Diamond dogs
Txatal hau atzoko ekitaldiaren hasierako hiru-lau kantak entzundakoan idatzi izan banu, oso bestelakoa izango zen nire iritzia. Diamond Dogs ni baino gutxiago ezagutzen zuen lagun batekin joan izanak beraren atsegineko izango ete ziren arduratuta nindukan, batetik, eta, bestetik, aurretik zenbait rockzalerekin hitz eginda, aurreritziz beteta nindoan.
Dozenerdi bat ale nahikoa izan nituen mugimenduak plantaz planta eta unez une ikasitako talde itxurati hura rock´n´roll zapalgailua zela ulertzeko. Konturatu baino lehen Suloren ahots erlats tabernazuloetan onduak lagun zituen kitarra bihurgunetsu eta piano honky-tonkeroaren mende genituen hanka-gerrialdeak.

Superstarregia Suloren jarrera, nahi bada: Jaggerren piura ebidenteegiak esku-besoez zein mikroaren hanka jendeari noratzean; kitarrak aurre-aurrean jarrita eszenatokitik alde egiteko modu etereoan; europearregi gertatzen diren sinpatiko planta zein kolegeo giroa erakutsi nahian; ikuslearen bihotza ikutzeko era zuri eta zaharkituegian , we love you, you´re beautifull, Bilbao is the best…
Ez dira The Faces baina eurak zer izan ziren gaur-gaurkoan ezagutzeko modurik onena dira. Jaggerri zapatak garbitzeko prest ei leudeke baina harek baino sasoi hobea erakusten dute, inondik ere. Ez dute ezer berririk ekarri baina 70 hamarkadako soinu-girora atzera egin eta rock´n´roll jaia eskaintzen dute, zintzo eta zabal.