Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,September 27

Barregarriok!

Filed under: Zaharrak barri

(Punkamine talde handiaren Gerra kantua azpian irakurketa girotzeko)
Aspaldi ez dela ikusi genuen, luzaroan Benidormen entrenaturiko jubilatu aldra bat, barregarri, bainuzale libanotar harrituen artean lehorreratzen… Espainia ere sasoi loriatsuagoen oroiminez munduko gatazka nagusienetan musturra sartu nahirik.kar
Irakera Santiagoren Gurutze iraingarria eramatea kasualitate izan ez zen bezala, atsekabetu egin ziren gero bakegintzan joan eta militar mordotxo baten artean espainoltxu bat garbitu zutenean, ez da kasualitatea, ninja dortokak bailiran, fusila eskuan eta motxilatzarra lepoan, Espainia bat eta bakarraren bermatzaile hauek Euskal Herrian ibiltzea euren indarren erakusketan.

Aurreko egunotan mendirik mendi Amoroton, Mendexan edo Asterrikan zehar (!!!) mendigoizaleka ibili badira, bihar-etzian Uribe kostako labarren ondoan ibiliko ei dira zerutik behera parakaidistaka… Edozein ikastetxetan OSO GUTXI izendatuko litzatekeen nota aterata Espainiar ejerzito premiatsuan sartutako soldadutxoak gerran olgetan… Non eta Asterrikan! KAR-KAR-KAR.
Powered by Castpost

2006,September 26

Pila, pila, pila patata tortilla…

Filed under: Zaharrak barri

Udako kantak beti egin ohi du bide berbera: komunikabide eta hedabide indartsuenek, telebistak, irrati modakoenek-eta uda sasoirako lelo lelo eta errazeko kanta arinen bat belarriz jo orduko, jo eta kean behin eta berriro jarri eta ez du bide luzerik egin behar izaten ikastetxe, lantegi edo tabernetako belarri merkeenetara heltzeko. Era honetan, batari entzun, besteari entzun asper-asper eginda amaitzen dugu aire jakin batzuekin.

Aurtengo udan, Euskal Herrian, ume bat baino gehiago errezelotsu ibili ei da euren diskoen arteko baten falta somatuta. “Non da Pirritx eta Porrotxen diskoa?”

Nik neuk, kafetegi batean, goizeko zortziak aldera, armosetan nengoela deskubritu nuen udako kanta euskalduna: “Maite zaitut, maite-maite zaitut pila, pila, pila patata tortila…” honelaxe urratu zuen toki hartako giro serio goiztiarra gaupasan zetorren gazte talde sasoitsu batek. Eta ekin berriro ere: “pila, pila, patata tortillaaaa…” Xelebrea iritzi nion kantatxoari eta lekuko hit-a zela-eta geratu nintzen. Geroago egunkari bateko titularrerako kanta haren izena ikusitakoan jakin nuen aire haren hedapena nik imajinatutakoa baino zabalagoa zela. Uda joan eta gero ere, Euskadi Gaztean herri askotako zikinbrillo, uletente, kaskamotz, tximaluze eta abarrak baltsio berean elkartzen zituen kanta ipintzen jarraitzen dutela. “Umeen kanta bat udako abesti?” galdetzen zidan lehengoan bere udako soinu banda agropop kantu paletoa izandako ikasle gazte ortuellar batek. Lastima Euskal Herriko uhinek Ezkerraldean hain horma sendoan tope egitea!

Powered by Castpost

2006,September 23

Soldadutzan

Filed under: Zaharrak barri

I. Instrukzio militarrean sarjentoak soldaduei aginpidez:
_ Armaaaak sorbalDARA, AAARRRR!!!!
_Jainkoarren, kainoia behearen gainera, artaburu horrek!

II. Sarjento bera soldaduoi Fisika eskolak ematen:
_Dakikezuenez urak 90ºtan irakiten du…
Soldadu beldurtiak besoa jaso eta:
_Barkatu, jauna, baina urak 100ºtan irakiten du!
_ Arraioa, egia da, 90ºtan angelu zuzenak irakiten du!!!

2006,September 12

2000

Filed under: Rock Erotik

“Año 2000-llega el año 2000″ zioen gurean Mikel Errekatzat hartu genuen rockero zahar hark eta hogei bat urte lehenago ere arimak eman ahalean kantatzen genuen zenbaki biribil harekin etorkizuna atzamarrez ikutuko genuelakoan, irudikatu ere ezin zitezkeen zer batzuen lekuko izango ginelakoan… Heldu zen, ba, aspertu arte iragarritako sasoi berri hura eta ez zuen berarekin ezer espezialik ekarri, aspaldion munduaren oreka albo-alboka jartzen ari diren gertakizunok ez badira…

Hau ere bada adarretatik ibili beharra… Ezer ere ez, alboko counter honek 2000. bisita hurbil dudala diostala eta, apal-apal, lantzean-lantzean interneteko zurkulutxo honetan sartu-urtena egiten duzuenokin ospatu nahi dudala. Oraintxe sartu behar dut txanpana kamaran.

2006,September 8

Too old to rock & roll…

Filed under: Rock Erotik

Abuztuaren hondar egunetan, oporrek onenak emanda ja, aspaldion sona itzela hartutako ARFn (Azkena Rock Festival) izan nintzen. ARF Britainia Handiko betiko makrojaialdien tankerako irudikatzen nuen; hurbilago etorrita, Esparrago Rock, Benicassim-eta izan daitezkeenen antzeko. Baina, gaztarotik aparte xamar, Azkena izan da nire lehen festibala. Entzungor entzun behar izan dugu, bai, horrelakoetarako adinik ez daukagula ere… Hiru egun jarrai lartxo izan zitekeela-eta, bat aukeratu behar izan nuen, bitartekoa, irailaren 1ekoa. Eguerdi aldera Gasteiza heldu, eguzki kixkalgarria buruan mailukadaka nuela kanpina jarri eta zerbeza hotz desiratua eskuan hartuta hango faunari begira jarri nintzen ikuspegi zoologikoz: begien aurrean ilun kolorez jantzitako neska-mutilak, bezpera latzaren ondorioz aje aurpegia kendu ezinda; lehengo zein oraingo rock talde gurtuenen kamisetak soinean, besobeteko tatuaje itzelen estalgarri. Hizkuntza ugari rockzaleen ahoetan, euskara, gaztelera, ingelesa, portugesa, frantsesa… andaluziera* ere ugari. Dozena bat rock talde buffet librean arratsaldeko 4etatik goizeko ordu txikiak arte, enpatxu ederra hartzeko lain. Talde bi baino ez nire asmoko: Marah gogoangarriak eta New York Dolls zaharrak.

Ez dut Marah-ren gainean orain jardungo (taldea ezagutzen ez duenak irakur beza maiatzaren amaiera aldeko Birringarria izeneko txatala; beste hainbeste oraingoan ere, ITZEL), hori bai, Bielanko anaiek ondo baino hobeto jaso zuten Bilbon emandako lezioa eta Basque Country-n zirela ondotxo azpimarratu zuten.

Jaialdiko azken tadea New York Dolls izan zen: gogor hasi eta kontzertuaren erdi partean beheralditxoa izan arren, 40ak aldean ditugunok inondik inora espero ezin genezakeen pogo zoroan (Non geratu da pogoa gurean?) jarri gintuen talde amerikarrak. Ukabil-ostikada batzuk airean bota eta dozenerdi bat zaletuk berehala osatu genuen koadrilaterotxoa, betiere hankajoko eta sakakadak pogolarien artean eta esparru honen barruan mugatuta. Gauza batek harritu ninduen, koadrilateroa osatzen zuen jendetzak, eszenatokiari atzea emanda, lepo edo matalazurrekoren bat noiz jasoko zain bezala begiratzen zigun, “fanatiko basati gogorzaleon” aurrean kikilduta. Ez zuten, baina, ezeren errurik ere: 77az geroztik 80. hamarkadan jaio izana zen euren akats bakarra.

…too young to die!
tull

2006,September 7

ZAPART!!!

Filed under: Zaharrak barri

Urte batzuk ere badira, DBH 4. mailako ikasle maratz pareak, neskatilak eurak, Josean Sagastizabalen beste libururen bat eskatu zidan “Kutsidazu bidea…” asko gustatuta. Nik neuk , nire ezjakintasunean, mintegian ikusia nuela eta, “Jolasean” izeneko haren lehen lana eman nien nik neuk ere ezagutu barik…

Biharamunean: “Liburu hau pixkat guarrilloa da, ezta?” entzun orduko neure hankasartzeaz konturatu nintzen. Erreakzioa liburuari heldu eta “ekarri hona” esatea, baina bizkorrago ibili ziren eurak, ZAPART!!! eskuetatik ere kendu eta “utzi, utzi, utzi…” erreguka. Utzi egin nien eta, horrela, birritan ere zuzen jokatu nuela uste dut. Batetik neure hankasartzea ametituz, bestetik irakurzaletasuna bultzatuz…

(Jozulinen BAGA, BIGA, BLOGAko azken postaren kariaz burura ekarritakoa)

2006,September 6

Mutxikin zikinak

Filed under: Zaharrak barri

Barka iezadazue erretzaile plaiazaleok,
(zuek aztertuko duzue zeuon burua)
baina egun kixkalgarriotan,
bainutik bainura bitarte,
semetxoak ezarritako hondar proiektua hasi orduko,
zeuen zigarro mutxikinak izaten ditut antojugarrien!!!ez






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica