Dabilena ondo dabil
Amama Agustinari ikasi nion Dabilen boli ondo´rabil deee… esakera (harako Like a rolling stone-n interpretazioa) nonorako bidean edo parrandarako prest ikusten gintuenean. Egun hauetan familiako bat erietxean daukagula, ikusi dut berriro ere, gelditzen diren bolak, bizitzan stop eginda bezala, zer bizi duten. Eta ingurukoek zelako nerbio eta saminak pasatu behar izaten dituzten eguneroko atzera-aurrera horietan.
Ospitaletako ateek banatzen dituzte bi munduok, ondo gabiltzan bitartean huskeria eta txikikerien peskizan bizi garenona eta, biharamunak baino lehenago, agian, hurrengo orduek ekar lezaketenaren beldurrez bizi direnena.
Igande goizean lagun batek ziostan Bilboko gaua zeharo aldatuta dagoela eta ez zuela lagunekin izandako afariaren ostean batere disfrutatu. Areago, txarto pasatu zuela. Ospitalean gaua pasatzetik nentorren ni, lepoa oker-oker eginda. Tira, ba, bart biok ibili gara txarto orduan… erantzun nion.