Parrastada zoroak
Kirtena ezkerretarantz okertuta daukazula edota txiza-errekaren osteko astinaldian komuneko zulo ingurua zipriztinez betetzen duzula? Bada, jakizu, etxekotik hasita, komun konpartituetako andrazkoen ahotan zabiltzala eta ez prezixamente lore ederren destinatzaile.
Zakildunon aurkako zaparrada hauetako batean, lan bazkaria, komunzuloren baten erdi-erditxoan ikusitako marasma edo armiarmen funtzioa zein den ere jakin dut. Ez da, ez, mangera eskuetan dugula zomorroen kontra askatzen dugun sen suntsitzaileagatik, ezpada ze jomuga zehatz eta zentratu bat ikusita, katilu inguru eliptikoa ebitatu eta hobeto noratzen dugulako parrastada horiska.
Harrigarriena, baina, ez dut oraindik aipatu. Gernu-isurketa andrazkoek jezarrita (edo lebitazioan) eta gizonezkook zutunik noizdanik egiten den ez nuke esaten jakingo, baina honelakoetan, egoerak kikilduta eta garbitasunaren alde, gero eta gizon gehiagok aitortzen du txiza eserita egiten duela. Eta, gero, zelan astintzen dute zera? Umeei eskoletan zakilburua paperez garbitzen irakasten hasiak zaizkie. Ohiturak, ekinaren ekinez, aldatu egin daitezke baina norainoko arrakasta somatzen diozue korronte berri honi?