Gora gu ta gutarrak!

Ez dakit kontuak ateratze hau zerbaiten seinale izango ete den baina bizitzan zehar hamar bat mundial badaroadala ebatzi berri dut.
Futbolzale eta futboljaleren arteko aldea ere ezarri berri dudala, lehenengoen artean lekutuko nuke neure burua: Athletic-en guruzbideak sufritu bai, baina ez beste edozein talderen edozein neurketa irensten dutenetakoa.
Mundiala hasi zaigu gaur bertan, Alemanian. La Sextak emango ete zituen lehenengo, gero Cuatron ere ikusiko ei dira, digiaparailu mordoa hipermerkatuetan, nork bere futbol platerkada izan dezan elikagai. Zertaz eta norekin hitzegin izan dezagun eta hilabetean zehar nor izango bagara.
Nik neuk, partidurik ikustekotan, etxe azpiko taberna izango dut harmaila eta han elkartuko naiz euskal selekziorik ezean, auzoko espainolei adore ematen dietenekin: geure ligakoak dira-eta… Xabi Alonso gixajoa ere bertan da-eta…
Sistemaz izan naiz Espainiaren aurka diharduenaren aldekoa eta, gainera, ezin ditut jasan aurkariari batere errespeturik zor ez dioten esatari ahobero kalakari horiek.
Patxi Alonso bilbaino-athleticzale–harropotozorria buru (dirua non, arima han) Valdano futbolfilosofo-argentinar-kantsagarri royalmadrildar ohia eta atzeko enparau koadrila aurten La Sextan (entzun al duzue Jorge aspaldi ez dela helikopteroz izandako istripu baten berri, luze eta luze, mundua gogaitarazten?).
Geure taldeek, unean unekoak, sartutako gol guztiak, azkenengo eguna bagenu bezala, orroeka ospatzeko prest nago ja. Tabernaide izango dudanen baten begirakunearen meatxua kokotean zirika izan arren. Ai Korearen izpiritua berpiztu eta Ukraniak-edo hasi orduko etxerako pasaportea emango balie!