Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,April 17

Atzetik nor aurretik?

Filed under: Zaharrak barri

Gogoratzen dituzue kotxeen atzeko leihoak txaplata reibindikatibo zuzen eta nabarmenez josten ziren sasoiak? Seat 850etako txakur konformista burukulunkaria modan egon ostekoak… Nuklearrik? Ez, eskerrik asko, eguzkitxo irribarretsua sinbolo internazional xamarra zen eta hura ere euskaraz jarri eta geuretartu egin zen, ikurtxoak ideolojia eta izakera bat isladatzen zuen punturaino. ¿Tu no serás de los del solecito? itaundu zidan behin gaur egun 30 urte bueltan ibiliko den ikasle gazte polizia bokaziodun batek.

Geroago etorriko ziren Euskaraz eta kitto! edota Euskal Herrian euskaraz bezalako mezu onirikoak, polizia euskaldunaren aurrean ere aplikatu ezin eta, badaezpada ere, behin baino gehiagotan jan behar izan ditugunak.

EH etiketa hemen edo CAT Katalunian ere nahikoa mezu argiak izan dira eta bati baino gehiagori bihurtu zaio arazo zezen larru idorreko errepideetan zehar lerratu direnean.

Lightagoak gara gaur egun, Osborneren zezentzar potrobikoaren aurrean astotxo katalana jaio zen; guk ere gutxiago ezin izan eta artxo polemikoa zabaldu genuen eta gero etorri dira pottoka, basurdea eta abarrak. Matrikulek jatorria izkutatu ondoren, zelan edo halan, nongotar garen erakusteko premia sotila sentitu genuen antza denez eta horrela dela sinestuta egon naiz oraintsu arte. Ibilgailuren bati zezena eta artxoa elkarbizitza baketsuan ikusi dizkiodan arte edo munduko hiritar zabal horietako bati kotxerako arditxorik inon ez duela aurkitzen entzun diodan arte…

Beharbada, horregatik ekingo zioten kataluniarrek berriro ere fase esplizitoago bati hasiera ematen dion kanpainari. Popatik ematen betikoak hasi direlakoan banago ere.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica