BIZKARZABAL izen bati adjektiboa gehituz adjektibo berritzat hartuko genukeen hitz hau ulergarria eta, areago, erraz irudikatzeko modukoa dugu: 4X4 piuradun gizasemea, luze bezain zabal, gorputzeko giharretako bakoitza klenbuterolez puztutakoa eta asteko egunetako bakoitzean, ahal dela, gimnasioko ispiluen aurrean bere gorputza miresgai duena, esaterako.
BIZKARZAIN Euskal Herrian, aitatutako bizkarzabaletako asko, gimnasio monitore eta diskoteka atezain darraitenak kenduta, ETAren mehatxupean bizi izan diren politikarien geriza izan dira luzaroan, inoiz ezbeharren bat gerta zekiekeen beldurrez bizi izan diren politiko kikilduen bizkarren jagole.
BIZKARROI Inoren lepotik bizi denari zaio adjektibo hau. Asko eta asko dira estatu espainiar osoan, orain arteko enplegua ETA erakunde armatuari zor diotenak. Esandakoaren adibide xume, oinezko arruntok mister izangai edota lepazain zabalokin batzen garen gimnasioetako batean ahapeka entzundakoa:
- Ilun jarriko zaigu orain lan panorama…
Zeuek atera kontuak…