Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,November 29

Barre txikia ordain

Filed under: Plazertxoak

Irribarrea ei da lotsatiok harremanerako dugun armetako bat baina, jakina, baieztapena ezin da orokortu. Behin baino gehiagotan gertatuko zitzaigun honakoak edo halakoak pasantean ez agurrik ez barretxorik egin ezagatik txarrean hartu izana eta, horrelakoetan ere, delako hori motza, despistatua edo lotsatia dela esanez desenkusatu nahi izaten dugu.

Erdi ernegatuta bizi garen sasoiotan, inoiz edo behin gerta dakiguke, autobusetik ezpaloira, kristalaren babesean elkarri begira ibili garela deskubritu eta norberaren irriñoari barre txiki batez erantzuten dakienik aurkitzea: orduan, lipar batez bada ere, nik neuk adiskideago izaten dut mundua.

2006,November 26

Rory McLeod

Filed under: Rock Erotik

Orkestra gizona da Rory McLeod eskoziarra: kitarra, musukitarra, zapatapeko perkusioa, goilarak zein aho malabarismo guztiak hartzen ditu bere gain eta nahikoa eta sobera da bera eszenatokia bete eta jendea dantzan jartzeko ere.

goil

Orain hemezortzi bat urte etorri zen lehenengoz Euskal Herrira, Oinatiko kiroldegira, Ruperren eskutik eta, atzokoan ere, Ruper lagun zuela agertu zen Zornotzako Zelaieta Zentro txukunean. Mahaitxo eta guzti, kafetegi baten antzera atondutako aretoan hogei bat lagun batuko ginen, tartean aurpegi ezagun bat baino gehiago.

Erderaz aritzeko ahaleginean, hizkuntz mordoa nahasten du Roryk kanten azalpen xelebreetan eta, komunikatzaile onek duten dohainaren adibide, berba gutxirekin asko esatea eta barre eragitea ere lortzen du. Korrokadatxo bat ere eskapatu zitzaion berbetan ari zela eta airoso irteten jakin zuen kinka horretatik, umetxoei “soinu hori” zelan gustatzen zitzaien aitatuz.

rory

Aipu eta kantarik gehienak bere ama, amama edo lagun zenduen ohoretan egin zituen, letra xinple itxurakoen atzean, beti ironia fin bat zutenak eta gai sozial konprometituak ikutzen zituztenak. Hauen amaiera bakoitzean eskerrik askoka, barka eske euskaraz daukan kapazitate eskaxagatik; erdaraz ere halakoxea dela bere gaitasuna eta, esaten hasita, ingelesez ere kaxkar xamarra ei da: horrexegatik kantatzen duela eta esan beharrekoa doinu politez jantzita adierazi…eta berriro ere neu testigu, ez du beste askoren inbiriarik!

2006,November 24

Niko eta Antonio

Filed under: Rock Erotik

Rockaren poetak zikloa. Niko Etxart eta Antonio Vega lagun zaharrak. Hirugarren ekitaldia, itxura batean premiaz osatutako bikotea, bata bestearekin zerikusi handirik bakoa. Erdi euskaraz, erdi erdaraz mahai inguru laburtxoa egin dute ordu erdiz edo. Niko betiko lez, betiko trazan; Antonio azal eta hezur, burumakur eta Dama Zuriak berarengan utzitako arrastoa ageri-agerian.
niko

Barkatu ete dio Antonio Vega jaunak, bere baitan harrokeriak tokirik izan badezake, Nikok herenegunera arte ez zuela haren ezagutzarik esan izana? Interneten ezagutu zuela eta gurean musika euskalduna ghettotzat hartzen bada, honek bazeukala beste irakurketa bat: euskal herritar askorentzat musika espainola ere ezezaguna dela, zelan edo halan beste ghetto bat… (eta, lerro artean, hauxe dela herri zatitu baten errealitatea, bata gora begira eta bestea behera begira). Eta musikak herriak lotzeko eta zubilanerako balio behar duela, eta harro dagoela eszenatokia orain bi egunera arte ezagutzen ez zuen kantariarekin konpartitzeagatik…

vega

Kantaldia? Niko indartsu, kitarra ingeles birtuotsu bat eta armonika jole kementsu bat seikotean nabarmen direla. Rock´n´ rolla, bluesa eta beti-betiko hitak. Dotore, berbati eta eskuzabal Antoniorekin, kantak eskainiaz eta abar (susmoa daukat gizona hain piura tamalgarrian ikusita lastima sentitu duela).

La Chica de ayer-en egilea? Horixe, ahul, indarge, ahotsa juxtu-juxtu, eta aurpegia ozta-ozta kantatzeko momentuan erakusten duela. Ez du taula gainean 60´ere egin, delako kanta superfamatua jo eta ospa egin du, jendeak eskatutako bisari aurre egiteko ere indar barik.


2006,November 22

Apres ski

Filed under: Plazertxoak

Eguraldiak oraindik lar freskatu ez duen arren, giroa lorrindu egin zaigu eta negua hurbilago ikus daiteke. Gaur bertan, aspaldiko plazertxo bat etorri zait gogora egun santu osoan hanken gainean ibilita, oinetako umelak eranztearekin batera.

Urte batzuk ere badira, neguan, bota zurrun-zurrun parea jantzi eta ohol biri kateatuta (bai, palilleroa* naiz) mendi magal zurietan behera irristatzen hasi eta eskian zaletu nintzela. Mendi magalean gora, berriz, telesilla (teleaulki?) izeneko tramankulu batek gailurreratzen gintuen gu, burgestxikiok.

Itzela izaten zen goizean goiz hasi eta arratsalde partera arte zeregin honetan izaten genuen gozamena, baina ez zen txikiagoa izaten, neke handiz makurtuta, engantxeak banan bana askatu eta oinetan genituen botatzar martziano torturagarriok eranztea ere. Une horretxek ematen zion hasiera apres ski ezin goxoagoari…

* Palilleroa> eskiatzailea vs. kortxeroa > snow oholzalea

2006,November 21

The Answer

Filed under: Rock Erotik


Gure inguruko irrati formulek, musikari dagokionean, Auñamendietatik harako guztiari atea ixten dion harresia ezarria badute ere, The Answer talde irlandarra gogor ari da Europan jotzen. Led Zeppelin edota Thin Lizzy zure aspaldiko talde kuttunen artean badaude, Kafe Antzokian, abenduaren 3an, izango duzu doinu 70kariok gozatzeko aukera.


Powered by Castpost

2006,November 20

Euskararekin narrutan

Filed under: Eman ta zabal zazu

Sasoi bateko eztabaidagaia izaten zen txortarako zein hizkuntza erabiltzen ete genuen…
Pako Aristik bete-betean asmatu du, DRA , azkenengo idatzian, sasoia dugu behingoz euskarari eskua sartu eta narrua jotzeko!

2006,November 17

Zapore urdina

Filed under: Plazertxoak

Lehenengo eta behin, nire jatekorik estimatuena orburuak edo alkatxofak direla aitortuko dut. Eta esango du baten batek: baina, baina, baina… eta angulak eta itsaskiak eta…? Ahaztu. Beste esplikaziorik ez gaurkoz. Orburuak gustatzen zaizkit gehien, kittu. Naturalak, ostroak oso-osorik dituztela ur gazitan egosi eta gainean zehar oriotan gorritutako berakatz xehetua botata.

Orriak banan bana aletu eta berauen alde ahurreko mamintxoa haginekin kenduta jan, banan bana, bihotza biluztutakoan, segundu bakoitzari teinka ari bagintzaizkio bezala, astiro-astiro ahoan eragin, mamurtu eta desegin…
orburua + ure

Baina geure-geureak ditugun zer bizigarri horien artean, badut bat, aurretik ere niretzat plazer kategoria izan arren, nonon irakurri arte izenik ez zeukana: orburua iruntsi ostean, basokada bat ur edan eta zapore urdin iheskor horri eusten saiatu…

2006,November 15

Zer moduz? Apaizac obeto!

Filed under: Zaharrak barri

Atzo, Zamudioko dorretxe dotorean, XVI. mendeko balea arrantzaleei buruzko hitzaldi biribila eskaini zigun Jon Maia bertsolari zumaiarrak. Fresko-fresko zekartzan buruan uda partean, pare bat hilabetez, Terranova aldean izandako bizipenak.

Azalpen ederren bitartez, euskaldunok, behar ziren lehengai guztiak eskueran izateagatik -egurra, burdina eta sokagintzarako kalamu fibra- sasoi hartan arrantza kontuetan munduan aurreratuenak izan ginela sinetsarazi zigun Jonek.

San Juan Galeoiaren txaluparen erreplika batean, Kanada aldeko itsaso hotzetan ibili zen Apaizac obeto espedizioa, XVI. mendeko euskal arrantzaleen moduan jantzita, mende batzuk lehenago euskaldunak ibilitako bazter, hondartza eta uharte berberetan.

Plazek, eskolek zein portuek basque aurre izendapena duten txokoetan ibili ei ziren; egundo euskaldunik ezagutu bako bizilagunak emozionatu egiten ei ziren eurak ikusita eta gure arbasoei buruzko kontu ugari jakin ei zituzten bertakoen ahotik.

Harrigarria egin zitzaigun espedizio honi Kanadan bere neurriko abegia egin izana - bertako politiko, ministro zein UNESCOko arduradun nagusien harrera izan zuten- eta Eusko Jaurlaritzak bertotik, haren guztiaren ordain, ordezkari bakar bat ere bidali ez izana… Euskadi ere diferent ete da?
eguns. ao

Izugarrikeriak

Filed under: Eman ta zabal zazu

Bata, bestea ta txakurraren hestea

Bakea behar dugu
Bakea behar dute?

(Zordun nauzu Jozulin)

2006,November 14

Carmen Consoli

Filed under: Zaharrak barri

Berri handiren baten zain egongo bagina lez-edo, hedatu xamarra da irratia burkopean piztuta lo egitea.

Erdi lo-erdi esna gauden horretan, kantuak goxoagoak ere badirudite eta, tarteka, jaberik bako harribitxiak entzuten dira. Horrelaxe egin nuen Carmen Consoliren ezagupidea eta, harrezkero, dantzan narabil doinu polit honek.
carmenconsoli


Powered by Castpost






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica