Zapore urdina
Lehenengo eta behin, nire jatekorik estimatuena orburuak edo alkatxofak direla aitortuko dut. Eta esango du baten batek: baina, baina, baina… eta angulak eta itsaskiak eta…? Ahaztu. Beste esplikaziorik ez gaurkoz. Orburuak gustatzen zaizkit gehien, kittu. Naturalak, ostroak oso-osorik dituztela ur gazitan egosi eta gainean zehar oriotan gorritutako berakatz xehetua botata.
Orriak banan bana aletu eta berauen alde ahurreko mamintxoa haginekin kenduta jan, banan bana, bihotza biluztutakoan, segundu bakoitzari teinka ari bagintzaizkio bezala, astiro-astiro ahoan eragin, mamurtu eta desegin…
+ 
Baina geure-geureak ditugun zer bizigarri horien artean, badut bat, aurretik ere niretzat plazer kategoria izan arren, nonon irakurri arte izenik ez zeukana: orburua iruntsi ostean, basokada bat ur edan eta zapore urdin iheskor horri eusten saiatu…