Too old to rock & roll…
Abuztuaren hondar egunetan, oporrek onenak emanda ja, aspaldion sona itzela hartutako ARFn (Azkena Rock Festival) izan nintzen. ARF Britainia Handiko betiko makrojaialdien tankerako irudikatzen nuen; hurbilago etorrita, Esparrago Rock, Benicassim-eta izan daitezkeenen antzeko. Baina, gaztarotik aparte xamar, Azkena izan da nire lehen festibala. Entzungor entzun behar izan dugu, bai, horrelakoetarako adinik ez daukagula ere… Hiru egun jarrai lartxo izan zitekeela-eta, bat aukeratu behar izan nuen, bitartekoa, irailaren 1ekoa. Eguerdi aldera Gasteiza heldu, eguzki kixkalgarria buruan mailukadaka nuela kanpina jarri eta zerbeza hotz desiratua eskuan hartuta hango faunari begira jarri nintzen ikuspegi zoologikoz: begien aurrean ilun kolorez jantzitako neska-mutilak, bezpera latzaren ondorioz aje aurpegia kendu ezinda; lehengo zein oraingo rock talde gurtuenen kamisetak soinean, besobeteko tatuaje itzelen estalgarri. Hizkuntza ugari rockzaleen ahoetan, euskara, gaztelera, ingelesa, portugesa, frantsesa… andaluziera* ere ugari. Dozena bat rock talde buffet librean arratsaldeko 4etatik goizeko ordu txikiak arte, enpatxu ederra hartzeko lain. Talde bi baino ez nire asmoko: Marah gogoangarriak eta New York Dolls zaharrak.
Ez dut Marah-ren gainean orain jardungo (taldea ezagutzen ez duenak irakur beza maiatzaren amaiera aldeko Birringarria izeneko txatala; beste hainbeste oraingoan ere, ITZEL), hori bai, Bielanko anaiek ondo baino hobeto jaso zuten Bilbon emandako lezioa eta Basque Country-n zirela ondotxo azpimarratu zuten.
Jaialdiko azken tadea New York Dolls izan zen: gogor hasi eta kontzertuaren erdi partean beheralditxoa izan arren, 40ak aldean ditugunok inondik inora espero ezin genezakeen pogo zoroan (Non geratu da pogoa gurean?) jarri gintuen talde amerikarrak. Ukabil-ostikada batzuk airean bota eta dozenerdi bat zaletuk berehala osatu genuen koadrilaterotxoa, betiere hankajoko eta sakakadak pogolarien artean eta esparru honen barruan mugatuta. Gauza batek harritu ninduen, koadrilateroa osatzen zuen jendetzak, eszenatokiari atzea emanda, lepo edo matalazurrekoren bat noiz jasoko zain bezala begiratzen zigun, “fanatiko basati gogorzaleon” aurrean kikilduta. Ez zuten, baina, ezeren errurik ere: 77az geroztik 80. hamarkadan jaio izana zen euren akats bakarra.
…too young to die!