Zer moduz? Apaizac obeto!
Atzo, Zamudioko dorretxe dotorean, XVI. mendeko balea arrantzaleei buruzko hitzaldi biribila eskaini zigun Jon Maia bertsolari zumaiarrak. Fresko-fresko zekartzan buruan uda partean, pare bat hilabetez, Terranova aldean izandako bizipenak.
Azalpen ederren bitartez, euskaldunok, behar ziren lehengai guztiak eskueran izateagatik -egurra, burdina eta sokagintzarako kalamu fibra- sasoi hartan arrantza kontuetan munduan aurreratuenak izan ginela sinetsarazi zigun Jonek.
San Juan Galeoiaren txaluparen erreplika batean, Kanada aldeko itsaso hotzetan ibili zen Apaizac obeto espedizioa, XVI. mendeko euskal arrantzaleen moduan jantzita, mende batzuk lehenago euskaldunak ibilitako bazter, hondartza eta uharte berberetan.
Plazek, eskolek zein portuek basque aurre izendapena duten txokoetan ibili ei ziren; egundo euskaldunik ezagutu bako bizilagunak emozionatu egiten ei ziren eurak ikusita eta gure arbasoei buruzko kontu ugari jakin ei zituzten bertakoen ahotik.
Harrigarria egin zitzaigun espedizio honi Kanadan bere neurriko abegia egin izana - bertako politiko, ministro zein UNESCOko arduradun nagusien harrera izan zuten- eta Eusko Jaurlaritzak bertotik, haren guztiaren ordain, ordezkari bakar bat ere bidali ez izana… Euskadi ere diferent ete da?