Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,October 31

J. I. Lapido

Filed under: Rock Erotik

Punttu-punttuan hasteko dugun zemendi honetan Poetas del Rock izeneko musika zikloa beteko da Leioan. Euskal Herriko eta estatuko lau bakarlari bikote osatu dira lau egun ezberdinetan bertako auditoriumean jotzeko.

Rockak ez du sekula musika klasikoak edo jazzak izan dezaketen ospe on zein onarpen intelektualik izan baina, ezin da ukatu, askotan, kitarra erlatsen eta bateria durunditsuen abarrospean ostenduta hitz eder askoak aurkitzen direla.

Gainbehera datorren gizartearen kronika, estatistiketan galduta bizi direnen ahots edota bizkor bizi beharrak harrapatutako galtzaileen sendagarri izateko dohaina dute rockak emandako abesti askok: hiru minutuz bada ere, mundua salbatzeko kapaz diren ereserkiak.

Etzi bertan, zemendiak 2, J.C. Perezek eta J.I. Lapidok joko dute eta ez dut, ba, dilema txikia izan bertara joan ala antzokira Diamond Dogs ikustera joan erabakitzeko. Errua Borja FotoBorjak izan zuen, beraren “erruz” deskubritu bainuen J. I. Lapido erdal abeslari bikaina.

Blog honen hasierako Eskerrak hutsagatik txatalean aipatzen nituen aurreritziengatik baino areago gorputzak egurra eskatzen didalako DD ikustera joango naiz, ez ahal naiz damutuko!

Hona Lapidoren kantupoema bat:

Powered by Castpost

2006,October 28

Guru Ruper

Filed under: Rock Erotik

Azkenaldiko nire eskapada sarrien maiztasuna neurtu nahi duenak erraz aterako du kontua azken txatalei behatuta. Denak atal berekoak, denak tenplu batekoak.

Krapulatze berantiar hau dosifikatze aldera, aurreikuspenen artean ez baneukan ere, ez zen polita izango euskal musikaren guru berria hirira bisitan, eguen-bariku, birritan etorri eta kale egitea. Ondotxo zekien berak Bilbok ez ziola hutsik egingo eta berak ere beti-betiko ordaina eskaini digu. Ruper beti Ruper.

Bigarren egunez ere bete egin du Kafe Antzokia Ordorikak eta bere rupertorio zabaletik ordu bi t´erdiko emanaldia jorratu du ahobeteko ahotsez, berbaz berba, eta maisuki lagundutako musikariez, kantuz kantu, gaineko pantaila bietan erretratu eta kaleidoskopio irudi zoragarriak zituela.

Badira ruperzaleen artean azken bi disketatik honako amerikartze argi bat ametitu ez eta bazterrera egin dutenak, baina euskal musikaren guru honek ingurura ikasle berriak ekartzea lortu duela esan daiteke areto honetan batutako jendea sailkatzen hasiz gero. Ruper dozena bat aldiz ere entzundako honek inoiz baino jende gazteagoa ikusi dut haren kantarik aspaldikoenak hitzez hitz abesten. Inkondizionalen artean, euskal poeta, euskal rockero, kazetari eta gainerako sasiletradua ugari.

Bateria-baxuari tarteka lau gitarra eta, zatirik folkienetan, bibolina gehituta ekitaldi izugarria egin du maisuak, azken tantaraino (labexomorro-labexomorro) bene-benetako zaleek baino apreziatzen ez duten horietakoa. Gainerakoak hiru biseko gau hunkigarri honetan zaletu direla-eta nago.r. o.

2006,October 22

Maitale berekoien otoitza

Filed under: Zaharrak barri

eros
Naizen bezalakoa amets nazazu,
amesten zaitudan bezalakoa izan zaitezen.
Egonean doazen geziak Joxerra Gartzia

2006,October 20

Lokua Kan(t)za?

Filed under: Rock Erotik

Ez, ba. Lokua kongoarra ez zitzaigun kantsagarri izan. Ez nuen berdina pentsatu Top Mantako beharginaren aholkuari jaramon eginda, erosi eta lehenengoz entzun nuenean. Ahots afrikar polita, kitarra lagun duela, baina daunb-daunb afrikarretik gutxi. Lokua Kanza, aukera bakarreko disko hautsez betetakoen artean etxeko ganbaran amaitu behar zuena…

Ez, ba. Kafe Antzokiak kultur programazio ikaragarria eskaintzen du aspaldion eta, honakoan ere, Afrikaren aldeko jardunaldietan txeratuta sekula ikasi gabeko izen exotiko hura irakurri uste izan nuen: Lokua Kanza. Konprobatu eta bera. Izango duzu, ba, beste aukera bat.

Lokuak, taberna ingurutik zetorren beira hotsa eta berbaroa behin isilarazita, perkusiojole sinpatiko bat eta emakumezko rasta polit bat alboetan, ekitaldi zoragarria eskaini zuen, ahots errejistro ezberdinez era guztietako txorrotxioak atereaz mikroaren aurrean. Jende artean, erritmo afrikarren mendeko hanka joko eta ipurdi ikara etenbakoek bertan emakumezkoa zela nagusi salatzen zuten. Horixe ba, atsegin eta sinpatia handiz jendearen lagun egin eta Lokuak ez gintuela kantsatu.
lokua

Powered by Castpost

2006,October 15

The Drones, soseguaren etsai

Filed under: Rock Erotik

Harrigarria. Ahozabalik, belarria txistuka eta bihotza daunbadaka nago oraindik The Drones talde australiarra barikuan Kafe Antzokian ikusi nuenetik. Ez nuen taldea inondik ezagutzen. Ez eurak, oinordekoak, ezta adituek euren aitabitxitzat jotzen dituzten Beasts of Bourbon ere. Nahikoa izan nuen karteleko aurkezpena erabakia hartzeko: “zuzeneko indartsuan izena hartzen ari den talde gazte australiarra…” Binke. Ordubetean talde honek eragiten duen fender distortsionatuen burrunbotsak ez du sentsazio erosorik transmititzen, ez du bakerik emoten, urrun ere urrun “patxadatsu” hitzetik. Taldearen aurkezpen katartikoak aurre-aurrean jartzea merezi zuen. Fiona Kitchin izeneko gaizto aurpegidun baxujole luze-lirainak ere bai, itxura batean, gero, haren pose hieratiko mezugabea ezdeusa baita Gareth Liddiard kantari-kitarrajolearen oldarraldi energikoen aldean. Erritmo aldaketa bortitzak, tinko baina arnasa hartzeko moduko tenorea ematen dute Gareth-en errezitaldi sudurkari etilikoek, zotin eta intzirika, jarrai-jarraian, garrasi batean eztarria urratuz, distortsio pedalei tripak atera beharrean, antzokia abarrots latz itogarri batez betetzeko. Ikusleon begiak, biribil-biribil, Gareth sugelandarearen gorputz jauzilari espasmodikoaren zartada-bihurraldien gainean, “sekula halakorik” esaten lez. Bisik gabeko ekitaldi zoroak , lurraren kontra kraskatu behar duen hegazkinaren pare, zoro amaitu zuen sugelandare alkandorazuriak kitarrari astinaldi ikaragarria ematen ziola. Soseguaren kontrako eta bakearen etsai, The Drones taldeak ordu mordotxoa beranduago ere hustu ezineko egoneza sartu zigun gorputzean. Ez, horratio, “beste talde bat”.
drones

2006,October 8

Ortuellako istorioak

Filed under: Rock Erotik

Euskal Jaiak Ortuellan. Ortuella ez da Reno, baina diasporako euskaldunek bezala, hemen ere bada zenbait toki, urtean behin bada ere, geure nortasun lausotua azpimarratu premia duena: programazio oparoa bariku, zapatu eta domekarako. Urriak 6, barikua, Gorbea areto txukuna:

Goizez, Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria, Gorbea irakasleak atzetik artzain dituztela bertaratutako ikasle nerabez leporaino beteta. Joxe Mari, eszenatokia handi, gazte saldo itzelaren arreta erakarri ezin eta euren haginen zuritasuna dastatu ezinik. Enparauak asko eta pastela txiki. “Eskerrik asko eta…hurrengora arte” esaten amaitu baino lehenago gazteak hanka jokoan, buuuffff…

Gauez, Juan Carlos Perez, Itoizen arima izandakoa Gorbean. Hiriko istorioak disko popero-jazzeroaren aurkezpena. Aretoan hutsuneak nagusi. 20 atzamar-behatzetatik gutxi faltan, zenbatzen hasiz gero. Kantaldia hasi baino lehen erdaraz ortuellarrak “si traen a La Pantoja esto revienta, fijo.” Hauxe da Euskal Herria ere “ondo doa“-n sasoiotako errealitatea. Juan Carlosek, Euskal Herriak emandako jenio garaikide horrek, ezin izan zuen orain 22 bat urte Bilboko La Casilla bete-betean ironiaz esandakoa errepikatu: “Zenbat euskaldun gaude hemen, e? baina ondo do, ondo do, nahiz eta hain gitxi pagauHerriz herri kontzertuetako 100 pzta. baino ere merkeago Ortuellan. J. C. Perez, doan. Pastel ederregia hain enparau gutxirentzat. Ez zen kikildu, ordea, euskal rokaren legenda bizi hau. Eszenatokia alderik alde beteta: kontrabaxua, bateria, Kitarra eta pianoa, erdi eta erdi, Perezek eta aspaldiko lagun duen Andrzej Olejniczak poloniarra buru duen haize sekzio entzungarria. Futbolean bezala zati bi egin zituzten 90 minutuak. Kitarra eskuetan eta musukitarra ahoan zuela, Dylan zaharrari keinuka, Kantu ero bat, Izar betaurrekodunak, Etxerutz, Esan baietz, Desolatio edota aspaldiko Ezekiel diskoko Eremuko dunen atzetik ikaragarria, bikain. Han geunden apurrak jarlekuek uzten ziguten neurriko dantza kontrolatuan ari ginela, Juan Carlos pianoan jezarri zen atseden premiaren aitzakiapean. Giroa Orleanstu egin zen erabat pianoa saxofoi, tronboi, tronpeta hotsekin nahastu ahala, baina kontzertuak crescendo kilikagarrian jarraitu zuen. Hau Berua, azkena. Beste bat beste bat… eztarri gutxi baina bisik ezin ukatu: Lau teilatu! eskatu zuen nostaljiko despistaturen batek eta mutrikuarrak eskuari biribilean eraginda, hurrengo batean izango zela. (Ostiralean) Mambo jostalaria eskainita asteburuaren txirrista ilunera jaurti gintuen jenioak ekitaldi haren edertasuna azken muturrera arte dastatzea erabaki genuen apurrok.

2006,October 4

ARRAKASTA

Filed under: Zaharrak barri

Arrakasta itzela izan zuen hizlariak.
Aretoa mukuru betetzea lortu zuen eta.
Hitz hutsez.
bla






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica