Hoey & The Mussels eta Lucero
Azkenaurrekoan bigarrenak, Lucero, jo nituen derrigorrekotzat baina ez zen horrenbesterako ere izan. Lehenengoek, ordea, ustekabe ederra ekarri ziguten.
Hoey & The Mussels laukoan aritu zen ordu erdi luzeko ekitaldi harrigarrian. Hoey behar zuen taldeburuaren gaztelera zuzen baina britaniar kutsukoak atezo jarri gintuen laukote hura nondik irtendakoa ete zen. Kantariak, kitarra akustikoa eskuetan eta, tarteka, harmonika musuan, arima eta bihotz osoz jardun zuen orain kantu goxoan, orain orroka latzean. Ezkerretara zeukan kitarra tximaluzeak amorruz astintzen zuen elektrikoa Hoey-ren riki-rikiaren osagarri, baita kanten indarra erakusten zuten pose eta jauziak egin ere. Euskaraz ere aritu zitzaigun birritan-edo entzuleon despistea areagotzeko. Baxu txiki burusoilak eta erreparatu ere egin ez nion bateriak osatzen zuten banda eta, benetan ere, euren izena buruan gordetzeko moduko kontzertua eskaini zuten. Esker aunitz gu entzuteagatik… Kagoen Dios… ¿Hay alguien ahí? Naparrak halakoxea… Dra! Aspaldian Iruñetartutako irlandar euskalduna bata eta irlandar erdalduna bestea. Gainerako biak…

Lucero . AEBetan presondegiren batean lan behartuak egitetik datorren koadrilaren traza. Lau hauek ere. Ameriketan tabernazulo ilun ketsuetan zaildutako lagunak Europan lehen-lehenengoz euren burua erakusten. Naturalegi, zabarregi batzuetan. Zerikusirik ez kontzertu hasierak megaizarrenarekin. Banan-bana euren lekuetan jarri eta

Abeslari ihar prakajausia gogotsu hasi zen kitarra eskuetan, Jack Danielsak erlastutako ahotsa aidean, ezkerretan zeukan zekor texastar bizarluzearen kitarra latigokaden laguntzarekin. Perkusioaren zartada bortitzak ozen. Hasiera prometigarriegia gogora zekarzkiguten erreferentzia (Springsteen, The Pogues, Stiff Little Fingers…) eta eszenan hartzen zituzten kerengatik. Behera egin zuen ekitaldiak, baina, nire gusturako: maitasun urratuei buruzko gauerdiko balada gehiegi, patxadatsuegi eta springsteenzaleegi batzuetan, liderregi liderra. Kapitulo berezia baxujolearena: begiak itxita beti, taket luze okertuaren pare eta aitzur kosmiko izugarri baten jabe. Nahi zuenean erraminta laga, nahi zuenean hartu, tente egoteko indar barik zegoenean eskailera gorenean jezarri eta, ametsetan, kitarrari laztanka… Enpin…, Lucero, ikusgarria baina ez hain entzungarria.

