Estutu garuna, laguna!
Laguntzako batek bialdu dit imeilez neu neurtu nahirik-edo, baina ahalegindu ere ez naiz askorik egin… Ea zuek, bizkor itxura daukazue-eta:
Laguntzako batek bialdu dit imeilez neu neurtu nahirik-edo, baina ahalegindu ere ez naiz askorik egin… Ea zuek, bizkor itxura daukazue-eta:
Gogoratzen dituzue kotxeen atzeko leihoak txaplata reibindikatibo zuzen eta nabarmenez josten ziren sasoiak? Seat 850etako txakur konformista burukulunkaria modan egon ostekoak… Nuklearrik? Ez, eskerrik asko, eguzkitxo irribarretsua sinbolo internazional xamarra zen eta hura ere euskaraz jarri eta geuretartu egin zen, ikurtxoak ideolojia eta izakera bat isladatzen zuen punturaino. ¿Tu no serás de los del solecito? itaundu zidan behin gaur egun 30 urte bueltan ibiliko den ikasle gazte polizia bokaziodun batek.
Geroago etorriko ziren Euskaraz eta kitto! edota Euskal Herrian euskaraz bezalako mezu onirikoak, polizia euskaldunaren aurrean ere aplikatu ezin eta, badaezpada ere, behin baino gehiagotan jan behar izan ditugunak.
EH etiketa hemen edo CAT Katalunian ere nahikoa mezu argiak izan dira eta bati baino gehiagori bihurtu zaio arazo zezen larru idorreko errepideetan zehar lerratu direnean.
Lightagoak gara gaur egun, Osborneren zezentzar potrobikoaren aurrean astotxo katalana jaio zen; guk ere gutxiago ezin izan eta artxo polemikoa zabaldu genuen eta gero etorri dira pottoka, basurdea eta abarrak. Matrikulek jatorria izkutatu ondoren, zelan edo halan, nongotar garen erakusteko premia sotila sentitu genuen antza denez eta horrela dela sinestuta egon naiz oraintsu arte. Ibilgailuren bati zezena eta artxoa elkarbizitza baketsuan ikusi dizkiodan arte edo munduko hiritar zabal horietako bati kotxerako arditxorik inon ez duela aurkitzen entzun diodan arte…
Beharbada, horregatik ekingo zioten kataluniarrek berriro ere fase esplizitoago bati hasiera ematen dion kanpainari. Popatik ematen betikoak hasi direlakoan banago ere.
Semeagaz batera etxerako bidean nentorrela, Amama Plazida ikusi dot etxe aurreko solotxoan atxurrean, bere iru-lau ortuaritxoak ereiteko lurra preparetan. Kotxearen abiadak eroanda atzean geratu jat momentua baina ez dot aukera galdu gura izan.
Buelta egin eta aregaz amama zarragaz berba egitearen damurik ez dodala izango pentsatu dot. Kanpotar guztiei lez, umeak erderaz egin deutso amama atxurlariari: ¿Que estas hasiendo? Ez da erraza umeari ikusazotea baina egunen batean ikasiko dau izpidea erdaraz egitea ez dala betiko kontua izan eta euskaraz izateak aukerak zabaldu egiten dituela. Xelebrea dekot nik izena: Plazida esan deusku, gaurko izenen aldean-edo berak olan eritzita. Naikoa egin dot, gaur. Badakizue zenbat urte dekodan nik? 98.
Batzuk gazteagorik, beste apurren batzuk beluago eroan ei ditu Eriok, baina bera ementxe dagoala esan deusku. Eguraldia lagun, atxurrean segitako prest.
Letz Zep izena entzunda ez da gaitza zergapeko talde honek zorra nori dion igartzea. Bilboko Azkenan jo behar zuten eta, besteetan bezala, jaialdi aurreko potetxoak hartzeko geratu ginen. Aretoaren ondoko tabernan sartu eta aurrez aurre britaniar itxurako zapazto koadrila bat zen bertan afaritan: Robert Plantzakoa agerian, Jimmy Pageordea ere begibistako… Nork behar zuen han John Bonham difuntu? Hitzordua ere bazen ja, baina artistak alboan izanda trankil jo genezakeen tragoa, ekitaldia ez zen hasiko eta.
Led Zeppelinen klonok ahalik eta berdinen ekartzen dizkigute 70 hamarkadako giro, aktitude, piura eta taldeko izen mitikoen dohainak. Aspaldiko denborei tiraka, entzulea rockaren jatorriaren sasoietara eroateko gaitasuna erakusten du Letz Zep-ek. 5 minututik gorako narrazio musikalek, letra ulergaitzez baina jeneroaren epika lagun, iradoki baino areago, istorio magikoak sinetsarazten zituzten denboretara. Instrumentuak solo eta redoble bortitzen ekinez begirune barik gau horretan kraskatu beharko bailituzten tratatzen ziren garaietara. Melodiak jarraitu eta leloak errepikatzeaz gain, kanten interpretazioa planta, keinu eta bat-bateko ernegaldien bitartez uhurika edo intziri lanturutsuan burutzen zen urteetara.
Gong handi bat alboan, danb eta dunb gogor zeutsan bateria garden platertzardunak Bonhamek berak eraginda bezala. Jimmy Page bezain oldarkor eta birtutetsu, kitarra joleak trebezia tekniko zabala erakutsi zuen masta biko kitarran edo bibolinaren arkuarekin joaz kitarra negar batean jarrita. Robert Plant androginoa bailitzan, ahahaha… uhuhuhu eta baby -baby-babyka, bikain aritu zen kantari marraukaria, oihu, txilio, garrasi, aiene eta hasperen orgasmikoen bitartez kitarraren oldarraldiei aurre eginez, klimax lazgarria helburu.
Rock´n´roll basatiarekin hasi eta ordu bi t´erdian, mailaz maila, zerurako eskilaran gora eroan gintuen Letz Zep-ek Zeppelinen maisulan ugariak ( Black dog, Whole lotta love, Stairway to heaven) etapaz etapa aletzen zituzten bitartean. Bilbori eskerrik askoka eman zuten ekitaldi osoa eta, ikusia ikusita, geuk ere eskerroneko izatea baino ez daukagu.
Amama Agustinari ikasi nion Dabilen boli ondo´rabil deee… esakera (harako Like a rolling stone-n interpretazioa) nonorako bidean edo parrandarako prest ikusten gintuenean. Egun hauetan familiako bat erietxean daukagula, ikusi dut berriro ere, gelditzen diren bolak, bizitzan stop eginda bezala, zer bizi duten. Eta ingurukoek zelako nerbio eta saminak pasatu behar izaten dituzten eguneroko atzera-aurrera horietan.
Ospitaletako ateek banatzen dituzte bi munduok, ondo gabiltzan bitartean huskeria eta txikikerien peskizan bizi garenona eta, biharamunak baino lehenago, agian, hurrengo orduek ekar lezaketenaren beldurrez bizi direnena.
Igande goizean lagun batek ziostan Bilboko gaua zeharo aldatuta dagoela eta ez zuela lagunekin izandako afariaren ostean batere disfrutatu. Areago, txarto pasatu zuela. Ospitalean gaua pasatzetik nentorren ni, lepoa oker-oker eginda. Tira, ba, bart biok ibili gara txarto orduan… erantzun nion.
Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham