The Drones, soseguaren etsai
Harrigarria. Ahozabalik, belarria txistuka eta bihotza daunbadaka nago oraindik The Drones talde australiarra barikuan Kafe Antzokian ikusi nuenetik. Ez nuen taldea inondik ezagutzen. Ez eurak, oinordekoak, ezta adituek euren aitabitxitzat jotzen dituzten Beasts of Bourbon ere. Nahikoa izan nuen karteleko aurkezpena erabakia hartzeko: “zuzeneko indartsuan izena hartzen ari den talde gazte australiarra…” Binke. Ordubetean talde honek eragiten duen fender distortsionatuen burrunbotsak ez du sentsazio erosorik transmititzen, ez du bakerik emoten, urrun ere urrun “patxadatsu” hitzetik. Taldearen aurkezpen katartikoak aurre-aurrean jartzea merezi zuen. Fiona Kitchin izeneko gaizto aurpegidun baxujole luze-lirainak ere bai, itxura batean, gero, haren pose hieratiko mezugabea ezdeusa baita Gareth Liddiard kantari-kitarrajolearen oldarraldi energikoen aldean. Erritmo aldaketa bortitzak, tinko baina arnasa hartzeko moduko tenorea ematen dute Gareth-en errezitaldi sudurkari etilikoek, zotin eta intzirika, jarrai-jarraian, garrasi batean eztarria urratuz, distortsio pedalei tripak atera beharrean, antzokia abarrots latz itogarri batez betetzeko. Ikusleon begiak, biribil-biribil, Gareth sugelandarearen gorputz jauzilari espasmodikoaren zartada-bihurraldien gainean, “sekula halakorik” esaten lez. Bisik gabeko ekitaldi zoroak , lurraren kontra kraskatu behar duen hegazkinaren pare, zoro amaitu zuen sugelandare alkandorazuriak kitarrari astinaldi ikaragarria ematen ziola. Soseguaren kontrako eta bakearen etsai, The Drones taldeak ordu mordotxoa beranduago ere hustu ezineko egoneza sartu zigun gorputzean. Ez, horratio, “beste talde bat”.
