Ortuellako istorioak
Euskal Jaiak Ortuellan. Ortuella ez da Reno, baina diasporako euskaldunek bezala, hemen ere bada zenbait toki, urtean behin bada ere, geure nortasun lausotua azpimarratu premia duena: programazio oparoa bariku, zapatu eta domekarako. Urriak 6, barikua, Gorbea areto txukuna:
Goizez, Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria, Gorbea irakasleak atzetik artzain dituztela bertaratutako ikasle nerabez leporaino beteta. Joxe Mari, eszenatokia handi, gazte saldo itzelaren arreta erakarri ezin eta euren haginen zuritasuna dastatu ezinik. Enparauak asko eta pastela txiki. “Eskerrik asko eta…hurrengora arte” esaten amaitu baino lehenago gazteak hanka jokoan, buuuffff…
Gauez, Juan Carlos Perez, Itoizen arima izandakoa Gorbean. Hiriko istorioak disko popero-jazzeroaren aurkezpena. Aretoan hutsuneak nagusi. 20 atzamar-behatzetatik gutxi faltan, zenbatzen hasiz gero. Kantaldia hasi baino lehen erdaraz ortuellarrak “si traen a La Pantoja esto revienta, fijo.” Hauxe da Euskal Herria ere “ondo doa“-n sasoiotako errealitatea. Juan Carlosek, Euskal Herriak emandako jenio garaikide horrek, ezin izan zuen orain 22 bat urte Bilboko La Casilla bete-betean ironiaz esandakoa errepikatu: “Zenbat euskaldun gaude hemen, e? baina ondo do, ondo do, nahiz eta hain gitxi pagau” Herriz herri kontzertuetako 100 pzta. baino ere merkeago Ortuellan. J. C. Perez, doan. Pastel ederregia hain enparau gutxirentzat. Ez zen kikildu, ordea, euskal rokaren legenda bizi hau. Eszenatokia alderik alde beteta: kontrabaxua, bateria, Kitarra eta pianoa, erdi eta erdi, Perezek eta aspaldiko lagun duen Andrzej Olejniczak poloniarra buru duen haize sekzio entzungarria. Futbolean bezala zati bi egin zituzten 90 minutuak. Kitarra eskuetan eta musukitarra ahoan zuela, Dylan zaharrari keinuka, Kantu ero bat, Izar betaurrekodunak, Etxerutz, Esan baietz, Desolatio edota aspaldiko Ezekiel diskoko Eremuko dunen atzetik ikaragarria, bikain. Han geunden apurrak jarlekuek uzten ziguten neurriko dantza kontrolatuan ari ginela, Juan Carlos pianoan jezarri zen atseden premiaren aitzakiapean. Giroa Orleanstu egin zen erabat pianoa saxofoi, tronboi, tronpeta hotsekin nahastu ahala, baina kontzertuak crescendo kilikagarrian jarraitu zuen. Hau Berua, azkena. Beste bat beste bat… eztarri gutxi baina bisik ezin ukatu: Lau teilatu! eskatu zuen nostaljiko despistaturen batek eta mutrikuarrak eskuari biribilean eraginda, hurrengo batean izango zela. (Ostiralean) Mambo jostalaria eskainita asteburuaren txirrista ilunera jaurti gintuen jenioak ekitaldi haren edertasuna azken muturrera arte dastatzea erabaki genuen apurrok.