Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,June 28

Punkamine

Filed under: Eman ta zabal zazu

Botika izena zela pentsatu nuen lehenengoz entzun nuenean, baina ez. Punk-hitzari miñe busti gabekoa gehitu eta horra hor sasoi bateko Sex Pistols-en nostaljiapean bizi den talde kañeroa: Punkamine, Anarchy in the EH.

Asel Luzarraga du buru taldeak eta ekain ajatu honen azkenetan sartu da poxporua eskuan duela euskal blogosferari su eman nahirik. Ondo etorri, Asel!

http://www.goiena.net/blogak/asel

Oharra: logoa ikusita, punkaren mihia aditu behar ete, igual?

2006,June 27

C´est la vie

Filed under: Kirol ez kirol

Gaur, zortzienetan, ez zegoen biak etxerantz bialtzerik. Gehien molestatzen nauenarengandik hasi behar. Honen aurkariaren alde: Gora Frantzia! Beste edozein izan zitekeen, izena gutxienekoa da.

“Son unos vejetes”, “Os van a caer un saco”, “Vamos a jubilar a Zidane”… kirolean aurkariari zor zaion errespetutik batere ez behe auzoan gehien saltzen den (kirol)egunkarian.

Mundialak beti ezartzen du bere iragazkia eta talderik finenak, hala nola, Brasil, Alemania, Argentina-eta pasatu egiten dira galbahe estu horretan. Arazo gehiagorekin Inglaterra edo Italia (ez ei dira ezer mundiala hiru bider irabazita) eta, gaur, hegoaldekoon pozerako, Frantzia laurdenetara.

Ukraniarren kontrakoa kenduta gutxi erakutsi du Espainiak. Beste behin ere kea izan da salgai eta orain zezen mekanikoaren erre usaina da nagusi bazterretan. Ea laurdenetan goi auzoko oilarra kixkaltzen zaigun, gora Brasil!

Orgasmoaren hotzikara goxoa

Filed under: Zaharrak barri

Bikote heterosexualetan gehien-gehienetan andrazkoari egozten zaio buruko minagatik txortan ez jarduteko aitzakia.

Gaur bertan entzun dut irratian eta ez zaio arrazoirik falta: orgasmoa ei da buruko minon kontrako sendagai egokiena azken-azkenengo ikerketa medikuen arabera. Izan ere, txortaldiaren gailurreko hotzikara kate goxoa sentitzean, edozein min edo edozein arazo izan daiteke hutsal.

Berria entzutearekin batera, harako txiste gordin hura etorri zait burura:

-Joxepa, eutsi aspirina kaxa hauek! - senarrak botikatik etxerakoan.
-Ez daukat buruko minik-eta, Txomin…
-A, ez! Orduan abante gelara eta TRAKATRA!!!

2006,June 19

Zipriztinak

Filed under: Zaharrak barri

Gelako iluntasuna zulatzen duen laukia aurrean
Zzzzzi, zzzzzi, zzzzzi, zzzzzi…
hezetasun usaina
leihoan barrura,
aspaldiko partez.

Bustiaren gainean
motor hotsak
gaua urratu du
brrrrrfsssshhhhhh
eta, putz batean,
leihoan barrura
bafada freskoa etorri da bisitan,
aspaldiko partez,
zipriztin eta guzti.
euria

2006,June 14

Herio A8an

Filed under: Zaharrak barri

Egunean birritan lerratzen naiz A8an zehar, harakoan, goizean eta honakoan, eguerdi ostean.

Behearen gainean zeutzan errepidearen hegalean, gaur, herio koloreko aluminio izarak gainean, motorra aurrerago, larrialdietako kotxeak argiak diz-dizka, polizi-ospital gizon mordoa ohiko tramite lazgarriak betetzen, honakoan…
+

A8ak Euskal Herriko ipar probintziak zeharkatzen ditu ezker-eskuin ala eskuin-ezker nondik gatozen ala nora goazen. Kanpotarrak ei ziren, Kantabria aldetik sartuta, beste asko beste askotan bezalaxe, pareko ibilgailuei iskin eta iskin etorriko bide ziren, abiada gozatuz, errepide honetako trafiko beti arriskutsuari zirika.

Hotzikara sentitu dut gorputzean eta zuritasuna gogoan, egunero geure bizitza patuaren eskuetan jarrarazten digun tramankulu madarikatua baztertu nahi eta ezina hurrengo. Ez dut oraindik ere adorerik izango. Bera gabe ez ei gara inor eta, tokatzen denean, berak egiten gaitu ezerez. Eta hau egunero gertatzen da, han ez bada hemen.

2006,June 12

Umegintzan

Filed under: Zaharrak barri

Hirugarren barik neska-mutiko bi izatea ez da marka makala dinkion sasoiotan, baina blog kontuan aholkulari dudan Patxo-eta (barka biezat emazteak orain bertan izenik burura ez ekartzeagatik) umeak izatetik umegintzara pasatu dira: June, Martin…eta Eneko gaur. Zuek bai eusko gudari! Zorionak eta bejondeizuela!

2006,June 9

Gora gu ta gutarrak!

Filed under: Kirol ez kirol

2006
Ez dakit kontuak ateratze hau zerbaiten seinale izango ete den baina bizitzan zehar hamar bat mundial badaroadala ebatzi berri dut.

Futbolzale eta futboljaleren arteko aldea ere ezarri berri dudala, lehenengoen artean lekutuko nuke neure burua: Athletic-en guruzbideak sufritu bai, baina ez beste edozein talderen edozein neurketa irensten dutenetakoa.

Mundiala hasi zaigu gaur bertan, Alemanian. La Sextak emango ete zituen lehenengo, gero Cuatron ere ikusiko ei dira, digiaparailu mordoa hipermerkatuetan, nork bere futbol platerkada izan dezan elikagai. Zertaz eta norekin hitzegin izan dezagun eta hilabetean zehar nor izango bagara.

Nik neuk, partidurik ikustekotan, etxe azpiko taberna izango dut harmaila eta han elkartuko naiz euskal selekziorik ezean, auzoko espainolei adore ematen dietenekin: geure ligakoak dira-eta… Xabi Alonso gixajoa ere bertan da-eta…

Sistemaz izan naiz Espainiaren aurka diharduenaren aldekoa eta, gainera, ezin ditut jasan aurkariari batere errespeturik zor ez dioten esatari ahobero kalakari horiek.

Patxi Alonso bilbaino-athleticzale–harropotozorria buru (dirua non, arima han) Valdano futbolfilosofo-argentinar-kantsagarri royalmadrildar ohia eta atzeko enparau koadrila aurten La Sextan (entzun al duzue Jorge aspaldi ez dela helikopteroz izandako istripu baten berri, luze eta luze, mundua gogaitarazten?).

Geure taldeek, unean unekoak, sartutako gol guztiak, azkenengo eguna bagenu bezala, orroeka ospatzeko prest nago ja. Tabernaide izango dudanen baten begirakunearen meatxua kokotean zirika izan arren. Ai Korearen izpiritua berpiztu eta Ukraniak-edo hasi orduko etxerako pasaportea emango balie!

2006,June 7

Podcast-a

Filed under: Zaharrak barri

Hona Audacity-ren bidez podcast-a sortzeko gure lehenengo saioa:


Powered by Castpost

2006,June 3

Vivaldi izeneko kanta arraro bat

Filed under: Zaharrak barri

-Aitetxu, eskolan oso izen arraroa dekon kanta bat entzuten dogu, lasaitzeko…
-Zein da, ba, izen arraro hori?
-Vivaldi. Eta udabarrikoa dau eta negukoa be bai.

Guraso berrion artean sarri baino gehiagotan seme-alaben xelebrekeria eta ateraldiak izaten ditugu hizpide eta aste honetan gureari entzundakoak musika klasikoaren inguruko eztabaida ekarri zuen.

Gure sasoian ez bezala, ume txikitxoenei eskolan musika mota hau hurreratzea kulturalki aberasgarria eta biologikoki lasaigarria iritzi genion. Denak ados.

Entzuten ditugun musikak entzuten ditugula musika klasikoaren edertasuna aitatutakoan, sublimazio moduko batez aritzen gara, sasoi batean irakurzaleen artean Herman Hesse ahoratzen zenean lez, gehienetan arlo horretan dugun ez jakintasuna izkutuan gorde asmoz. Bai eta ez. Polemika.

Gaurko egunez lasai-lasai bota dezaket musika klasikoa ez zaidala lar gustatzen; Pachelbel-en Canonetik haratago ez naizela mota honetako kanta bat behin eta berriro entzuteko kapaz; entzun badut, Urte Berri eguneko goiz ajetsuan ski jauzien osteko saio bienarrean, dentistaren edo beste edozein medikuren itxarongelan entzun dudala eta ezin dudala giro horiekin lotzerik ebitatu; gure bizimodu zoro honetan kotxean joateko, etxeko lanak egiteko, lagunekin berriketan jarduteko edo trago bat hartzeko nahiago ditudala beste musika batzuk bihotz-arimak martxan jartzeko.

Adinean aurrera joateak konplexuren batzuk aidean botatzen laguntzen du eta, komaidios, eskertzen da.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica