San Balendin
San Balentin egunean ere euskaldunok euskaldun jokatzen dugu. Merkataritzaren amarruak dira horiek, guk urte osoan maite dugu elkar… bezalakoak entzun eta botatzeko eguna dugu gaurkoa, bestelakoan kontsumorako inolako joerarik izan ez eta astero-astero afari intimoak egiten usatuta egongo bagina bezala. Maitasunaren egunean sinestu ala ez sinestu, inguruan beti izaten da baten bat gure gaurko eginbeharrez galdetuko duena.
Balentinen deboziokoa bada, berak honako lore sorta ederra jaso edota harako afari erromantikoa -kandelatxo eta guzti- egin behar duela pasatuko dizu musturren aurretik , elkarren aukera egin izana euren bizitzetako lorpen handiena dela sinetsarazi nahirik. Inoren begietara zoriontsu ageri beharrak bizi ditu otsailaren 14an.
Balentinen deboziorik ez badu, bere galderek besteak ere bera bezain normal direla konprobatzea izango dute helburu. Kontsumismoa ez doala berarekin, beste edozein bikotetan bezala egunerokoa gazi-gozoz betetako bidea izaten dela eta, ze demontre, bikotearen zoriona ez dutela lore eder, bonboi gozo eta bihotz gorri hutsek eusten…
Gaurko egunez kari, txati zein txurrika ibiliko direnetakoa izan barik, gero eta aspertuago sentitzen naiz bigarren multzokoen matraken aurrean, ezkontzaz edo gabonez hitz egitean bezalaxe, erabilitako argudioak ajatu eta entzunegiak gertatzen direlako.
Bestelako ideiarik ezean, egutegiak dakarkigun aitzakia txikiena blogerako txatal bihurtu nahi dugunona izan daiteke hirugarren multzoa. Inoren praketan sartu barik, egunak aurrera zelan egiten duen behatu eta honako edo harako joerak jator edo horteratzat hartu nahi izan barik, ur azalean olio geratzea. Ez dut ezer esan, to kantatxo bat:
Balentin, 365 egunetan izan behar du.
Comment by i eme — 2007,February 14 @ 9:10 pm