Mendigoizaleen kodea
Horiek ez dira euskaldun ere zioen nire aitaginarreba zenak, menditik etxerakoan, basoan kontrako norabidean zetorrenak aurpegira begiratu ere ez eta, mamarro-mamarro, agurra ukatzen zionean. Izan ere, errepidean zuzen jokatzen duen txoferrari eskua jasota eskertzen zaion bezala, mendigoizaleek ere badute euren kodea eta, agur edo konbertsazio luzeagorik ezean, eup! edo (i)ep(a)! famatuagoa eskaini barik ezin utzi toki bakartian topatzen den gizasemea.
Ez dut aitaginarrebak beste esango baina arrazoi berberarengatik amorratuta etxeratu naiz neu ere, urbanizatze zoroak jan gabeko bideska polit batean zehar egindako pasiaratik nentorrela. Diosala ukatzeraino bestekoa al da bizilagunon arteko mesfidantza eta inkomunikazioa? Plazertxoa baino desplazerra.