Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,May 27

41 and alive

Filed under: Rock Erotik

40 zenbaki mitikoari agur esateko modu hoberik ezin izan dut izan. Esan diot Mikeli gure sasoian ez zegoen Euskal Herriko rockean soka honetako talderik eta gaztetuta naukazue. Saiatuta ere, ezin izan dut nire belaunaldi edo inguru hurbilekorik konbentzitu Sexty Sexers ikustera etortzeko: aitzakiak ugari, bata… bestea… eta txakurraren hestea. Ez dut amore eman baina. Jende famatuak ekitaldi pribatuak egiten baditu bere urteurrenetan, beratarrak etxe ondoan izanda ez dut gutxiago izan nahi izan eta neuk jo dut eurenera. Sestaoko Dark Rock Club topalekua, herritarren esanetan el Dark, erraz aurkitu dut. Bigarrenez izan naiz Sestaon neure bizitza osoan eta tabernazulorako bidean herri honetaz errekaz bestaldekook ditugun juzku okerren batzuk ezabatu ditut burutik.

Kontzertua bera? Aretoaren txikitasuna soinuaren kalteko gertatu da (Borjaren tapoiak!!!) baina espektakuluaren mesedeko; bateria ez beste guztiak tabernako zurkulu guztietan ibili dira, jende arteko karrejuetan zehar, mostradore gainean batetik bestera zein behearen gainean garra-garraka, La Fura del Baus-en lanetan bezala ikuslearen aztoramendua helburu.

Gainerakoan Kafe Antzokiko kontzertuaz esandakoa: izerditsua giroa, lotsabakoa elkarren arteko ikutu-igurtzia; kementsua eta kutsakorra 66tarron ekina, entzuleak hanka joko zein buru astinaldi zoroan jartzerainokoa. Dena emanda artistak, dena emanda zaletua.

Merezi izan du gauak eta Urkamendi blues ekarri dut oroigarri dedikatoria eta guzti: onean eta harro jasoko ditut berbok, Mikestrangelove, atzokoa bezalako hedabe bizigarria eskaintzen duzuen bitartean.

2007,May 22

Kontra Natura

Filed under: Zaharrak barri

Egunero zeozertxo ikasten dugula esaten da eta, gaur bertan, irratian ZARAk Israelen egindakoa juduek bekatu larritzat zergatik jotzen duten jakin dut. Erropa enpresa honek kotoia eta lihoa nahastu ditu gizonezkoen traje batzuetarako, hau da, judaismo ultraortodoxoak hertsiki galarazotako hibridoa, naturaren kontrako elkarketa.

Halajá legedi juduak fruitu berriak sortzea zein arraza ezberdineko animalien akoplea debekatzen dituen arrazoi berberagatik harrotu ei dira hautsok enpresa famatuaren kontra.

Nire ezjakintasunean eta inor mintzeko asmo barik, burura lehenengo-lehenengo etorri zaidana esango dut: Juduon bazkarietan, kolore bakarrekoak ete dira entsaladak? Edo, Jerusalemgo kale estuetan, ez ete dabil alderrai kolore nabarreko artatxakur jatorrik?

2007,May 17

Shellac

Filed under: Rock Erotik

Apurtxo bat ere ezagutu barik, atzo bertan erabaki nuen Noise on Tour Rock izeneko ekitaldien artean Shellac-ena ikustera joatea. Delitua izan ei zitekeen bidean hain gutxi dabilen talde paregabe hau etxean izan eta ez ezagutzea. Hasteko, harritu egin ninduen niretzat ezezaguna zen taldea ikusteko eguasten gauez Kafe Antzokia hain beteta ikusteak. Hantxe ginen taldearen beti-betiko miresleak eta neu. Beranduxeago han agertu behar zuenak berezia izan behar zuela-eta, jende artean aurrerantz jo nuen detaile txikienik ere ez galtzeko. Hirukotean jardun behar zuten, rock´n´rollaren oinarri-oinarrizko soinuak , bateria, kitarra eta baxua. Hurrenkera honetan bai.

Todd Trainer bateriajole motza izan zen nire iritzirako taldearen izakera azpimarratzen duen gizona. Eszenatokiaren erdi-erdian, aurrean, kokatu zuten perkusio tramankulua beste taldekideen artetxoan. Shellac soinuaren gidari nagusi, duda barik, eta prezisio makina itzela eskuetan baketak zituela.

Steve Albini Pixies eta Nirvana bezalako taldeen ekoizle izandakoa (superrekoizle mitikoa) taldeburu, garrasilari zein boxeolarien antzeko hanka-jokoan animadore ezkerretan. Letra kantari baino indar handiagoa du erritmo gordinetan talde chicagoarrak eta abeslari lanean tonbola-berriketari mitinlaria zirudien Albini jaunak. Kitarra txirriots batean jartzen zuela nahiago, ixilik, musika deskribatzeko dudan gaitasun urriak Albinik eragindako soinu harrigarriak azaltzeko balio ez didan arren.

Eskumatan, Bob Weston baxujolea, instrumentua ohi baino ozenago eta bortitzago joaz, aurreko bien arteko zubilanean, ez eurak bezain espektakular.

Ez zitzaidan Shelac erraz gustatzeko moduko taldea iruditu baina taldeko hiru elementuok martxan direla lortzen den emaitza bitxia eta berezia da, sikua eta gordina, zaurgarria eta elektrikoa, rockaren eskema guztiak aidean jaurtitzen dituen errezeta. Hardcore arimadun erritmo engranaje aleman zapaltzailea jam session hipnotiko antzeko batean. Neuk ikusi dudalako.

2007,May 13

Sol Lagarto

Filed under: Rock Erotik

Sagarren artean bezala entzuten diren kontzertuetako batzuk ustel gertatzen dira. Batean irakurrita edo bestean entzunda, aurrez zeozelako ezagupidea eginda, itxaropentsu egoten naiz honako edo harako taldeak inguruan jo behar duela entzundakoan. Atzokoan, baina, Sol Lagarto izan zuen izena sagar ustelak. Aspaldi komentatu zidan lagun batek talde ikaragarria zela, sasoi bateko MClan-en sokakoak zirela eta atzo Leioan jotzekoak ziren. Okerreko informazioek Kultur Leioa auditoriumera bideratu ninduten arren, Leioan Aldapa izeneko bigarren auditorium bat dagoela jakin nuen. Hantxe behar zuen lehenengoren ingurumarietan arimarik ere ez zebilen-eta.

Kontzertua doanekoa zen eta han ez zen jendetza handirik, askotan, horrelakoetan gertatzen den bezala. Ez dakit nik zelako lehiaketa zela eta lau taldek joko zutela, katalan batzuk ingelesez, azpeitiar batzuk euskaraz, beste katalan hauek, Sol Lagarto, erdaraz eta sevillar batzuk… Buelta batera eta buelta bestera hasierak ikusi eta, halako batean, hirugarren jo behar zutela jakin nuen (talderik ezagunena izanda nire kalkuluetan atzena behar zuen) eta berriro ere harmailan jezarri nintzen. Blogaren hastapenetan Cabra Mecánica-ren ekitaldiaz ari nintzela kantari espainiarrez aipatutako aurreiritziek ere balio zezaketen katalan hauen zeregina epaitzerakoan (orduan gainditutzat jo nituen juzkuok), baina besterik izan zen hauen kasuan: Rock & Rios ajatu eta trasnotxatuaren usaina hartu nien lehenengo kanta parean eta ezin izan nuen gehiago agoantatu. Etxera etorri nintzen andaluzek zein hizkuntzatan ekingo zioten jakin barik. Badakizue usteak erdiak ustel izaten direla eta, beste ezertarako ez bada ere, lerro hauek hilzorian dudan blog koittadu honen Rock Erotik atala elikatzeko balio izan dit aitzakiak.

2007,May 4

Sexty Sexers eta Nuuk At

Filed under: Rock Erotik

Zure bizitzako kontzertua zein izan da? galderak erantzun bakarra zeukan niretzat atzo gauera arte: Rory Gallagher, zendu baino lehenago, orain 20 bat urte ikusteko zoria izan nuen. Bart, zuzeneko gogoangarrien zikloa hogeikadaka hasiko bailitzan, Sexty Sexers-ek ezarri zuen bigarren mugarria ikusitako kontzertuen katean. Eta eman zidan zer pentsatua ere. Beste era batera gozatuko ete nituen Rory gaur egun eta SS orain 20 urte ikusterik izan banitu? Horrek ez dauka bueltarik baina, eta pozarren nago neure deskubrimendu berriarekin.

Gazteak dira, 23 bat batez beste, eta esperientziaren graduari barre egiten diote lotsa barik. Bidasoa aldeko Berakoak, izenak izen (Route 66-ri keinu) eta Euskadin rock´n´rollak sekula dirurik emanen ez duen arren rockari Los Angelesdarrak balira bezala ekin dakiokeela erakusten dute ber-bertotik. Dozena erdi urteko esperientzia txikian handi ikusi nituen naparrak, itzel. Orain onak izanda izangai nabarmen diren zer horren jabe, detaile txiki askoren batuketan igarri egiten baita hori ere.

Nuuk At talde zornotzarrari tokatu zitzaion giroa berotzea eta ikusleria herabeak oso tarte euskalduna utzi zuen bien artean, badazpada ere. Taula beraren gainean beste hainbat talde ikusi izanak Usoa abeslariari The Paybacks-ekoaren traza hartuarazi zidan, leopardo jaka soinean eta ile adats luzea lepoan behera, euskal rockgirl-a, gerrialdeari zart eta zart, gorputza atzerantz etzanka edo ipurdia eman eta esku-atzamarrak buruan igurtzika, sexy eta oldarkor agertu nahirik. Artean bistaz ezagutzen ez nituela, napar itxurako seikote kasta batek bete zuen aurreko hutsunea esku arteko kitarra imajinarioei hazka Iñaki Nuuk At-eko kitarraren arranke zoroak xaxatuaz: eurak ziren, duda barik, gaueko izarrak. Apuntatu izena: Sexty Sexers

Mikel Strangelove buru kantari , goitizen bana dute taldekideek: Electric Child, Juzz Suicide, Loverman eta Freezer. Ekitaldian, hasi eta amaitu, AC/DC, The Cult eta rock eskandinabiarraren sintesi erritmiko itogarriak taldeko kitarretan du sostengua. Phil Lynott-en ile zapatz biribilduna erritmikoan , Unai Elorriagaren bertsio kementsua baxua lehertu beharrean eta sugelandare ihar sosegubakoa kitarra birgeroan, eszenatokia txiki geratuta, bateria gainean zutunik edo, bakarka zein binaka, jende artean belauniko instrumentu tenteak txilioka jarriaz edota hil ala biziko norgehiagoka gitarrero agonikoan. 66tarrek euren eldarnioa hedatzen dutenean, burua galdu, han zertan diren ez dakizula, pelukeriatik irten berri diren emakume heldu pareari ez esatekoren batzuk esan, taburetea pareko kamioilariren baten lepoan kraskatu eta edandako zerbezak ordaindu barik joateko gogoa etor dakioke bati. Hain da handia eta miresgarria gazte hauek aretoko giroa tentsio rockeroz gainezka jartzeko duten kapazitatea…

Hankak lurrean eta labur esanda, zuzeneko izerditsua dute (zirku handiegia esan dezake baten batek), bertokoak dira, euskaraz (zein ingelesez) ekiten diote punk-rockari eta hurrengo denboretan zeresan handia eman dezakete. Nondik eta Bera Rock Citytik , Pettiren beraren jaioterritik, gora Bera eta beratarrak!






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica