Ez nuen hitza ezagutzen, lantzurdea, eta gaur bertan hiru-lau bider entzun ahal izan dut Teleberriaren eguraldiaren atalean, bart Nafarroa aldean gertatu den klimatologia fenomenoaren harira: irudietan ikusitakoagatik, elurra izan barik, bazterrak berdin-berdin zuritzen dituen edur hauts moduko bat, cencelladaerdaraz.
Lehendik ezagutuko duzue, beharbada, baina nik neuk aspaldi ez dela egin dut fitxajea: eguraldi kontuak eta herri sineskerak uztartzen ditu EtnoMet blog interesgarriak eta hiriko bizimoduan aspaldi kaletartutako jendeari gure arbasoen jakituria berreskuratzen lagundu liezaguke. Ez ala?
Sentitzen dut. Ez dut txoko honetarako moduko inuxentekeriarik asmatzen. Egunkari guztietan aurkituko duzue baten bat, gezurtxoren bat sinetsarazi nahi duten horietakoak, atezo ibili beraz.
Badira beste batzuk tarteko konfiantzagatik lagun eta etxe giroan gauzatzen direnak eta hari esker, bere astunean, barkagarri izaten direnak.
Urte batzuk atzerago, futbitoan ibiltzen ginen zapatu eguerdi osteetan eta, taldean gozozale asko zegoela-eta, eskaratzean zebilen bonboi kaxa huts bat izan genuen txantxa gordinaren abiaburu.
Eskoletako futbito zelaian trufaz betetako kutxa harekin sartu eta ordura arte lagun genuen jatun goseztoenaren aho buelta marroi kolore susmagarriz ikustea dena bat izan zen: Ez, ez, eeeeezzzzzzz! garrasika eta kontrako norabidean arineketan jarri gintuen bat-bateko damu hark… ¿Qué pasa, qué pasa? zioen inuxenteak kolakaoz jantzitako ahuntz-gorotz biribilak dastatzeko astirik ere gabe! Bale, bale, gaur ez nuke berriro horrelako(trufa)rik egingo!
Asmatu duzue tituluaren jarraipena? Segi, segi irakurtzen…
Egunkari irakurrienen bedeinkazioarekin BECen antolatzen diren kontzertuotako bat izan zen: Fito y los Fitipaldis. Ni neu ez noa, urteak dira horrelako makrojaialdi batera ez noala eta daukadan adinarekin ez dut nerabe bizarguri txolinduen hankapean ibili nahi…
Abenduak 22, 22:00ak: aparkatzeko Barakaldo Berriko zurkulu guztiak arrakasta barik miatu ostean, BECeko parking laberintikoan naiz, kotxea gelditu eta patxada onean ja. Ez da nire errua izan. Platero y tu-ren jarraitzaile izan nintzen baina Fitoren boom komertzialak nazkatu xamar nauka, etxe, taberna, denda eta supermerkatu guztietan doinu berberak entzutearen ondorioz. Lankide estimatua dut Patxo eta iluntzeko 20:30etan deitu zidan, gonbidapen parea dut Fito ikusteko, abenduko lehen hotzon biktima batzuena, etorri nahi baduzu? Joango ez naiz, ba! Gabonetako oporrak hasteko modu paregabea, bai jauna!
Ikaragarria BEC barruko taberna-mostradoreen inguruan pilatzen zen egarriak hildakoen kopurua; beldurgarriak hankak estututa komunetarako zain zeudenen ilarak, emakumeenak batez ere, jakina; ikusgarria 2005eko Bertsolarien finalean 15.000 lagun batu zituen kantxak, oraingoan, batzuk zutunik egokeran, 20.000 inguru batzen zituela ikustea (Bilbon inoiz izan den ordaineko kontzertu jendetsuena)…
Musikari berari dagokionez, soinu bikaina baina ikuskizunari zor zaion arreta galdu egiten da eszenatokia hain urrun egonda eta inguruko jendetza gertatzen da atentziogune behin eta berriro. Eromena Soldadito marinero bezalako kanta kuttunen aurrean, apoteosi hitzak balio lezake?
Fito eta bere Fitipaldiek musika komertzial atsegina egiten dute baina gehiegitxotan erreferentzia argiegiak dituzte nabarmen: Dire Straits-en kitarreo aratzak, The Police-n Roxanne gogora ekartzen duten ahots koroak edo Steve Miller Band-en oinarri erritmikoak, rockabilly kutsuko kantetan Loquillo edo Los Rebeldes-en kerak imitatzen ez dituztenean.
Barricada ere omendu nahi izan zuten haien Callejon sin salida kantu gogoangarri baten bertsioa eginez eta nik, nostaljiko honek, tabernazulo osoak amorruz beteta eta aho batez oihuka jartzen gintuen Policia asesina hura 20.000 lagunen eztarriak urratzen sentitu nahi izan nuen baina…
Ezer gertatu ez balitz legez, Egunkaria edo Egin-en auzietan uste zuten errurik egotzi ezin eta kasuok artxibatze bidean ei dabiltza; gu, betikook, aspertu xamar makilakadak beti geure lepoan jasotzeaz. Nork epaitu behar du hainbat langileri, hainbat irakurleri eta euskal kulturari honenbesteko kaltea egin dion legejendilajea? Aide globun!
Orain 20 bat urteko sentsazio berberak eragin dizkit kantu eder honek. Ez gure ingurua ez gure egunerokoa aldatu diren seinale.
Aurreko batean laurogeitaka urte dituen Fernando Fernán Gomez aktoreari irakurri nion elkarrizketa batean damu zuela gehien maite zuen jendeari bere sentimendu eta emozioak adierazten jakin ez izana. Hitz egokia, beharbada, ez litzateke damua izango, nahita egindakoagatik damutzen gara eta, kasu honetan, zeozertan ez jakitearen tamala da sentitzen duguna.
Ez dakit zuei gertatzen zaizuen baina, onean zein txarrean, askoz ere hurreragokoa da amarekiko tratua: ohitura kontua, batetik, amarekin dexente ordu gehiago eman ditugulako eta heziketa kontua, bestetik, gizonon artean sentimenduak adieraztea ahulezia seinaletzat jo izan dugulako.
Sarritan erabili dut buruan neuk ere F. F. Gomezen kezka eta, neu gizondu eta aita aguretu ahala, gaur da eguna, arrantza zein soloko kontuak direla, etxeko zein beharreko kontuak direla, gauzak elkarri errazago adierazi eta bion arteko harremana zabalago daroaguna. Ez beti nahi bestean, hala ere, baina bai une atseginak sentitzeko neurritxoan…
No future mezu punkeroaren aldaki positibista dakarkigu Rafa Rueda jaunak Inoiz ez da bihar kantu alaian. PiLT-ren sasoian doinu latz eta astunagoetara ohituta ginduzkan mungiarrak, baina poparen bidean jarri da bete-betean bere bakarkako bi lanen bitartez. Saredun eskua izeneko lanean bereziki, hammond-en ikutu sikodeliko 80karia lagun, brit pop-era jotzen duten ahaireak dira nagusi.
Letren aldetik, denboraren joanean gauza txikiak preziatu eta estimatzen ikasi duenaren sentimendu eta emozioak azaleratzen ditu Rafak eta, haren ahotsa poperako lar gustatu ez arren, emaitza interesgarria lortzen du laukote sendoan. Ederra izan da berriro ere RR zuzenean entzutea, sasoi oneko eta bertoko, orain eta hemen.
Bekarrak kendu berritan, begien aurrean daukaguna ametsaren arrastoa ala egia ete den galdetzen den orduetan, gauza harrigarria ikusi uste zuten atzo ondarrutarrik goiztiarrenek: bafore handi bat Saturrarango hondartzan lehorreratua!
Herri txikietan mota honetako gertakizuntxoak handi eta historiko izaten dira, egunerokoan ohituegi dagoen jendearen ikusmina eragin eta egunen baten herriko zaharren izango direnen memorian harako batailatxo baten hazia ereiten duten horietakoak.
Eguenetik barikurako gauean izandako haizete eta itsasaldi zakarrak Ondarroako portuan lotuta zegoen arrastrero frantses zahar bat askatu eta jitoan erabili ei zuten haize erauntsiek, moilako bazterren bat edo beste jo, portutik atera eta Arrigorri badiatxoaren bazter batean, Gipuzkoan jada, dagoen Saturraran plaian lehorra joarazi arte.
Egutegi hispano-kristauak opa digun zubi euritsu honek barealdia izan zuen atzokoan eta ez ziren gutxi izan itsasontzi mamu haren ikusmiran elkartu ziren herritar eta turistak ezta egunen batean argazki zaharren erakusketetan ikusgai izango diren erretratuen flashak ere.
Noiztik gogoratu ez arren, urtero-urtero parte hartu dut inmaculada-constitución zubi honetan izaten den Durangorako erromesaldian. Modalitate guztietan joan ere, lagunekin, bakarka, ikasle eta guzti, familia eta guzti… Ezberdin bizi daiteke giroa batera edo bestera joan eta, dudarik ez dago, eguna pasatzeko eta betiko-aspaldiko lagunak ikusteko aukera ederra da.
Egunotan Durango entzute hutsa azokarekin erlazionatzen da zuzen-zuzenean, beste edozertaz ari garela ere, bertan beste bizitzarik ez balego bezala: liburua, diskoa, poltsa beteak, jendetza milaka, kultura kiloka eta zerbezak litroka…
Nik neuk beti jarri izan diot frenoa neure buru berotuari azokan sortzen den kultur kontsumismo eta erosi beharraren aurrean, ez dut libururik lau-bosnaka erosiko, gero denborarekin apaletan ikutu ere egin barik utziko baditut. Urtero sentsazio eta ondorio berdinekin uzten dut atzean Durango. Bai, izan gara, baina hurrengoan ez nator. Megadenda horietako batean liburu aleak banan bana erosiko ditut nire irakurtzeko ahalmen eskaxak merezi duen erritmoan jarduteko.
Bihar izango dut bakarrik joateko aukera eta, berriro ere, ezbaian nabil neure buruarekin. Kontra, ez zaidala gustatzen gure kontzientzia txarraren purifikaziorako-edo horrelakoetan zelan jokatzen dugun eta, ze demonio, ezagunen konpainia ere nahiago dudala tantaka disfrutatu… Alde, hantxe dagoela saltsa egunotan. Durangora, bai? Batek daki zer egingo dudan.
Kafe Antzokia entzule leialez leporaino bete zen The Answer talde irlandarren deialdira. Taldeak ere ez zigun hutsik egin baina. Kontestazinoa biribila eta bete-betekoa izan zen. Robert Plant zuzenean ikusterik izan ez dugunok aukera bikaina izan genuen haren keinu eta plantak beste norbaitengan ezagutzeko. Cormac Neeson kantari ileluze prakabarrenzabalak ez zuen zalantzarako biderik ematen; haren katu garrasi, esku keinu zein gorputz astinduek Led Zeppelin zuten inspirazio inondik ere. Paul Mahon serio itxurako kitarra tximaluzeak ere piura rockero oldarkorrez betetako ekitaldia egin zuen: korri batera, korri bestera, orain hankak zabalik kitarrari astinduka, orain bateria ondora igo eta kitarraren masta gora begira jarrita punteo trebe etengabean. Hard rock erakustaldi bikaina, tarteka astunegia ere bai heavy doinuak aspaldi baztertuak nituen honen belarrietarako. Blues ikutudun kantak izan ziren giro latzaren leungarri eta The Faces-en sokako kantu eder batekin amaitu zuten.
Jaialdi ondokoan, betiko ezagunekin solasean, ze ona izan den kontzertua, batzuetan, iritzia hain ahobatekoa denean, neuk ere berdin ikusi ete dudan zalantza izaten dut eta momentuan iritzi argiegirik adierazi ez, entzundakoa ondo asimilatutakoan, hotzean, balioko zerbait esango dudalakoan. Ez dute gauza berririk egiten baina egiten dutena duintasun itzelez egiten dute eta estilo handiz garamatzate denboran atzera. Inpresioa dut dena den, Marah taldeari buruz antzera nioen, talde irlandar honek zeresana emango duela musikaren panoraman.
Nabarmen luzatzen ari da jendez betetako ofizio santua eta hankartetik datorkizu egoneza. Premia antzina nabaritu duzu baina eustea pentsatu duzu eskusaura joateko denon aurrean eskusatu beharrean. Ume txikien antzera, hankak elkarren kontra estutu, jo alde batera, jo bestera zabiltza aulki gainean, bla, bla, bla ari denari aspaldian jaramonik ere egin gabe. Zoaze jaunaren bakean! Amaitu da, halako batean!
Komunerainoko osteran aringa-aringa zoazela askatu dituzu bargetako botoiak eta txistua ere aterako zenuke. Ailegatzearekin batera hasi duzu txiza erreka amaigabea. Husten ari zarelarik gustu itzela sentitu duzu, amaiera aldera bizkar hezurrean gora doakizun hotzikarak errematatu eta gorputzari hiru-lau dardara eragin dizkiozun arte… Plazertxoa berau ere.