Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,May 28

Birringarria

Filed under: Rock Erotik


Neure hirugarren hamarkadaren buztan-buztanean, maiatzak 26, izan naiz lehenengo bider Bilboko Azkena aretoan. Marah taldea zen bertan entzungai eta, aspaldiko partez, oso-osoan bete nauen ekitaldia ikusi dut. Ez daukat buruan sasoi hauetan elektrizitateari maila honetan ekiten dion beste talderik, munduak gau horretan bertan amaitu behar balu bezala eman ahalean, ekin eta ekin!!! Kanta zatia kanta zatiaren hurrengo, eten barik… Springsteen, Dylan, Replacements, Wilco eta The Faces irabiagailuan sartu eta fresko-fresko edan. Rock´n´roll amerikarraren biziraupenaren esperantzetako bat, inondik ere.

Bizia, hurrekoa, izerditsua, indartsua, zirraragarria, kixkalgarria… Bielanko anaiak buru dituen Philadelphiako boskotearen saioa.
Ez naiz adjektibo arranditsuen zale baina lotsa barik luzatuko nuke katea, lagun bati kontzertu hau ikusteko arrazoi parea eskatutakoan, badaezpadakotzat hartutako adjektibo handiari jarraiki: “…tienen un directo demoledor…”

Arrazoia zuen Enrikek. Birringarri eta soseguaren etsai jardun zuen Marah-k ordu eta erdi luzean. Gaurko gorputz berrogeikari birrindua lekuko.


Powered by Castpost






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica