Motozebra
Agindua zor izaten ei da eta aurreko txatalaren haritik, Anariren ekitaldiaz jardungo dut. Itzela. Lehenengo aldiz izan nuen Anari aurrez aurre eta harritu egin ninduen aro berriko beste euskal artista batzuek ez bezala, emakume honek erakarritako jende oldeak. Antzokia bete lagun. Inguruan izan nituen puristenek ez bezala ikaragarri gozatu nuen kantaldiaren elektrikotasunarekin. Barkatuko dizkidazue konparazioak, baina Petti handiaren arima biki femeninoa ezagutu nuen nik, tarteka, Patxok lar iritzi zion banda lagun, atmosfera elektriko Neil Youngdarrak sortuz. Orain zurru-zurruka, orain ahots zartatuz eztarria urratu arte eman ahalean, beti ere hitzak tatarrez; orain deabruzko tramankuluari eskuez ateratako txistu hotsa miresgai , orain aroztegiko zerra arruntari ateratako tarratotsa lagun. Soinu indartsua, ekina erritmoan, sarkorra eta etenik bakoa, motozerra hotsa bezain temati , motoze(b)rra.