Herio A8an
Egunean birritan lerratzen naiz A8an zehar, harakoan, goizean eta honakoan, eguerdi ostean.
Behearen gainean zeutzan errepidearen hegalean, gaur, herio koloreko aluminio izarak gainean, motorra aurrerago, larrialdietako kotxeak argiak diz-dizka, polizi-ospital gizon mordoa ohiko tramite lazgarriak betetzen, honakoan…

A8ak Euskal Herriko ipar probintziak zeharkatzen ditu ezker-eskuin ala eskuin-ezker nondik gatozen ala nora goazen. Kanpotarrak ei ziren, Kantabria aldetik sartuta, beste asko beste askotan bezalaxe, pareko ibilgailuei iskin eta iskin etorriko bide ziren, abiada gozatuz, errepide honetako trafiko beti arriskutsuari zirika.
Hotzikara sentitu dut gorputzean eta zuritasuna gogoan, egunero geure bizitza patuaren eskuetan jarrarazten digun tramankulu madarikatua baztertu nahi eta ezina hurrengo. Ez dut oraindik ere adorerik izango. Bera gabe ez ei gara inor eta, tokatzen denean, berak egiten gaitu ezerez. Eta hau egunero gertatzen da, han ez bada hemen.