Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,May 13

Sol Lagarto

Filed under: Rock Erotik

Sagarren artean bezala entzuten diren kontzertuetako batzuk ustel gertatzen dira. Batean irakurrita edo bestean entzunda, aurrez zeozelako ezagupidea eginda, itxaropentsu egoten naiz honako edo harako taldeak inguruan jo behar duela entzundakoan. Atzokoan, baina, Sol Lagarto izan zuen izena sagar ustelak. Aspaldi komentatu zidan lagun batek talde ikaragarria zela, sasoi bateko MClan-en sokakoak zirela eta atzo Leioan jotzekoak ziren. Okerreko informazioek Kultur Leioa auditoriumera bideratu ninduten arren, Leioan Aldapa izeneko bigarren auditorium bat dagoela jakin nuen. Hantxe behar zuen lehenengoren ingurumarietan arimarik ere ez zebilen-eta.

Kontzertua doanekoa zen eta han ez zen jendetza handirik, askotan, horrelakoetan gertatzen den bezala. Ez dakit nik zelako lehiaketa zela eta lau taldek joko zutela, katalan batzuk ingelesez, azpeitiar batzuk euskaraz, beste katalan hauek, Sol Lagarto, erdaraz eta sevillar batzuk… Buelta batera eta buelta bestera hasierak ikusi eta, halako batean, hirugarren jo behar zutela jakin nuen (talderik ezagunena izanda nire kalkuluetan atzena behar zuen) eta berriro ere harmailan jezarri nintzen. Blogaren hastapenetan Cabra Mecánica-ren ekitaldiaz ari nintzela kantari espainiarrez aipatutako aurreiritziek ere balio zezaketen katalan hauen zeregina epaitzerakoan (orduan gainditutzat jo nituen juzkuok), baina besterik izan zen hauen kasuan: Rock & Rios ajatu eta trasnotxatuaren usaina hartu nien lehenengo kanta parean eta ezin izan nuen gehiago agoantatu. Etxera etorri nintzen andaluzek zein hizkuntzatan ekingo zioten jakin barik. Badakizue usteak erdiak ustel izaten direla eta, beste ezertarako ez bada ere, lerro hauek hilzorian dudan blog koittadu honen Rock Erotik atala elikatzeko balio izan dit aitzakiak.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica