Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,January 10

Coca Colaren dohainak

Filed under: Plazertxoak

Batari entzun, besteari entzun, gero mundu guztiari gertatutakoa bada ere, esperientzia berria izan dut gaur iluntzean. Kontua oso xinplea da: etxeko ateko zerrailan giltza barruan sartuta utzi eta, konturatu barik, ateari danbatekoa eman diot. Daunb! entzun orduko konturatu gara zer egin dugun eta izan den orduagatik, segapotoa inori eskatuta, berehala jarri behar izan dugu martxan aseguru etxerako SOS deia. Jaso dizkidate datuok eta hiru bat orduko tartean izango nuela zerrailaria ateari ekiteko prest. Tarte luzeegia eskailera gorenean, inoren zain deskonektatuta eta lau urteko semetxoa alboan dudala. Eta hementxe dator esperientzia izan ahala herri jakituria bihurtzen den erremedioa:

. Jo supermerkatu batera eta erosi litro biko plastikozko Coca Cola botiltzar bat (Kalimotxoa egiteko moduko bat, ahalik eta zapalena).

. Dendariari edaria harrian husteko eta laban bat uzteko eskatu.

. Botilari lepoa eta popa moztu eta, goitik behera, erdi bi egin.

. Plastikozko xafla zapal finak atearen hegala besarkatu arte zirrikitutik sartu eta, atearen mihia non dagoen deskubritutakoan, biren artean, xaflari gora eta behara eragin ateari tiraka eta sakaka.

Atea atoan zabaldu ere, ikusi eta ikasi. Hasieran Coca Cola entzun orduko haren dohain sinesgaitz horietako bat dela pentsatu dut baina, honakoan, edabea barik ontzia gertatu zaigu mesedegarri. Hori bai, etxeko atea zein erraz zabaltzen den ikusita, ogitara goazenean ere ez ahaztu giltzari ematea. Eskarmentuaren osteko plazertxoa.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica