Bata, bestea ta txakurraren hestea

2007,January 30

Ongi etorri

Filed under: Zaharrak barri

Arrain begihandi bat erosi dut gaur iluntzean. Ur hotzetakoa. Ez, ez dut kapritxo berantiarrik izan. Gure semetxoak bost urtetxo beteko ditu bihar eta mesanotxe gainean arraintxoa aurkitzeak ilusioa egingo diolakoan egin dugu. Niri, hasteko, ez dit horrenbesteko graziarik egin.

Arrainak gobernatzeko modua erabat aldatu da (¿¿??) 30 bat urtetik hona. Lehen pezerako ura ahalik eta gardenen edukitzea zen kontua eta urak hori koloretxoa hartu orduko, ontzia harrian irauli, arraina eskuetan hartu, ontzia berriro ere txurrupean bete eta, txonbo, berriro ere uretara! Dendako neska maitagarri fin itxurakoak, berriz, lehen gauzak oker ere oker egiten genituela eta arraina torturatu ere egiten genuela sinetsarazi dit, el pobrecito tiene unos ojitos muy sensiblitos bezalako esaldi diminutiboz jositakoekin. Kuriositate modura, batetik, eta hain zeremonia konplexua berriro gogoratu behar bada ere, bestetik, hona berak emandako jarraibidea:

1) Arrainontzia ur mineralez bete eta, arraina girotu dadin, dendan emandako poltsatxoan bertan murgildu 20 bat minututan.
2) Pezerako uretatik pixkatxo bat poltsa barruan isuri eta berriro ere ontzi nagusian murgildu arraina, aklimataziorako hau ere.
3) Poltsako urik ez ur mineralarekin nahastu; arraina iragazki batean hartu eta bere itsaso txikira jaurti.
4) Ur aldaketetarako, arrainik ez da sekula bertatik atera behar; herena-edo bota eta egonean utzitako txurruko ura gehitu. Arraina ur (erdi) kakaz betetako horretan egoten dela gusturen, bere habitat txikian pozik.

Erritual harrigarria, ezta? Ba, mutikoak bere erregalutxoa ikusi baino lehen, kontzientzia txarrak zigortuta nabil 3. urratsean izandako akats humano bategatik: iragazkirik ez eskuerara eta plastikozko poltsari puntatxoa jan diot artazikada batez….
Et, et, et, et… Kalkuloa okerra izan da eta ur guztia hustutakoan arrain gixajoa jausi zait zakutxoaren zulotik harrira. Gero, baldar honek, han erabili dut errukarria atzamarrekin heldu ezinda… Ongi etorri gurera!

2007,January 29

Bezperak ospatu

Filed under: Zaharrak barri

Joxerra Gartziaren Bezpera izeneko gezia* ekarri nahi dut hona Aselek bere blogean jarritako azken txatalaren harira:

Biharamunik izango ez zutela
somatu zutenean
hasi ziren herri hartan
bezperak ospatzen.

Mamitsua da esaldia. Biharamuna egun katearen hurrenkera logikoan espero izaten dugun orri zuria izaten da. Geure bizitzaren liburuan, hariari batera edo bestera eragiteko aukera berria. Ezin jakin, ordea, zenbat orrialdeko istorioa idatziko dugun. Larriegia gertatzen zaigu heldutasunera iristeko xedea. Ederregiak helduaro horretan aurrez kokatzen genituen ametsak.

Onartzen ausartu ez arren, inora ez garela heldu sentitu, bizitzaren hasierako motibazio berberek bizi gaituztela konturatu eta zahartze bidean gaudela ikusten dugu. Eta, orduan ere, egia osoetara heldu barik, zalantzen hari batari edo besteari tiratuz, ikasten jarraitu nahi dut nik. Nora heldu behar dugu, ba? Heltzen garenean konturatu ere egingo ez garelako, ospa ditzagun bezperak beldurripe!

*Egonean doazen geziak Joxerra Gartzia

2007,January 28

Nabilen nabilen…

Filed under: Plazertxoak

2007,January 27

Lehoiak bizirik!

Filed under: Kirol ez kirol

Bazkide berriak behar ei ditu Errealak (izena aldatzerik ez du inork pentsatu?) eta ehiztari mentalitatetik sortutako kanpaina hau zabaldu du derbiaren bezpera egunetan:

Honek ez dauka zerikusirik kirolarekin. Errealaren direkzioan aspaldian somatzen dira beste mota bateko motibazio eta jarrerak. Beste hainbat kontutan elkarrekin konpondu ezin dugun momentuan gorroto eta ezinikusiak areagotu nahi izatea ez da zuzena. Eta, bestela, beste hark esan zuen moduan, horrenbesteko amorrua sorrarazten duen jokoa debekatu eta kitto! Ez dago baloirik, ekarri hona!

2007,January 24

Hemengoxeak eta geureak

Filed under: Eman ta zabal zazu

Geure, bertoko, hemengoxe… Euskaltelek egunotan bere propagandarako darabilen berriketa eta erretolika merkearen adibide dira luzaroan ere euren alde erabilitako berbok baina, ondo merezita itxura batean, egurra ari da jasotzen blogosferako alde guztietatik.

Behar zuen sasoian zuzen jokatzen jakin ez nuelako, arantzatxoa daukat aspaldian sartuta eta bihoa mendeku modura beste geure hemengoxe bati buruzkoa kontutxo hau.

Orain lau bat urte, uda partean atzerrira egin behar nuen bidaia bat zela-eta, diru trukea eskatu nuen beti bezero izan naizen Euskadiko Kutxa-Caja Laboralen; dolar amerikarrak nahi nituen, 600 bat euroren trukea. Diru amerikarra bost txarteletan jaso eta han abiatu ginen lagun bi, tarteko aireportu egotaldiak-eta kontuan izanda, hogei bat ordu geroago zapaldu genuen jomugarantz. Patrikan bertako diru pixka bat erabiltzea komeniko litzatekeela eta aireportuko money changerrean aldatu nahi izan nuen 100 $eko txarteletako bat: diruegiaztatzailean eragin behin, eragin birritan, eragin txartel bati, eragin beste bati… eta Diru hau faltsua da! ez diosta, ba, Sri Lankako puntan, poliziaz inguratutako money changerreko beharginak! Zurbil norbera, Ezin da izan… Han nituen herriko sukurtsalean truke eragiketan jasotako papera, baina han, ulertuko duzuenez, hutsaren hurrengoa da hemen hain ezagun dugun Caja Laboral izen-bermea. Okerragoa ere izan zitekeen eta bertan atxilotu ez nindutenean pozik irten nintzen hango bero sapapera.

Sinestu ezinda, Colombo hiriburura heldu ginenean, beste saiakera bat egitea pentsatu nuen. Agure zahartxo batek zeraman harakoan diru trukearen ardura eta nire 100 $eko bost txartelak eskuratu ahala, ikutu hutsarekin banan bana baliogabetu zizkidan bostetik lau!!! Atzamar ikutuaren bitartez ezagutzen zen diru faltsua sartu zidan Caja Laboralak!!!

Diruarena ez zitzaidan arazo gertatu, bidaidearen eta bion txartelekin konpondu ginen-eta. Nekez uler nezakeen, ordea, oraindik ere fede onez jokatu ete zuten zalantza egiten dut, hirugarren munduan hain erraz detektatzen zutena, hemengo hiruzpalau langilek somatu ere ezin izana. Hortik aurrerakoan, goikoek eskuak garbitu eta herrian lagun ere badudan bulegoburuari pasatzen zioten pilota. Esan dut, okerragoa ere izan zitekeena izan ez zelako, ez nuen behar bezala jokatu eta damutxoa daukat. Kontuz bertokoekin ere.

2007,January 23

The Yayhoos Bilbon

Filed under: Rock Erotik

Kontzertuak ikusi osteko kronikatxoa egitea izan dut ohitura orain arte, baina datozen hileotako ekitaldien interesa dela-eta, eguna hurreratu ahala, aurrez ere lerrotxoren batzuk idatziko ditut ohar modura eta kantaren bat igoko taldea ezagutzen ez duzuenon ahogozagarri.

Ez dut, ez, oso gustuko izaten neure talde kuttunak neurriz gaineko sonarik hartzea baina estimu handitan zaituztet hemen zabiltzaten apurrok eta nik hain irrikatsu espero ditudan aukerak zuek alferrik galtzerik ez nuke nahi.

Urrun joan barik, datorren otsailaren 2an, Bilboko Azkena aretoan, The Yayhoos talde handia dator. Interneten pixka bat aztarka ibilita, supertaldetzat jotzen dela jakin dut. Izan ere, gaztetan zoratzen jartzen ninduten The Del Lords-eko Eric Roscoe Ambel eta Georgia Satellites-eko kantari izandako Dan Baird dira taldeko zutabe nagusi bi. Disko bi dituzte argitaratuta eta rockari ekiten diote nagusiki, country tanta batzuk eta americana soinu pittintxo bat nahastean dituela. Tabernazulo txiki, ke eta izerdiz betetako batean, rock erritmo bizian praka bakeroei atzamar puntez igurtzika ibiltzea maite duzuenontzat biziki gomendagarria.

Terrorista kronikoak

Filed under: Eman ta zabal zazu

(…) Kuriosoa da herri hau. Terrorista kronikoak izatera kondenatuta daude inoiz arma bat eskuetan hartu ez duten milaka eta milaka lagun. Eta bakezaleak dira gazteak bahitzeko agindua betetetzera goitik behera armaturik etortzen diren poliziak.

* Gari Berasaluze gaurko BERRIAn.

2007,January 20

Rory Handia

Filed under: Rock Erotik

20 urte ere badauzka sarrera honek. Rory Gallagher-ek Lekeitioko frontoian jo zuenekoa da eta, interneten ezagututako kolekzionista batek eskatuta, ganbarako paper zaharren artetik erreskatatu dut. Duela hamar bat urte Hil zen alkondara koadrodun jainkoa, Rory, eta hemen darraigu, alderrai, jainko berrien bila kontzertuz kontzertu.


Egunokaz Rory berriro neurera ekarri didan hau asturiarra da eta nahikoa izan nuen foro batean komentario txiki bat uztea, berarekin mezu-trukean hasteko: oso interesatuta zegoela Rory-ren kontzertuetako sarrera, egunkari kronika, grabazio edo dena delakoak lortzen, estatuan jo zuen jaialdi guztietako tiketak zituela Bilbokoa izan ezik, Gallagher-en bizitza osoko ekitaldien zerrenda zutela eta Bilbokoari (Lekeitiokoa) buruzko datuak falta zitzaizkiola…

Kontuarekin bero xamartuta, Jon Gurrutxagaren Rory Gallagher: Kemena eta leialtasuna lana erosi berri dut eta, biografiak irakurtzeko ohiturarik ez dudan arren, ez dauka itxura txarrik. Horixe, honelaxe jarri naizela berriro kitarrajole irlandarraren atzean eta hemerotekara ostera bat egitekotan ere banagoela uztaileko gau magiko haren biharamuneko kronika lortu eta fan zoro honi mesede egiteko.

2007,January 17

Izkutuko txerrikeriak

Filed under: Zaharrak barri

Zine espainolean, Torrenteren pelikuletan edo ,euskal literaturan, Simon Artaberen abenturetan agerira atera nahi izaten dira gizakiaren jarrera izkutu eta instintiboenak.

Nik neuk beti pentsatu izan dut pertsona gehienok jakin dakigula zibilizatua zer den, politikoki zuzena zer den eta inor ez molestatzeko izan behar ditugun jokabideak zeintzuk diren. Ez nago hain ziur, hala ere, egunerokoan, jendearen aurrean erakusten ditugun jarrerekin bat datozen bideak aukeratzen ditugun beti.

Jendetzaren babesean igarriko ez zaigulakoan, nork ez du inoiz uzkerrik bota? Eskuerara ez daukagun paperontzi horren faltan, nork ez du egoneza eragiten digun edozein hondakin txoko izkuturen batean bota? Unibertsitateko mahai-aulki azpietan, nork itsasten ditu txikle mamurtuak edota, ikutukeran, moko-garau susmopeko pelotatxoak?

Hausnarketa atzo umeekin kiroldegira joaten garen gurasoon konbertsazioaren harira dator; piszina barruan, kloroarekin batera ura koloreztatzen duen beste produktu salatariren bat egon zitekeen beldurrez, ez ei zuen inortxok ere txiza-parrastadarik sekula bota… Eta, nik, diot: Inork horrelako txerrikeriarik egiten ez badu, zergatik asmatu ete dira produktuok?

2007,January 13

The Muggs eta The Paybacks

Filed under: Rock Erotik

Bikoitza atzo Antzokian entzun ahal izan zen kontzertua. Hasteko eta giro berotzaile, The Muggs talde detroitarrak bere 70 usaineko kantak jo zituen, riff astunak eta blues zaporea nagusi. Hirukoan aritu ziren, power trio gaurko hitzetan, eta bitxikeria modura, baxu joleak eskumako besoan paralisiren bat-edo izan eta, ezker hutsaz jotzeko, teklatu batek egiten ziola kitarra lana.

Jarraian, adrenalina eta pasioz betetako The Paybacks talde bikaina. Rock gordin eta jarreraz betea, Detroit soinua, nondik eta motorraren hiritik hauek ere.

Aktitudez gainezka, Wendy Case emakumea buru: 1.90m andrazko luze, emakume aurpegiko mutilaren aurpegikera hezurtsua, praka bakero ilunak estu-estu eta alkondara beltz distiratsu pegau-pegaua: Takoirik zeraman fijatu ez, huts teknikoa, baina elektrizitate lar zerabilen gorputzean horrela izateko. Giroa berotu ahala, filmetako gaizto aurpegidun honek, paparreko botoi bat gehiago askatu zuen, emakume fatala benetako rock neska, ahots urratua tarrat eta tarrat eta kitarrari zart eta zart.

Danny Methric kitarra, jainkoa, inoiz baino jainkoagoa, bi bider jo baitzuen, The Muggs-ekin lehenik eta The Paybacks-ekin hurrengo; irribarrea aurpegian, eszenatoki osoan zehar zebilen sosegatu ezinda, buruari eragin eta eragin, salto eta brinkoka, beldurrez ginduzkan kitarrari ematen zizkion astinduekin , hain instrumentu ederrak ez ete zuen bazterren bat jo eta txikituta geratu behar.

Rockabilly trazako baxujoleak eta bateria azeleratu indartsuak osatzen zuten laukotea eta rock-aren eta punk-aren eremu konpartitu sutsuan aritu ziren gogotsu, riff indartsuak, punk gihartsua eta pop zertzelada distiratsuak tartekatuz.

Aurrez ezagutu gabeko taldeen zakuan neuzkan eta bikainak iruditu zitzaizkidan biak ere: atzera bidaia musikaren denboran, lehenengoen kasuan, eta rockaren primitibotasuna berreskuratze saioa, bigarrenen kasuan.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica