Shellac
Apurtxo bat ere ezagutu barik, atzo bertan erabaki nuen Noise on Tour Rock izeneko ekitaldien artean Shellac-ena ikustera joatea. Delitua izan ei zitekeen bidean hain gutxi dabilen talde paregabe hau etxean izan eta ez ezagutzea. Hasteko, harritu egin ninduen niretzat ezezaguna zen taldea ikusteko eguasten gauez Kafe Antzokia hain beteta ikusteak. Hantxe ginen taldearen beti-betiko miresleak eta neu. Beranduxeago han agertu behar zuenak berezia izan behar zuela-eta, jende artean aurrerantz jo nuen detaile txikienik ere ez galtzeko. Hirukotean jardun behar zuten, rock´n´rollaren oinarri-oinarrizko soinuak , bateria, kitarra eta baxua. Hurrenkera honetan bai.
Todd Trainer bateriajole motza izan zen nire iritzirako taldearen izakera azpimarratzen duen gizona. Eszenatokiaren erdi-erdian, aurrean, kokatu zuten perkusio tramankulua beste taldekideen artetxoan. Shellac soinuaren gidari nagusi, duda barik, eta prezisio makina itzela eskuetan baketak zituela.
Steve Albini Pixies eta Nirvana bezalako taldeen ekoizle izandakoa (superrekoizle mitikoa) taldeburu, garrasilari zein boxeolarien antzeko hanka-jokoan animadore ezkerretan. Letra kantari baino indar handiagoa du erritmo gordinetan talde chicagoarrak eta abeslari lanean tonbola-berriketari mitinlaria zirudien Albini jaunak. Kitarra txirriots batean jartzen zuela nahiago, ixilik, musika deskribatzeko dudan gaitasun urriak Albinik eragindako soinu harrigarriak azaltzeko balio ez didan arren.
Eskumatan, Bob Weston baxujolea, instrumentua ohi baino ozenago eta bortitzago joaz, aurreko bien arteko zubilanean, ez eurak bezain espektakular.
Ez zitzaidan Shelac erraz gustatzeko moduko taldea iruditu baina taldeko hiru elementuok martxan direla lortzen den emaitza bitxia eta berezia da, sikua eta gordina, zaurgarria eta elektrikoa, rockaren eskema guztiak aidean jaurtitzen dituen errezeta. Hardcore arimadun erritmo engranaje aleman zapaltzailea jam session hipnotiko antzeko batean. Neuk ikusi dudalako.
Tira, hona nik azaltzen jakin ez dudana, Joseba Martinen hitzetan:
Minimalismoa
Zalantzarik gabe, kontzertu berezia izan zen: bertoko musikari ugari aretoan, beste herrialdeetatik etorritako entzuleak, aparteko giroa asteazken batean…
Zein talde demontre da Shellac? Chicagoko (AEB) hirukote berezia, oso gutxitan ikus daitekena, John Peelen irratsaio-kontzertuetan agertu zen azken taldea. Bandaren barruan, bi aparteko ekoizle eta soinu ingeniari: Steve Albini (Nirvana, Pixies, Mogwai, Jon Spencer Blues Explosion…) eta Bob Weston (Nirvana, Sebadoh). Eta baterian Todd Trainer argala, gimnasioko aulkian egongo balitz bezala eserita, makurtuta, izerditan blai.
90ko hamarkadako aire hutsa dakarte hauek eta zaila da sailkatzea: Post-punk? Noise rock? Math rock? Beraien ustez, rock minimalista eta kito. Bere kantuetan ez dago melodiarik, ezta egitura arruntik: riff bereziak sortzen ditu Albinik bere gitarrarekin, baxuak eta bateriak oinarri hipnotikoa sortzen duten bitartean. Baina berehala ebakitzen da hari hori ixiltasun une batez, energia leherketa batean aritu baino lehen.
Oso gutxitan kantatzen du Steve Albinik -Bob Weston ere mikroaren aurrean kokatzen da- eta kantu gehienak lelo basatiak izaten dira. Ez da umorea falta: une batean abiadura geldian mugitzen dira, beste batzuetan entzuleen eskakizunak eskatzen dituzte edota hirurak bateria jotzaile bihurtzen dira. Hiru disko atera dituzte musikari lanpetu hauek 15 urte hauetan -presarik ez, presiorik ere ez- eta musika bitxia izan arren entzuleek berehala ezagutu zituzten gustuko kantuak: Watch song, A minute, My black ass, The rambler song, The admiral, Billiard player song, Canada, Prayer to God…
Ekitaldi bortitz honetan inprobisazioak ere agertu ziren, begiradak erne noiz sartu, noiz isildu edo noiz aldatu jakin beharrean. Steve Albini da, zalantzarik gabe, taldearen ardatza, baina bi lagunak ez dira atzean geratzen. Horrexegatik agertu ziren hirurak agertokiko aurrekaldean, pare-parean, 60ko hamarkadako Ludwig bateria zaharra erdi-erdian zegoela. Oso gutxitan ikusten dira horrelako kontzertuak. Zorionak Noise on Tour Rocks jaialdiari! .
Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Maiatzak 6. Jende kopurua: 500 lagun. Iraupena: Ordu bat eta 20 minutu.
Comment by Administrator — 2007,May 21 @ 6:27 am