletic-ek eutsi, eup!, arnas egin dut; Erreala jaitsi, futbola baino ez dok, laguntzarra! Ez batarekin hartu dut hainbesteko pozik, ez bestearengatik tristetu naiz lar, amama Agustinaren hitzak buruan: Bihar ogirik ez da guretzat debalde izango-eta… Gorago edo beherago, goizago ala beranduago, laster gara elkarrekin giputzok, sinestu.

2007,June 11

Ezkortasunaren sendabelarra

Filed under: Eman ta zabal zazu

Bezperako egunkaria baino gauza zaharragorik ez badago, zer esango dugu, hemen, herrigintzan erabakior gertatzen diren egoerak hain tarte laburrean norabide ezberdina hartzen dutenean. Egunotan hainbestetan aitatzen den ezkortasunerako arrazoiak, tamalez, lehenagotik ere baziren eta iruditzen zait gaurko egunez ideia hori azpimarratzeak herri honetako politiko ezinduen oskol babesgarri izateko baino ez duela balio.

Nekatuta gaude, bai, aspertuta euskal gatazka pauso bat aurrera eta bi atzera egiten ikusteaz; politikagintza lanbide duen bizizale aldra bertangoxoa betiko bake, plan, negoziazio, kondena eta ilegalizazioak ahotan dituztenez aspertuta.

Urteetan behin eta berriro entzundako uste, iritzi eta adierazpen errepikakorrek eragiten didaten zurrunbilo lausoan, domekako BERRIAn Pako Aristiri irakurritako Trenbide mortuaren poemako txatal bat baliatuko dut neure aldartearen adierazle:

Tabernan ez dut inor ilusionatuta ikusi ETAk berriro borroka armatuari ekin diolako. Izaten da, bada, euforia hori, itxaropenak hegaldatzen dituen espektatiba horiek, arnasa ere pittin bat azkarrago hartzera bultzatzen zaituztenak; bada ez, ez dut holakorik sumatu, ezta geroago ikusi edo telefonoz pribatuki mintzatzeko harrapatu ditudan lagunengan ere.

Telebistako agerpenetan bai, ordea, ikusi uste izan dut ilusioa, irribarre ezin gordeak, espektatiben hegal-zabalketa, batez ere eskuindarren aurpegietan. Eta neure artean pentsatu dut: zer borroka armatu da hau Espainia osoko eskuin frankista-faxista pozten duena?

…Tele5-ek orain urte batzuk erakutsitako zabor-erreportaje batean Herriko Taberna batean jasotako harribitxiak jarraitzen du sendabide izaten:

Espainolek egin gaituzte nazionalista. Guk, euskaldun izatearekin nahikoa genuen. Espainolek behartu gaituzte abertzale izatera.

Zaila da hitz gutxiagotan gehiago esan eta Euskal Herriko arazo politikoaren muina hobeto adieraztea. Horra ezkortasunaren sendabelarra.

2007,June 5

Jakinminaren harra

Filed under: Plazertxoak

Kuxkuxerotzat jotzen zutenean bera komentarista zela esaten zuen aspaldiko lagun batek. Ezin da kuriositatea gauza txartzat ere hartu inori kalte egiteko barik, informazio gosea baino ez denean.

Nire kasuan, aitortu behar dut, jakinminak oinaze maila ere hartu dezake jakin, ezagutu edo konprobatu beharreko horren txandari joaten utziz gero. Horixe bera ebitatu dut gaur ere.

Eguneko menutxoak berak baino askozaz gehiago ase ninduen zerbiketa lanean atzera-aurreraka zebilen neskatila gazte xarmantak, diskrekzioagatik izendatuko ez dudan jatetxe batean. Ordu erdi ere ez da ohiko supermerkatuan ikusi uste izan dudala, ni esparragotan eta bera latako arto garautan. Jo batera, jo bestera dudatan ibili naiz, Bera da, ez da bera?, mutiko segail bat bizkarzain izan arren eta lotsak lotsa ez dut bakerik izan eskolamutil baten modura Zu zara harako jatetxeko zerbitzaria? jaurti arte. Haren irribarre polita berriro ere goxatu eta, bide batez, zirika zebilkidan harra hil dut, plazer handiz hil ere.

2007,June 1

Centro-Matic eta The Sadies

Filed under: Rock Erotik

Teknologia berrien akademia eta ikuzgailu automatikoen bitarteko izendun taldea, Centro-Matic, ikustera joatea erabaki nuen azkenean. Sabin neu nindoan aitzakian eta neu ere Sabin zihoan aitzakian. Drive by Truckers taldeko gidarietako batek ere, Patterson Hood, izan zuen errutxoa ñabardura eta zimurrez betetako maisulantzat jo zuelako talde texastarraren Fort Recovery, entzunaldi bakoitzean ikutu bitxiren bat erakusten duten horietakoa.

Ez jende larregirik ere Kafe Antzokian, Shellac-en betekadatik urrun. Ohi baino jende nagusiagoa inguruan, hasieran The Who efektupeko rockero berpiztuak pentsatu genuen.

Bibolin-kitarra xuabe-xuabeak jokoan hasi zuen ekitaldia lehen taldeak eta The Sadies zirelakoan egon ginen aurkezpenak egin zituzten arte. Texas iparraldekoak, laukotea, eskuin aldean kokatutako kitarra jolea kantari, Will Johnson, ahots ezti eta goxoa batzuetan, sarkorra eta urratua besteetan. Beste hainbeste esan daiteke kitarrez, lasaitasunetik zakarrerako jite progresiboa ia-ia kanta guztietan baina amaiera aldeko tarte kitarrero zoroa goizegi eteteko joera. Baxu joten ibili ondoren, pianoaz osatu zuen Scott Danbom-ek oinarri erritmikoa eta bikain aritu zen teklen gainean eman ahalean. Dotorea eta xumea izan zen Centro-Matic-en emanaldia, rock amerikar sustraidunaren eta 90eko indie musikaren arteko koktela, hori bai, harrigarria gertatu zitzaigun hamar bat disko kaleratutako taldea hain apal eta askotan lepoa emanda lotsati aritzea. Aktitude falta my friend.

Hasieran bestera behar zuen arren, promotoreek biziagotzat jo zituen The Sadies kanadiarrak eta, Centro-Matic-en kalteko, eurei eskaini zitzaien izarren txanda. Trajez jantzita, porrua baino gizon luzeago bi hegal banatan, kitarrak eskuetan. Traza bereko gorpuzkerak geroago jakin dudanaren errezeloa eragin zidan: Dallas eta Travis anaiak dira, Good anaiak. Amerikarrek baino planta eta piura handiagoak erakutsi behar zituztelakoan, traba zitzaion Dallasi bere erraldoitasuna eta Travisek, tente-tente, ahoa eta eskuturretik gorako atzamarrak baino ez zituen mugitzen. Teknika ukaezinez, hala ere, kitarrak zorrotz eta garbi jo zituzten distortsio orori muzin eginez eta, anaien besoak gurutzatuta, batak bestearen kitarra mastari ekin zioneko duoa ederra izan zen. Kontrabaxu itzelak eta bateriak osatzen zuten laukotea eta kuriositate handiz jarraitu genuen euren jardun sailkaezina: Alt-country-tik abiatuta makinatxo bat generotan zehar ibili ziren, popa, rocka, folka, surfa eta psikodelia hiru minututik beherako kantetan kateatuaz eta, momentu batzuetan, aretora hautsez betetako western giro beroa ekarriaz eta edadekoenak jauzi eta orroaka jarriaz. Generoaren tipismoagatik-edo, tarterik aspergarrienak far westeko hauek izan ziren niretzat eta hanka zein buru bako azken kantu sikotikoa bikainena. Ez daukat beste hitzik, harrigarria.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica