Gari eta Josele
Rockaren poetak, artistek eurek gaitzetsitako izendun zikloaren amaiera Leioan. Hertzainburu izandako Gari eta enemigosburu izandako Josele Santiago taulakide.
Roberto Mosso zaramaburuak zuzendutako mahai ingurutxoan Gariren berbakera idor eta geldoari Joseleren ateraldi xelebredun etorria gailendu zitzaion inondik ere eta, orokorrean, ez zen gauza interesgarriegirik esan.

Kantuan polito aritu zen Gari, Alvaro Segovia Athom Rumbakide kitarrajolearekin batera paretxo bat jo eta, ondoren, Batiz kitarrajolea eta baxu batekin, errepertorio zaharraren bertsio kate distiratsua eginez. Eskertzekoa da beti-betiko doinuez erraz aspertzen garenontzat, kantak aldatzeko Garik egiten duen ahalegina, askotan estilo “loureedzale betibatekoan” jardun eta monotono gerta badaiteke ere. Zeozer falta du gizon honek jendearekin konektatzeko.
Josele Santiagok, berriz, Los Enemigos-en presio basatia gainetik kendu eta, bareago, orduko errejistro beretsuan jarraitzen du. Jarrera zabar gogogabez mozorrotuta, erraz sareratzen du entzulea bere abestien aurkezpen xelebreekin. Hala ere, niretzat, gaueko deskubrimendua berarekin ekarri zuen Pablo Novoa (Golpes Bajos-ekoa izana) kitarrajole abila izan zen, Joseleren ahots kukurrukariari xume lagunduaz gehienetan, extasira ginderamatzaten punteo koloretsudun amaierak eginez hiru-lau bider. Bikaina, benetan.
Galdera: euskaldunen ezaugarri ala hizkuntzaren defizita da horrelako ekitaldietan euskaldun artistak traszendete eta espainolak barre eragile jardutea?