Harro ala arraro?
Indar handia du musikak denboran aurrera egiten duten mezuak zabaltzeko eta, esate baterako, sortu eta 15 bat urtetara bizirik dirau harako Euskalduna naiz eta harro nago leloak. Malcolm X-ek esanaren aldaki bat eginez, beltzaren tokian euskalduna, Negu Gorriak taldeak irakatsitako esaldia ikastetxeko horman ikusi ahal izan dut gaur ere. Eta ez da txarra, gazteak euren euskalduntasuna azpimarratzeko kamiseta, sinbolo eta klitxeez baino baliatu ez arren. Horixe da nerabezaro euskalduna.
Adinean aurrerago etorri garenok, ordea, gure hizkuntzaren anormalizazioa zein puntutaraino heldu den ikusita, Euskalduna naiz eta arraro nago sarriagotan darabilgulakoan nago. Nik bai, behintzat.
Bat: Ordu parea ere ez dela, Bilbo inguruko paraje menditsu bateko bide ertzean, KORRIKA noiz etorriko zain norbera. Polizia euskaldunaren furgoneta eta motor despliege itzelaren argi urdin dizdizariak miresgai gau ilun euritsuan. Atzerapenarekin dator KORRIKA baina BADATOR halako batean: ¡Ya viene, ya viene! kotxe batetik bestera bozgorailuetatik ozen ertzainek…
Bi: Tipi-tapa, tipi-tapa… hor goaz euritzan aurrera. Egun beltza izan ei du Bilbo aldean KORRIKAk, furgoneta bati ere bide bazterren batean gasolina agortu ei zaio eta megafoniak huts egiten du itxura batean. Lasterketaren animatzaileak mikroari oldarka brrrrrr, brrraaa, prrrrruuu entzuten dira eta euri zarratuak ixil xamar garamatza hanka joko bizian. Mikrofono barik!!! bota eta broma ulertu ez dutelako edo eremu jeltzale erdalzalean garelako behiak trenari nola, halaxe zuzendu didate begirakunea lasterkideek… eta bigarrenez ere arraro sentitu naiz.