Ixi!
Isiltasunak beldurra eman eta urduritu egiten gaitu eta, normalean, ez dugu gogoko izaten. Tratu handirik ez daukagun jendearekin bakarka egoten garenean, igogailuetako eguraldiaren inguruko berbaldi inuxenteak adibide, isiltasuna urratu eta zeozer esateko premina sentitzen dugu. Ezer esan beharrik gabe konpainian gustura egotea konfiantza osoaren seinale argia da.
Koadrila giroan batzuen berriketa ganorabakoa adituta, esan daiteke, euren ateraldirik ederrena aterraldia izango dela ohartu gabe, esanporresan aritzen direla batzuetan, isiltasunaren ederra zatartzen.
Jendea elkartu ohi den gune gehienetan irrati-musika hotsak jaten dio tokia isiltasunari. Autobusetan, alboko bidaidearen balizko konbertsaziotik isolatuko gaitu. Dentistaren itxarongelan, ondoko gelako txirri-txirri ezatsegina izkutatzen lagundu arren, trankildu baino artegatu egingo gaitu bertako musika melengak. Tabernetan ere bakan batzuk baino ez dira edari txorrotadak beiran behera ateratako hotsaz gain, jendearen berbaro hutsa soinu banda dutenak.
Gero eta gehiago estimatzen ditut musikari eutsi eta hitzari arnasa ematen dakiten isilaldiak, isiltasun apalak bere jakinduriaz sekula txintik esango ez badu ere.
gogoratzen naz marta ta biok hasi ginanean txunditzen gintuen gauza bat zala, alkar gitxi ezetu arren, alkarren ondoan isilik gustura egoteko gai ginala, ez genduala alkarrizketarik asmatu beharrik bestean presentziagaz lasai ta gustura sentitzeko. berba eiten genduanean esateko zeozer gendualako zan, ez genduan gure burua derrigortzen ta ez jakun deseroso eiten. Pertsona gitxigaz gertau jast hori, batez be harreman baten hastapenetan, joera dogunean bestean ta gure isiltasuna komunikazio arazotzat joteko ta luzatu ezkero gauzak ondo ez doazalako seinaletzat hartuteko. isiltasuna ederra da!
Comment by asel — 2007,March 2 @ 11:03 am
geroz eta gehiago baloratzen dudan gauza bat da… ixiltasuna.
Comment by i eme — 2007,March 2 @ 1:40 pm
zeozer esan bianajuan, baiña birrittan pentsau ta gero… hobe isilik.
;-)
Comment by oier g — 2007,March 14 @ 5:43 pm
Esan trankil, gixona, hemen konfiantzan gazak eta. Orain ez jak ixildu beharrik.
Comment by Administrator — 2007,March 14 @ 11:03 pm