Sexty Sexers eta Nuuk At
Zure bizitzako kontzertua zein izan da? galderak erantzun bakarra zeukan niretzat atzo gauera arte: Rory Gallagher, zendu baino lehenago, orain 20 bat urte ikusteko zoria izan nuen. Bart, zuzeneko gogoangarrien zikloa hogeikadaka hasiko bailitzan, Sexty Sexers-ek ezarri zuen bigarren mugarria ikusitako kontzertuen katean. Eta eman zidan zer pentsatua ere. Beste era batera gozatuko ete nituen Rory gaur egun eta SS orain 20 urte ikusterik izan banitu? Horrek ez dauka bueltarik baina, eta pozarren nago neure deskubrimendu berriarekin.
Gazteak dira, 23 bat batez beste, eta esperientziaren graduari barre egiten diote lotsa barik. Bidasoa aldeko Berakoak, izenak izen (Route 66-ri keinu) eta Euskadin rock´n´rollak sekula dirurik emanen ez duen arren rockari Los Angelesdarrak balira bezala ekin dakiokeela erakusten dute ber-bertotik. Dozena erdi urteko esperientzia txikian handi ikusi nituen naparrak, itzel. Orain onak izanda izangai nabarmen diren zer horren jabe, detaile txiki askoren batuketan igarri egiten baita hori ere.
Nuuk At talde zornotzarrari tokatu zitzaion giroa berotzea eta ikusleria herabeak oso tarte euskalduna utzi zuen bien artean, badazpada ere. Taula beraren gainean beste hainbat talde ikusi izanak Usoa abeslariari The Paybacks-ekoaren traza hartuarazi zidan, leopardo jaka soinean eta ile adats luzea lepoan behera, euskal rockgirl-a, gerrialdeari zart eta zart, gorputza atzerantz etzanka edo ipurdia eman eta esku-atzamarrak buruan igurtzika, sexy eta oldarkor agertu nahirik. Artean bistaz ezagutzen ez nituela, napar itxurako seikote kasta batek bete zuen aurreko hutsunea esku arteko kitarra imajinarioei hazka Iñaki Nuuk At-eko kitarraren arranke zoroak xaxatuaz: eurak ziren, duda barik, gaueko izarrak. Apuntatu izena: Sexty Sexers
Mikel Strangelove buru kantari , goitizen bana dute taldekideek: Electric Child, Juzz Suicide, Loverman eta Freezer. Ekitaldian, hasi eta amaitu, AC/DC, The Cult eta rock eskandinabiarraren sintesi erritmiko itogarriak taldeko kitarretan du sostengua. Phil Lynott-en ile zapatz biribilduna erritmikoan , Unai Elorriagaren bertsio kementsua baxua lehertu beharrean eta sugelandare ihar sosegubakoa kitarra birgeroan, eszenatokia txiki geratuta, bateria gainean zutunik edo, bakarka zein binaka, jende artean belauniko instrumentu tenteak txilioka jarriaz edota hil ala biziko norgehiagoka gitarrero agonikoan. 66tarrek euren eldarnioa hedatzen dutenean, burua galdu, han zertan diren ez dakizula, pelukeriatik irten berri diren emakume heldu pareari ez esatekoren batzuk esan, taburetea pareko kamioilariren baten lepoan kraskatu eta edandako zerbezak ordaindu barik joateko gogoa etor dakioke bati. Hain da handia eta miresgarria gazte hauek aretoko giroa tentsio rockeroz gainezka jartzeko duten kapazitatea…
Hankak lurrean eta labur esanda, zuzeneko izerditsua dute (zirku handiegia esan dezake baten batek), bertokoak dira, euskaraz (zein ingelesez) ekiten diote punk-rockari eta hurrengo denboretan zeresan handia eman dezakete. Nondik eta Bera Rock Citytik , Pettiren beraren jaioterritik, gora Bera eta beratarrak!
Sorpresa itzela.Batzuetan ez da urrunegi joan behar hauetako taldeen bila.Gaur egun agian ez daude EHan, 80 hamarkan bezala,talde “mitikoak”,baina eskaintza gero eta anitza ta zabalagoa da.
Comment by sabin — 2007,May 11 @ 8:30 am
Horrelaxe da baina askotan kanpotik etortze hutsak badu exotismo plus hori ere eta gutxiago exijitzen zaie antza.
Comment by Administrator — 2007,May 11 @ 12:20 pm