Niko eta Antonio
Rockaren poetak zikloa. Niko Etxart eta Antonio Vega lagun zaharrak. Hirugarren ekitaldia, itxura batean premiaz osatutako bikotea, bata bestearekin zerikusi handirik bakoa. Erdi euskaraz, erdi erdaraz mahai inguru laburtxoa egin dute ordu erdiz edo. Niko betiko lez, betiko trazan; Antonio azal eta hezur, burumakur eta Dama Zuriak berarengan utzitako arrastoa ageri-agerian.

Barkatu ete dio Antonio Vega jaunak, bere baitan harrokeriak tokirik izan badezake, Nikok herenegunera arte ez zuela haren ezagutzarik esan izana? Interneten ezagutu zuela eta gurean musika euskalduna ghettotzat hartzen bada, honek bazeukala beste irakurketa bat: euskal herritar askorentzat musika espainola ere ezezaguna dela, zelan edo halan beste ghetto bat… (eta, lerro artean, hauxe dela herri zatitu baten errealitatea, bata gora begira eta bestea behera begira). Eta musikak herriak lotzeko eta zubilanerako balio behar duela, eta harro dagoela eszenatokia orain bi egunera arte ezagutzen ez zuen kantariarekin konpartitzeagatik…

Kantaldia? Niko indartsu, kitarra ingeles birtuotsu bat eta armonika jole kementsu bat seikotean nabarmen direla. Rock´n´ rolla, bluesa eta beti-betiko hitak. Dotore, berbati eta eskuzabal Antoniorekin, kantak eskainiaz eta abar (susmoa daukat gizona hain piura tamalgarrian ikusita lastima sentitu duela).
La Chica de ayer-en egilea? Horixe, ahul, indarge, ahotsa juxtu-juxtu, eta aurpegia ozta-ozta kantatzeko momentuan erakusten duela. Ez du taula gainean 60´ere egin, delako kanta superfamatua jo eta ospa egin du, jendeak eskatutako bisari aurre egiteko ere indar barik.